Sustatu logoa Teknologia albisteak

Eurovision-en aitzakiarekin, ezagutu Estonia eta Tallinn

Luistxo - Eibar.ORG
2002-05-24 10:05

Duela bi urte, familiarekin Estonian abuztuko oporrak pasatzeko aukera izan nuen, bertako lagun batek gonbidatuta. Zoragarri pasatu genuen. Ze paraje eder, ze herrialde bizia, ze hiri dotorea Tallinn hiriburua. Estoniara iristeko modu arruntena da Helsinkira joatea, Finlandiako hiriburura, eta handik ontzi bat hartu ordu eta erdian Tallinn-era iristeko, itsasoaren beste aldean. Eta horrek ematen du lehen sorpresa: Finlandia eta Helsinki toki ezaguntzat ematen baditugu ere, Helsinki bera zeharo hiri berria da, ez du 200 edo 300 urte baino gehiago.

Estoniara iritsi, Tallinn ikusi eta konturatzen zara Finlandia milurteetan eremu izoztu bat izan zen bitartean, Estonia bazela zerbait mapan. Erdiaroko eta ernazimenduko harresi, gaztelu, eta kolore guztietako konkistatzaileen jauregiz dago josia Tallinn. Eta hala ere, Estonia, zer izan da garai horietan? Zapaldutako herria.

Tallinn izena Daniarren hiritik dator, etimologiaz. Daniar edo vikingoak, alegia. Suediarrak ere tartean, konkistatzaile. Eta haien ondotik, Erdiaroko Zaldun Teutonikoen garaietatik, alemanak. XIX. mendera arte, herrialdeko nagusi eta jauntxoak alemanak izan ziren. Kultura jasoa alemanez zen. Haien indarra jaitsi zenean, ez zen ordea, estoniarren mesede izan, Errusiaren alde baizik. Eta aurreko mendeetan, Estoniaren nortasuna alemanek suntsitzeko zorian izan zen bezala, XIX. mendetik 1990. urtera ingurura arte, Errusiaren menpe egon zen arrisku bera (1918-1937 tarteko errepublika independentea salbu).

Sobiet Batasunaren presioa, 20. mendean, gogorra izan zen gero. Errusifikazio politika latza egon zen, eta ia erdia izatera iritsi ziren errusiarrak estoniarren artean. Baina... hara, porrot egin zuen inperio gorriak, eta Estonian errejimen nazionalista bat ezarri zen independentziarekin, 1991. urtean.

Geroztik, panorama zeharo desberdina da. Hizkuntza eta nazionalitate politikak, adibidez, zeharo zorrotzak dira errusiarrekin, eta hiritar asko dago Estoniako nazionalitatea lortu barik, ezin botorik emanda. Errusiera entzuten duzu kalean, errusiarrak bizi diren auzoetan-eta, baina kale agerpena minimo-minimora bajatu da. Hemengo euskararen aldeko politika abertzaleen irismenarekin alderatuz gero...

Horrez gain, zer nabarmendu Eesti edo Estoniaz?

  • Internet eta teknologia erabilpenean Ekialdeko Europa osoan ez dago Estonia baino aurreratuagorik. Ekonomian, kapitalismoaren saltoa oso handia izan da, era berean.
  • Basoak. Estonia baso handi bat da, lau-laua. Etxeak eta herrixkak ere, baso erdi-erdian egoten dira, zuhaitz azpian literalki. Perretxikoak ere ugari, eta perretxiko biltzaileak, hara, nagusiki andrazkoak izaten dira (eta errusiar jatorrikoak batik bat).
  • Sauna. Ez esan estoniarrei asmakizun finlandiarra denik... besterik ez zuten behar! Hori bai, saunan sartu eta nork bere bizkarra juniperoen adar latzekin torturatzeari ze gusto hartzen dioten nik ezin ulertu.
  • Itxura. Denak oso altuak. Halako neska ilehori hankaluzeak gustatzen zaizkionari...
  • Tallinn. Hiriburua benetan toki xarmangarria da, muino batean bildutako bere kasko zaharrarekin.
  • Tartu. Hiri unibertsitario bat. Kuriosoa eta polita. Hiriko kaleak dira kanpusa... Salamanca ezagutu baduzue, baina elizkoikeria gutxiagorekin.
  • Hizkuntza. Ez dira indoeuroparrak, uralikoak baizik, finlandieraren senide. Ahaztu zait ikasi nuen apurra. Kaixo esatea erraza da, behintzat: Tere, tere! Hizkuntza akademia bat daukate, hori bai, software zehaztapenez ere arduratzen dena...
  • Loturak. Horra mordoxka bat Aurkin eta bereziki, euskara-estoniera hiztegitxoa Sven-Erik Soosaar hizkuntzalariaren ezkutik.
  • Abiadore eibartarrarena. Estonian kale bat bere izenean (izen okerrarekin bada ere!) daukan Armada Sobietarreko abiadore eibartarraren kasu bitxia...

Bueno, egia esanda, azkenengo kontu hori beste toki batean kontatu dut. Jarraitu nahi duenak, hementxe du aukera.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu