Teknologia albisteak
2

"Ibarretxe" liburuaren aurkezpena Madrilen

Erabiltzailearen aurpegia
Belentxo - Donostiyatik
2002-04-26 : 11:04

Apirilaren 25ean, Klabelinen Iraultza ospatzen den egunean, izan da "Ibarretxe" liburuaren aurkezpena Madrilen. Lehendakaria bera, Javier Ortiz egilea eta Javier Sádaba egon dira bertan.

Madrilgo neska batek gazteleraz egin du aurkezpenaren kronika. Itzuli dugu eta hementxe duzue.

Javier Ortizek idatzi duen "Ibarretxe" liburuaren aurkezpenean egon naiz. Aukeratutako tokia Madrilgo Círculo de Bellas Artes izan da, Ramón Goméz de la Serna aretoa. Bertan lehendakaria eta Javier Sádaba egon dira, baina ez hasiera batean joatekoak ziren Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza.

Iritsi naizenean, eguerdiko 12:00ak aldera, ordu horretan iragarrita baitzegoen aurkezpena, telebista-kamera eta mikrofono batzuekin egin dut topo. Besteak beste, Cope, Ser, Efe agentzia, Telemadrid. Denen artean "Caiga Quien Caiga" saiokoen mikrofono gorria, Sergio Pazosek zeramana, zen deigarriena. Ondo jantzitako bizkarzain kopuru ederrarekin ere egin dut topo. Nola ez bada! Aipatutako hizlariak agertzen ez zirela ikusirik, aretoaren bukaeran jarri naiz eta aldez aurretik erosi dudan "El Mundo" (arggg!) egunkariaren ale baten aurrean paratu ditut nire begiak.

Halako batean Ymelda Navajo (La Esfera de los Libros argitaletxeko arduraduna), Javier Sádaba, Javier Ortiz eta Juan Jose Ibarretxe azaldu dira. Hitza hartu duen lehena Navajo anderea izan da. Liburua gainetik aurkeztu du. Hau da: solapak zioena. Ondoren, Javier Sádabaren txanda izan da. Egileak liburuaren bukaeran Euskal Herriko gatazkaz aipatzen dituen iritziekin bat egin du eta, gero, lehendakariari buruzko laudorioz betetako diskurtsoa bota du, tarteka Kierkegaard, Loch, Nietzsche, eta abarren aipamena eginaz. Hala ere, Sádabak, pasadan bada ere, liburuan zenbait gauza ez dela aipatzen esan du, bere ustez garrantzitsuak diren kontuak, gainera.

Javier Ortizek, berriz, hain berea duen ohiturari jarraituz, idatzitako testua irakurri du. Honela, Garaikoetxeak eta Ardanzak, bertan egonez gero, gaur egungo lehendakariari buruz zer esango luketen asmatzen saiatu da. Biek, agenda arazoak zirela medio, ezin izan dutela egon adierazi du. Hona hemen, Ortizen ustetan, zein den Garaikoetxearen iritzia Ibarretxeri buruz: "nire ustez lehendakariari leporatzen dion gauza bakarra, Eusko Alkartasunan egon beharrean, EAJn egote izango litzateke". Ibarretxek irri egin du. Era berean, Ibarretxe nola ezagutu zuen kontatu du eta zer iritzi duen berataz. Esan du Ibarretxe "besteekiko pertsona kontsideratu" dela (nik hau ziurtatzen dut). Garaikoetxea eta Ardanzaz gain, liburuan agertzen diren beste politikarien izenak aipatu ditu: Nicolás Redondo Terreros, Javier Madrazo, Arnaldo Otegi eta Pablo Mosquera. Denek ondo hartu zutela esan du, baina Jaime Mayor Oreja izan zela salbuespen bakarra aipatu du, zeren eta Mayorrek, inolako arrazoirik eman gabe, amaitutzat eman zuen elkarrizketa, Ortizek lehen galdera egin zionean. (Eta ez pentsa galdera zitala zenik, Javierrek "serafikoa" zela esan du). Bukatzeko, eskerrak eman dizkigu bertan bildutakoei, baita Portugali ere, "gaur apirilaren 25a baita".

Ibarretxeren ordua iritsi da: euskaraz hasi da, eta euskaraz tutik ulertzen ez dudanez, Sádaba eta Ortizen hitzak eskertu dituela uste dut, intuizio hori daukat, behintzat. Gero, gaztelerara pasa da.

A zer nolako gogoa esateko "aizue, sartu paketean eta etxerako, telebistaren gainean jarriko dut!" Izugarrizko gizatasuna du gizon honek. Aldez aurretiko nire sinpatia aitortzen dut, Ortizek berataz kontatzen, eta liburuan idazten, dituen gauzetan oinarritzen dena, batez ere. Baina, adibidez, entzutea nola esaten duen: "hemendik" (bihotza seinalatuz) "urruntzen den edozer gauzak ez du merezi, ezta politikaren munduan ere"; "gizakien eta nortasunaren aldekoa naiz; gizakien nortasuna eta herrien nortasunaren aldekoa". Hitz horiek nola esaten dituen entzutea, zer goxotasunarekin esaten dituen, izugarria da.

Proiektu honetan parte hartzea erabaki omen zuen bere irudiaren gehiegizko erabileragatik, inondik inola bat ez datorrena "politika ulertzeko nire modu apalarekin".
 
Laburra izan da lehendakaria eta Ortizi eskerrak eman nahi zizkiola esan du, bera nolakoa den azaltzen saiatzeagatik ("45 urte daramatzat nire buruarekin bizitzen eta ez dakit nolakoa naizen; beraz, honek egiten du Javierren lana merituzkoa"), eta bere laguna dela aitortu du. Sádabaren presentzia ere eskertu du, baita ekitaldian geunden guztiona ere, gozotasunez, besarkada bat bihotz-bihotzez bidali baitigu.

Berriro diot: xarmangarria. Euskadin zentsatuta egonez gero, hauteskundeetatik gertu, sinets iezadazue gizon honi emango niola botoa. Berehalakoan damutuko nintzen, baina ezin izango nuke ebitatu.

Eguneko anekdota Pedro Jota Ramírez jaunaren etorrera izan da!!! Gainera, berarekin topo egin dut igogailuan.  Ezinezkoa!!!

Hala ere, hau ez da azken sorpresa izan. Handik irten ondoren Ikasleen Sindikatuak (trotskoak) deituriko manifa bitxia ikusi dut: errepublikar banderak, gorriak, moreak, anarkoak. Casa de las Américas inguruan hartu nauen taxista erreta zegoen. "Ez dakit zergatik egiten dituzten manifa hauek" esan dit. "Egia esateko, ez daude arrazoi faltan, gizona!" esan diot. "Bai, baina ordu honetan Gran Vía geraraztea, bizikidetza paketsuaren kontrako atentatua da". Arrazoia eman diot. Kristorena montatu da Madrilgo erdialdean.

Erantzunak

Ilusioa galdutako bat
2002-04-26 : 12:57

Polita da Madrilgo neska horrek egindako komentarioa. Nabari zaio interesa, buru-argitasuna, jarrera irekia... Baina ezinezkoa da irriño bat ez egitea. Izan ere, Madrilgo komunikabideek ezarritako galbahe, manipulazio eta abarrekin, lehenengo aldiz entzungo zuen Ibarretxeren mezua zuzenean, bitarteko interferentziarik gabe, eta ulertzekoa da haren gizatasun eta bihotz-zabaltasunarekin liluratzea; hemen, ordea, aspertu samar gaude dagoeneko Juanjoren borondate oneko sermoi hutsal, errepikatu eta betibera entzuten. Balorazio politikoak alde batera utzita diot, txukun egindako abesti batekin ere, entzunaren entzunez, azkenerako gogaitzen garen moduan.

Iturri
2002-04-28 : 21:47

Ez zaizu arrazoi falta, laguna. Hala ere, nik ere ulertzen dut Belenek idatzitakoa. Nik egin nuen itzulpena eta esango dizut Madrilgo lagun hau ez dela edozeinen aurrean inpresionatuta geratzen den horietakoa. Interesgarria iruditu zitzaidan ere bere ikuspuntua gurera ekartzea.


Informazio hau osatzeko hona hemen Javier Ortizek aurkezpenean irakurritako testua.


Erantzun

Sartu