Shin Chanek gero eta ohiartzun handiagoa
Gura duenak egunero ditu bere abenturak ikusgai Euskal Telebistan eguerdian eta arratsaldean. Orain hilabete inguru Euskadi Gaztean elkarrizketa egin zioten, albistegietan bere izena aipatu dute...
Euskal Herrira heldu den azken marrazki biziduna da, eta bestelako istorioak dakartza telebistara. Bart Simpson amerikarraren japoniar eredua izan gura duen bost urteko mutikoa da Sinnosuke edo Shin Chan. Umoretsua, bihurria, lizunkeriak gustuko dituena, gurasoak lotsagarri uzten dituena Bestelakoa da Shin Chan.
Lau urteko umeak eta hogeitaka urteko gazteak, guztiak bereganatu ditu Shin Chanek. Egunkari eta albistegietan bere tokitxoa izan du. Irudiak, musika, bideoak eta jokoak jasotzen dituen webguneak ere barra-barra ditu. Hala ere guraso bat baino gehiago dago kezkatuta ume eta gaztetxoentzat eredugarri ote den, eta askok ez diote uzten etxeko txikienari marrazki bizidun horiek ikusten. Emanaldi ordutegiak , aldiz, kontrakoa dio justu; etxe askotan haurrari, telebista begira dagoela, jaten ematen zaion orduan botatzen baitute Shin Chan.
Euskal Herrian ez ezik Katalunian ere ematen dituzte Shin Chanen abenturak, Kataluniako telebista publikoak hain zuzen. Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, ordea, hainbat kexa jaso ditu gurasoengandik, hamahiru urtetik gorako gaztetxoei zuzendutako marrazki bizidunak izanik txikiak telebista aurrean dauden ordutegian eman dituztelako batez ere. Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren erantzuna honakoa izan da:
- Aipatutako marrazki bizidunek ez dutela araudia urratzen, ez baitute etxeko txikiak mindu ditzaketen irudi edo mezurik.
- Onartzen du sexuaren inguruan berba egiten dela sarritan, baina ez du sexua argi eta garbi agertzen den eszenarik.
- Egia da gurasoen agintea zalantzan jarri ohi dela.
- Emakumeen irudi estereotipatua ematen da: etxeko andreak, sexu-objektuak eta kirioak airean beti.
- Ez darabil, ordea, hizkera zikinik.
- Ez du biolentziarik erabiltzen.
Hala ere Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak ordutegiz aldatzeko eskatu dio Kataluniako telebistari, eta 19:10ean ematetik 19:40an ematera pasatu dute.
Zenbat buruhauste sortu dituen gure Shin Chanek. Kalean dagoeneko ama bati baino gehiagori entzun zaio bere seme alabak ipurtandi edo titi txiki deitu izan diola. Eta horren aurrean zein aurpegi jarri?
Erantzunak kargatzen...