Sustatu logoa Teknologia albisteak

Pako Aristi Putz aldizkarian "biluztu" da

Arrasate Irratia - Goiena
2002-04-23 17:04

Bederatzi orri ditu Pako Aristiri Putz aldizkariaren 14. zenbakiak egindako elkarrizketak. Gai ugari jorratu diuzte elkarrizketan: maitasuna, literatura, komunikabideak, marihuana, bertsolaritza, politika, irailaren 11, internet... Gaur, Diego Martiartu elkarrizketatzaileak Arrasate Irratian adierazi duenez, hiru ordu iraun zuen elkarrizketak. "Ez dakit zelan lortu genuen!"- esan du Diegok. Diegoren esanetan, oso gustora geratu da elkarrizketarekin. Hasiera batean proposatu ei zion e-mailez galderak bidaltzea eta Pakok ere sare bidez erantzutea, baina idazleak esan ei zion bide hori ez duela gustoko. Freskotasuna galtzen ei dute elkarrizketek modu horretan eginez gero.

Interneten gainean duen iritzia

Interneten inguruan duen iritziaz ere galdetu diote eta hauxe erantzuna:

  • Ez nagok konektatuta. (...) Gaur egun iruditzen zaidak tresna horiek lekua kentzen diotela guk barruan eduki beharko genukeen zerbaiti, eta hori duk gustatzen ez zaidana. Magnifikazioa eta mitifikazioa zegok tresna horien inguruan. Esaten zaiguk: hau da lehen aldia munduaren historian munduko jakinduria guztia gure esku dagoena. Gezur handia. (...)

Idazterakoan dituen maniak

Beste galdera bat, berriz, idazterakoan dituen manien gainekoa da eta erantzuna taburik gabekoa izan da:

  • Ez diat ezer berezirik... Eszitatu, bai eszitatu egiten naik idazteak. Pajilla asko egin ditiat idazten, bai, bai, sentsibilizatu egiten nauk, buruz eta gorputzez. Egoera bero batean jartzen naik idazteak, bai, beti ez baina askotan. Lizun eta lujurios bihurtzen naik idazteak batzuetan. Idaztea duk imajinazioaren garaipena, beste gauza guztien gainetik (...)

Bestalde, irailaren 11aren inguruan galdetuta, idazleak aitortzen du, Dorreak eta Pentagonoa sutan ikustea krixtoren feria izan zela.

Elkarrizketa argitaratu aurretik Pakori bidali zioten irakurri eta aldaketak egin zitzan, baina idazleak halaxe argitaratzeko baimena eman zuen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu