Liburutegietako mailegu eskubidea eta egile eskubideak
Koldo Biguri EIZIEko lehendakariak, bere elkartearen kezka bat azaldu zuen Argia aldizkariko zenbaki batean duela aste batzuek (1848. zkia, 2002-03-31).
Mailegu eskubidea
Euskal Itzultzaileen Elkartearen (EIZIE ) azken batzar nagusian aipatu genuen lanean hasi beharra dagoela Euskal Herrian Administrazioak "mailegu eskubidea" onar dezan. Azal dezagun, bada, zertan datzan gure artean berria den kontzeptu hori.
Azken bolada honetan, diskogintzaren mundua presio handia egiten ari da kopia pirata deitzen direnak eragiten ari zaizkion kalte ekonomiko handiengatik, eta presio horren ondorioz, agintari politiko eta administratiboak sentibera agertzen hasi dira arazo horren aurrean, batez ere diskogintzako enpresa handiek indar ekonomiko handia daukatelako, piratek eginiko kalteak kalte. Ez da ahaztu behar, adibidez, kantu bat irrati edo telebistan ematen den bakoitzean, halako "eskubide" ekonomiko batzuk sortzen dituela diskogileentzat eta, beraz, baita kantari edo musikarientzat ere.
Bestalde, liburuaren mundura etorrita, Europako herri askotan aspaldi konturatu ziren fotokopiek ere izugarrizko kaltea eragiten ziotela sektoreari, eta horren bidez hainbat entitate jaio dira, liburuak fotokopiatzeko lana egiten duten denda edo organismo desberdinek kalteordain bat eman dezaten, haien lan horregatik saltzen ez diren liburuen truke.
Alegia, sormena oinarri duten liburu eta diskogintza mundua ohartu da borroka egin behar duela egile eskubideen alde, horiek baitira azken finean sektore horien etorkizuna bermatzen duten bakarrak. Eta borroka hori, esan bezala, bere fruituak ematen hasia da.
Baina badago beste alor bat oraindik gure artean ukitu ez dena: liburuen kasuan, liburutegi publikoetan edo unibertsitate- liburutegietan egiten den mailegua. Izan ere, kopuru zehatzaren berri izan gabe ere, esan daiteke Euskal Herrian dauden liburutegi publiko guztien artean ehundaka mila liburu mailegu egiten direla urtean, eta liburu horiek denak, beraz, behin bakarrik saltzen diren liburuak dira. Alegia, liburugintzan diharduten idazle, itzultzaile, argitaletxe, marrazkilari eta abarrek behin bakarrik jasotzen dute dagokien ordaina, ehundaka aldiz mailegatzen den liburu bakoitzeko. Eta, zer esanik ez, liburugintza sektorean mugitzen direnetatik, sortzaileak (idazle, itzultzaile eta marrazkilariak) dira kaltetuenak; izan ere, argitaletxeek laguntzatxo batzuk lor ditzakete enpresa diren aldetik edo kultur eragileak diren aldetik; baina sortzaileek ez dute holakorik izaten.
Esan gabe doa, liburutegietako mailegu publikoak betekizun sozial eta kultural ezinbestekoa dauka edozein herritan, baina horrek ez die zertan kalte egin hain zuzen ere liburu horien izana posible egiten duten eragile desberdinei. Bada, hemen kokatzen da goiburuan ipini dugun kontzeptua: "mailegu eskubidea". Hots: liburugintzako sektore desberdinek eskubidea eduki behar dute mailegu horren truke halako ordain duina jasotzeko. Eta hau, esan bezala, are nabarmenagoa da sortzaileen kasuan, berauek askotan onartu behar dituzten lan baldintzak eta irabaziak ez direlako bat etortzen (are gutxiago, euskararen esparrura mugatzen bagara) liburu bat idatzi edo itzultzeak dakarren ahalegin eskergarekin. Jakina, kontua ez da, batzuetan esaten den bezala, idazkuntza edo itzulpengintzatik soilik bizitzea, baina bai behintzat horrek ematen duen lan handiak erantzun duinagoa izatea orain duena baino.
Europako iparraldeko herrialdeetan aspalditik asmatua dute sistema bat mailegu publikoaren eskubideak idazle, itzultzaile eta abarrei itzultzeko, neurri batean behintzat. Adibidez, fundazioak sortu dira, sortzaile horiei lanerako bekak, laguntzak edo pentsio osagarriak emateko, edota sortzaile horiek biltzen dituzten elkarteen kultur ekimenak finantzatzeko.
Frantzian ere hasita daude eztabaidatzen "droit de prêt" delakoa, eta interesgarria da ezagutzea liburugintza sektoreak dauzkan planteamenduak: mailegu publikoak doanekoa izaten jarraitu behar du beti ere; baina egile eskubideak errespetatu behar ditu Administrazioak. Horretarako, bi finantzazio iturri proposatzen dituzte: batetik, liburutegi publikoek erositako liburu bakoitzeko, 1,5 euro ordaindu behar dizkie Estatuak egile eskubidea dutenei (unibertsitateen kasuan, 1 ?). Bestetik, liburu horien salneurritik % 6 itzuli behar da sektorera; kopuru horretatik zati bat autoreentzako (idazle, itzultzaile eta abarrentzako) pentsio osagarriak finantzatzeko eta literatur sorkuntzarako eta itzulpenerako laguntzak emateko. Eta beste zati bat erdibana jaso behar dute, zuzenean, autoreek eta argitaldariek.
EIZIEk dagoeneko azaldu dio hau guztia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuari eta espero dugu Legebiltzarrak lege bat egin dezala delako "mailegu eskubidea" arautzeko. Euskara bezalako hizkuntza txikien kasuan, literaturarentzat eta, oro har, liburugintza sektorean lan egiten duten guztientzat funtsezkoa izan daiteke, eta, zalantzarik gabe, zuzena eta bidezkoa
Koldo Biguri EIZIEko lehendakaria
Erantzunak kargatzen...