Barre algaraka HUHEZIko ikasleak Euskal Herriko hiru barre-eragilek bultzatuta. Asisko Urmeneta, Kike Amunarriz eta Antxon Olariaga izan dira errudunak gaur eguerdiko emanaldian. Ostirala izanik... hona perla batzuk.
Antolatzaileek, seguruenik, hala ez uste arren (giro polita zegoen kanpoan ) aretoa lepo eginda zegoela sartu dira Kike (despistatu aurpegiarekin), Asisko (beti bezain koloretsu) eta Antxon (karpeta handi batekin).
Zer egingo zuten ez zen erraza asmatzea eta tituluari begiratuta gutxiago: hitz aspertuan dibertitzeko manerak. Eta zein izan den moldea? Ba aspertzeko moduko hitzekin jardun gabe berba eta berba egitea hariari tiraka.
Haria zein zen? Bidaia bat, Gasteizen ez dagoen Iparra tabernaren bila. Haria fina, baina ez horregatik motza edo apurtzen erreza. Hari horri tiraka esandako batzuk:
Ebanista: Balda Apalategi / Geologoa: Ibai Mendia / Surf denda: Itsaso Barea / Sagardotegia: Ito Arte / Psikologoa: Cisneros Ostiategi (ez al ziren buruan izango ) Zapata denda: Pare Gabia (Baionakoa) / Diborzioak: Biurrun / Psikiatra: Legorburu.
Oilarrek Euskal Herrian hiru modutan egiten dute: Kikiriki (Iruñean), Kukurruku (hegoalde gehientsuenean), eta Frantsezez Cocoriko.
Zakurrek, berriz, guau-guau egiten zutela bagenekien askok, baina iparraldean waf egiten dutela? Edo txakur txikiek ttau-ttau egiten dutela?
Katuek, aldiz, miauka entzun ditugu, baina haserre daudenean marrau egiten dutela esan digu Asiskok, edo oso haserre daudenean fut egiten dutela. Eta baita katu txikiek ñiau egiten dutela ere.
Otsoek hegoaldean eta iparraldean ez dute soinu bera ateratzen argi utzi digu: gehientsuenok ulu egiten dutela diogun bitartean, Xiberuan, Donapaleun, hain zuzen ere, Ohülgü egiten dute.
Sexuak ere eman ditu perla ederrak gaurko hitzaldian eta inor ez dela aspertu konbentzituta atera gara. Zikokatu, tresnak mezuratu, bandatu, gainkatu, Santa Ageda jo, partxisean aritu, xagua klikatu, karaokea kantatu, ezkurtxoarekin jardun Zer diren badakizu?
Euskarak jolas egiteko ere balio duela adierazi dute, behintzat. Horrenbeste bider penak kontatzen egon beharrean euskara modernoa eta osasuntsua izan daitekeela ere irakatsi digu hirukote honek. Sena ei da bidea eta hari jarraitu behar omen zaio Asiskok esan duen moduan. Kontatzeko asko geratzen da kronikatxo honetan kontatu barik, baina kontatzeko moduak ere egiten du eta inoiz aukerarik baduzue segi hirukote honen pista.
Olaziregi hori Olariaga izango da, diot nik. Atzo bere jeinu zorrotzaren beste adibide bat Egunkarian. Zakilixut bere pertsonaiak galdetzen du: Eta Le Pen Aznarrekin elkartuko balitz Hendaian?
Guggenheim bisitatzeko inbitaziorik ez dio luzatuko behintzat :-) Irakurri Deiak kontatzen duena
Bestalde, Asiskoren animalien soinuen inguruan: ItzuL zerrendan behi euskaldunek morrasa, murrusa eta beste zenbat soinu-molde egiten dituzten azaleratu da. Irakurri hemendik aurrerako mezu sorta.