Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bizkaiko txakolinak Getariakoa jan?

mikel irizar
2002-05-09 22:05
Erraz galtzen dugu neurria eta berehala bihurtzen da azken euritea mendeko handiena. Antzeko zerbait gertatzen da txakolinarekin, askok uste baitu Getarian asmatu zela eta han bakarrik egin daitekeela ona. Bidaiatuenek entzun dute Bakion bazela zerbait, baina gorria edo. Gauzak, ordea, oso bestelakoak dira.

Txakolinak Bizkaian 800 urte inguru ditu, eta Gipuzkoan 200. Joan den mendean, filoxera izurrite batek ondatu zituen mahasti gehienak eta, ondoren, pinuek eta fabrikek eman zioten errematea. Getaria ondo samar libratu zen eta inon baino hobeto eutsi zion, baina han ere txakolinak ez zuen etorkizun handirik orain 30 urte. Txomin Etxaniz upeldegiko Txuekatarrak izan ziren susperraldiaren aintzindariak, txakolinari ardogintzaren teknika berriak ezartzen hasi zirenean.

Asko ugaldu dira harrezkero mahastiak eta upeldegiak, beti ere Getaria aurretik. Baina deitura hau mugatua dago, Aia, Getaria eta Zarautz bakarrik hartzen ditu. Bizkaikoak, aldiz, 85 herri hartzen ditu, ia herrialde osoa. Araba ere badator, baina atzerago. Hiruzpalau urte barru Bizkaiak berdindu egin lezake Getariaren ekoizpena. Eta gero, agian jarraituko du Bizkaian txakolinak aurrera, baina Gipuzkoan ezin.

Merkatua txakolinaren egarri dago, baina upeldegi gehienek inguruan saltzen dute ekoizpen guztia, eta ez dute kanporako txakolinik izaten. Ardo estimatua da, asko findu da eta txuri onen parera iristen da kasu askotan. Upeldegi batzuk albariñoa hartu dute eredu, ardo honek kalitate oso ona eta salneurri altua lortu bait ditu bi hamarkadatan.

Orain bertsotarako bi puntu: Getariako deitura ireki egin behar litzateke eta Gipuzkoakoa bihurtu? Eta deituren arteko lehia bultzatu behar da, ala 'txakolina' izeneko deitura bakarra sortu?


Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu