Teknologia albisteak
2

Google, egile eskubideak eta askatasuna Interneten

Erabiltzailearen aurpegia
Asto Rider
2002-04-24 : 13:04

Joan den astean Google istilu eder batean aurkitu da, Zientzialogiaren Elizak haren aurkako salaketa jarri zuenean, eliza horren barne dokumentu babestuak aireratzen dituen webgune baten lotura ematen zuelako.

Zehazki, Google-n «Church of Scientology» galdetuz gero (eliza horren izena ingelesez), emaitzen artean Operation Clambake ageri da, Norvegian kokatutako webgune bat, eliza horren aurkako salaketa gogorrak egiten dituena, eta salaketa horien oinarritzat eliza barruko dokumentuak erakusten dituena.

Zientzialogiaren Elizak egindako salaketaren arabera, dokumentu horiek Estatu Batauetan 1998an onartutako Digital Millennium Copyright Act legeak babesturik daude, beraz Google erantzule izan daiteke, webgune horren lotura bat emateagatik.

Salaketa jaso bezain laster, Google-k kendu egin zuen Operation Clambake webgunearekiko lotura, baina orduan Interneten adierazpen askatasunaren aldekoak oldartu zitzaizkion Google-ri, besteak beste Linux Journal aldizkari elektronikoko editore Don Marti, zentsura ezartzen ari zela salatuz.

Google-k atzera egin behar izan zuen, Operation Clambake-ren lotura berriro ezarri zuen bere zerrendan, eta formula bat ezarri du hemendik aurrera halako gatazkak nolabait ere konpontzeko: Google-k emaitzetatik webguneren bat kentzea erabakitzen duenean, argi eta garbi adierazten du, eta Chilling Effects Clearinghouse webgunera bidaltzen du irakurlea. Chilling Effects askatasun zibilen aldeko proiektua da, Electronic Frontier Foundation elkarteak bultzatua eta USAko zuzenbide eskola askoren laguntza duena. Interneteko eskubideen inguruko informazio asko ematen du.

Zientzialogiako Elizakoen salaketa gehiago egin dituzte Google-ren aurka, baina badirudi Google-k argi ikusi duela bere negoziorako oso garrantzizkoa dela lotura eskubidea gorde eta babestea.

Eskubideen auzi honek ustegabeko eragin bat ere sortu du: Operation Clambake-k gora egin du Google-ren zerrendan. Izan ere, Google-k webgune baten garrantzia neurtzeko, besteak beste, webgune horrekiko beste orrietatik egiten diren loturak daude. Zalaparta horrekin, Zientzialogiako Elizaren aurkako webgune askok eta askok Operation Clambake-ren lotura jarri dute, eta orain Google-n «Church of Scientology» galdetuz gero, bigarren lekuan ageri da, elizaren webgune ofizialaren ostean.

Gertatutakoaren kronika osoa New York Times-en

Erantzunak

Joseba Abaitua - DELi Taldea
2002-04-24 : 13:54

Egileen eskubideak eta Google lotzen dituen beste kontu bat: Hitzen prezioaz pasadizo bat.


Christophe Bruno poetari gertatu zaio, eta helbide hauetan duzu kronika. Merezi du!

Luistxo
2002-04-25 : 20:15

Esango nuke, anekdota honetatik, prezio onean daudela hitzak Google-n. Publizitate salmentarako tresna harrigarria asmatu dutela, eta merke samar, eragina eros daitekeela erakutsi duela poeta honek.

Erantzun

Sartu