Euskara eta edukiak Interneten: mahaingurua bihar, mintegi bat aurrerago
Deialdia irekia da eta zabalik dago gai honekin interesatuta dauden edonorentzat. Hortxe duzue ekitaldirako deialdia. Partehartzaileen interbentzioez gain, UEUko Informatika Sailak zenbait enpresa eta eragilerekin egin asmo duen mintegi baten prestakuntza abiatzeko balioko du ostiraleko Eibarko elkarketak.
Izan ere, udazken partean Interneteko euskarazko edukietan lanean diharduten elkarte, enpresa, profesional eta erabiltzaileentzako mintegi bat antolatzeko intentzioa dago. Gaiak, enfokeak, partehartzeak...
Mintegi hori prestakuntzarako aukera bat izan daiteke, Internet eta komunikazio arloan dabiltzan profesionalentzat, ikasleentzat (hainbat alorretan: kazetaritza, marketinga, diseinua...), interesa duen edonorentzat. Zeren gainean prestatzeko? Adibidez: marketing, diru-iturriak, egile-eskubideak, eleaniztasuna, weblogak, ...
Eztabaida eta hausnarketarako aukera bat ere izan liteke mintegi hori. Adibidez, herri informazioa eta sarea; klusterraren aukera (hizkuntza industrien klusterra? edukien euskal klusterra?)...
Hemen esandako hauek, noski, zirriborro bat besterik ez dira. Ostiraleko elkarketan egongo da agian hauen inguruan tratatzeko aukera, eta gerora ere, UEUko Informatika Saila eta mintegi honen abiatze-lanean parte hartu duten eragileak irekita daude ideia, proposamen eta abarretara.
Gonbidatuta zaudete, beraz, mahai-inguru honetara, eta baita gerora begira oraindik zehazten dihardugun mintegi horretara.
UEUko Informatika Sailetik,
Iñaki Alegria eta Luistxo Fernandez
Erantzunak kargatzen...