Teknologia albisteak
1

"Putz"en azkenekoa dela eta

Erabiltzailearen aurpegia
Jon Arano - Ostiela
2002-04-30 : 21:04

Ondo iruditzen zait Pako Aristik bereak eta bi botatzeak azken Putzean. Berak esanikoak berak defendatu beharko ditu, ordea, bertsolari jendeen eta besteen aurrean. Ederki iruditzen zait Putz-ek hiru ordutako elkarrizketa laburtzea...


Ondo iruditzen zait Pako Aristik bereak eta bi botatzeak azken Putzean. Berak esanikoak berak defendatu beharko ditu, ordea, bertsolari jendeen eta besteen aurrean. Ederki iruditzen zait Putz-ek hiru ordutako elkarrizketa laburtzea eta bederatzi orrietara errenditzea. Ze erremedio! Pakok esanikoen izpirituari eutsi dion bitartean, eta ez dut dudarik egiten horretaz, ze bestela Pakorekin konpontzen lanak izango bailituzke Diego Martiartuk (baina ez, dirudienez Pakok balekoa eman zuen). Ederto iruditzen zait Sustatuk bere webgunea eskaintzea berriak zabaltzeko eta eztabaidak pizteko.

Baina Juan Luis Zabalak Egunkariako Begian esandakoekin bat nator (ez dakit nola ez duzuen sartu joandako larunbateko bere Zazpi begiko iritzia --"Barruan daukagun lekua mugatua da"-- eztabaida horretan...): "Putz-ek elkarrizketa egin Pako Aristiri, Pako Aristik sekulakoak bota, Sustatuk sekulako horietan sekulakoenak aukeratu eta sareratu, erantzunak jaso, polemikatxoa piztu eta, hara miraria!, orain denok hurrengo Putz noiz eskuratuko! Jokaldi bikaina (...).

Zer pentsatua ematen du horrek: Internetek kultura arloko --edo edozein esparrutako-- eztabaida piztu eta suspertzeko izan dezakeen eraginkortasunaren frogagarritzat joko dute batzuek; horrelako eztabaidek errazkeria eta azalkeria indartzeko baino ez dutela balio irudituko zaie beste batzuei".

Ez nago polemikatxoak montatzearen kontra, merkekerian erortzen ez garen bitartean. Nemesio Etxanizek zioen Holliwoodeko zine iztarrak edo starrak montatzen zituztenen moduan eginikoak onuragarriak liratekeela euskal kulturarentzat. Eta Putz-Sustatuk ere egin dute beretxoa; garai batean Ostiela!-k ere montatu zuen beste bat (Matias Mujikaren libeloaren kontura) eta zer esana eman zuen, orain dela gutxi arte ere... Eta txarrerako izan bazen ere, azkenean onerako izan zelakoan gaude oraindik.

Gertatzen da errazkeria eta azalkeria ere azaltzen dela halakoetan. Begiratu bestela Aitor Egurenen erantzunak: aditzeraz ari da gaiaz, "Paco" Aristi ezagun duen ez dakit, baina Putz ez du ezagutzen, Ostiela! ez dakit, lagunek esaten dioten gauzekin dabil eta segituan "Bazegoen Ostiela kalean eta orain bi produktu daudela" dio, eta ea nor jausiko den lehenengo, Putz ala Ostiela!...

Amigo: Ez bahekian ere, Matias Mujikaren libelo garaian ere, jendeak Ostiela! ezagutu gabe, libeloa irakurri gabe, aditzeraz hitz egiten zian, irakurtzen zutenak fotokopiak irakurriz... Agian berandutxo esaten diat, baina jakin ezak Ostiela!-n 1.000 orritik gora atera dizkiagula, ia 7 urte ibilbidean eta denetik atera diagula. Putz-en lana ere ez duk makala, 14. zenbakian zoaztik, bi urte eta pikutan.

Bestalde, hitz batzuk Sustatuko nire "Laguna"-ri. Joandako ostegunean hurrengoa bidaltzen dit Sustatu-tik "Zure lagun batek": Sustatu albistegiko albiste bat gomendatu nahi dizut: Hona bere mezua: Ostiela-ren konpetentzia egiteko jaio omen dela Putz, eta ez duela ezer balio".

Nork ez du ezer balio? Uste dut Putz eta Ostiela! ondo ari garela. Ez dut uste hori zioenik Aitor Egurenek; badakit, ordea, saltsa sortzea zela nik jasotako mezu horren helburua. Eta ez zait gaizki iruditzen. Baina, azkenean, berandutxo bada ere, Sustatuko lagun horrek gura bezala parte hartzen badut, zera esateko da: ez naizela jausiko ez Putz-ekin ez beste inorekin errietan. Elkarrizketa batetik abiatu, eztabaidan segi, polemika antzuetan erori hurrena eta elkar larrutzen akabatu behar ote dugu?

Nire iritzia bestelakoa da. Atomizazioa ez baino elkarrekin bildu behar genuke, edo gutxienez eztabaidatu. Geroz eta aldizkari, argitaletxe txiki, zuen bezalako gune, e.a. gehiago daude gurean. Irrati libre batzuk eta afinitate bat senti dezaketen bestelako euskarazko medioak ere badira (Entzun!, Aizu!, Gaztetxulo, Napartheid, Nabarra, herri aldizkariak, eta orain nahi gabe ahazten ditudan zenbait).

Bakoitzak bereari eutsi nahi dio, baina ez dugu oihartzunik/eraginik lortzen. SA-KA-BA-NA-TU-TA gaude eta lau katu gabiltza lau katurentzat lanean. Zenbait urte lanean aritu eta exkaxkeriak baizik ez ditugu: ez dugu karrerarik ateratzen, propaganda gutxi egiten zaigu (edo propaganda eduki arren ez dugu gehiago saltzen, edo gure jendea ez da enteratzen edo ez dakit zer; 1.000 aletik beherakoak dira egun liburu eta aldizkari askoren tiradak); banaketak ez dira onak eta harpidedunak gutxitxo; saldu gabeko euskarazko produktuen stockak handitzen zaizkigu, eta izar bezainbeste abar. Eta koordinazio bat edo gutxienez ditxosozko sinergia pixka bat ongi etorriko litzaiguke denori ere, elkarri kantxa pixka bat ematea, amankomuneko arazoak aztertzea, zenbait prolema legal nola saihestu pentsatzea ...

Putz-Ostiela batzeko proiektuak porrot egin zuen, momentuz, duela gutxi, baina, fusioetarako ez bada ere, proposamen luze eta zabala mamitua dago eta oraindik balio lezake zenbait komunikabidek elkarrekin hitz egitea abiarazteko. Sustatu izan liteke eztabaidagunea. Horri deitzen diot eta uste dut horri deituko diola Juan Luis Zabalak "eztabaida piztu eta suspertzeko izan dezakeen eraginkortasuna". Zeinek daki? Agian, eztabaida aberasgarri bat izan dezakegu; apika, herri aldizkariek euren topaketak dituzten bezala, bestelako aldizkariok eta beste ere junta gintezke... eta "txoriontasunen" bat topa dezakegu akaso. Akaso frakaso? Nire ustez, barruan daukagun lekua ez da mugatua.

Jon Arano

Erantzunak

Ander
2002-05-02 : 11:27

Hasi naiz irakurtzen eta....



> Baina Juan Luis Zabalak Egunkariako Begian esandakoekin bat nator (ez dakit nola ez duzuen sartu joandako larunbateko bere Zazpi begiko iritzia --"Barruan daukagun lekua mugatua da"-- eztabaida horretan...): "Putz-ek elkarrizketa egin Pako Aristiri, Pako Aristik sekulakoak bota, Sustatuk sekulako horietan sekulakoenak aukeratu eta sareratu, erantzunak jaso, polemikatxoa piztu eta, hara miraria!, orain denok hurrengo Putz noiz eskuratuko! Jokaldi bikaina (...).



Hemen norberarenakin egin ez dutena edo noberarenari egitea gura duzuna aldarrikatzen ari zarela dirudi. Kutsu hori hartzen diot bederen.

"Ostiela!-k ere montatu zuen beste bat (Matias Mujikaren libeloaren kontura) eta zer esana eman zuen, orain dela gutxi arte ere... Eta txarrerako izan bazen ere, azkenean onerako izan zelakoan gaude oraindik."



Banekien zurea saltzen hastea pizka bat itxarotea besterik ez zela izango.



> Amigo: Ez bahekian ere, Matias Mujikaren libelo garaian ere, jendeak Ostiela! ezagutu gabe, libeloa irakurri gabe, aditzeraz hitz egiten zian, irakurtzen zutenak fotokopiak irakurriz... Agian berandutxo esaten diat, baina jakin ezak Ostiela!-n 1.000 orritik gora atera dizkiagula, ia 7 urte ibilbidean eta denetik atera diagula. Putz-en lana ere ez duk makala, 14. zenbakian zoaztik, bi urte eta pikutan.



Promozio hau luuuze doa. Nora heldu ote nahi du..







> Nork ez du ezer balio? Uste dut Putz eta Ostiela! ondo ari garela. Ez dut uste hori zioenik Aitor Egurenek; badakit, ordea, saltsa sortzea zela nik jasotako mezu horren helburua. Eta ez zait gaizki iruditzen. Baina, azkenean, berandutxo bada ere, Sustatuko lagun horrek gura bezala parte hartzen badut, zera esateko da: ez naizela jausiko ez Putz-ekin ez beste inorekin errietan. Elkarrizketa batetik abiatu, eztabaidan segi, polemika antzuetan erori hurrena eta elkar larrutzen akabatu behar ote dugu?



%100 ados.



> Putz-Ostiela batzeko proiektuak porrot egin zuen, momentuz, duela gutxi, baina, fusioetarako ez bada ere, proposamen luze eta zabala mamitua dago eta oraindik balio lezake zenbait komunikabidek elkarrekin hitz egitea abiarazteko....



Hona gentozenaren susmoa nuen.



Ados fusioek sinergiak sor ditzaketela, baina horretarako fusioko parte hartzaileek bat etorri behar dute. Ez bakarrik helburutan, Metodogian, egunerokotasunean, afinitatetan..... Fusioek batu egin behar dute, zoritxarrez fusio saiakera zatitzaileen esperientzia tamalgarriak baditugu herri honetan. Fusioa teorikoki onuragarria denean ere, bideragarria izan ahal izateko aurrebaldintza batzuk eman behar dira. Fusio teorikoek praktikan gero porrot egin ez dezaten. Osteko proiektua, lantaldea, funtzionamendua, lan giroa.... aurrez adostu eta lotu behar dira. Eta ezin bada, ba ezin da. Ni behintzat ez naiz saituko ura eta olioa nahasten. Kontuz! ez dio Putz eta Ostiela ura eta olioa direnik.



Ander.









Erantzun

Sartu