Teknologia albisteak
2

Teknologia berriak, hizkuntza txikien alde?

Erabiltzailearen aurpegia
Gotzon Egia - Gipuzkoako Foru Aldundia
2002-04-23 : 12:04

Joan den apirilaren 16tik 20ra bitartean hizkuntza politikari buruzko munduko biltzarra izan da Bartzelonan, Linguapax institutuak antolatuta. Programaren barruan, lantegi bat izan da teknologia berriek demografia urriko hizkuntzetan duen eragina aztertzeko. Lantegi horretan parte izan nintzenez, kronika labur bat dator hurrengo lerrootan.

Teknologia berrien eraginez, ingelesaren aginte oroahaldunak beste hizkuntza «handiak» mendean hartzeko boterea baldin badu, hizkuntza «txikiak» oraindik menderatuago geldituko dira, hizkuntza handiekiko? Ala, teknologia berrion bitartez hizkuntza txikiek badute lehen baino aukera errazagorik hizkuntza eta kultur baliabide zoli eta bizkorrak sortzeko? Horra, laburki, antolatzaileek lantegi horren hastapenean ezarri ziguten galdera. Galdera hau hizkuntza politikari buruzko munduko biltzarrean egin ziguten, Bartzelonan, Linguapax institutuak antolatutako jardunaldietan.

Halako biltzar handietan, munduko bazter guztietatik etorririko jendea biltzen delarik, denetarik pixka bat izan ohi da. Beraz, labur beharrez, bazter utziko ditut euskaldunon egoeratik urrun diren kontuak.

Lantegiaren ondorioetatik hasiko naiz:

· Teknologia berriak erraz eta merke erabil ditzakete, inoren mendekotasunik gabe, hizkuntza komunitate txikiek.

· Aski da trebetasun apur bat Interneteko komunitatearen elkar eragintza norberaren alde erabiltzeko, dela software librearen bidez, dela antzeko egoeran diren beste hizkuntza komunitateek egindako lanaren bidez.

· Bide tradizionaletan zail eta garesti dena, bide elektronikoan erraz eta merke(ago) izan daiteke: horra, adibidez, liburu edo aldizkarien edizioa elektronikoa.

Nire ponentzian, orain arte Eusko Jaurlaritzaren eraginez egin izan diren software komertzialen (hori da, Microsoft-en sistema eragile eta programen) itzulpen edo egokitzapenen ondorioak aztertu nituen. Nire ustez, bide horretatik ez dugu deus lortuko, besteren esku dagoen merkatuaren atzetik (berandu) ibili eta dirua erruz xahutzea baizik. Horren ordez, kode irekiko softwarearen bidea hautatu beharra azpimarratu nuen, baita erakutsi ere orain arte bide horretan landu diren proiektu onak (Sustatu hau bera, edo Azpeitiko Uztarria.com).

Bi ponentzia izan ziren, nire ustez, gogoan izatekoak. Bata, M. Torresek eta M. Strubellek aurkeztu zuten ATLANTIS proiektua, EBko estatu gabeko 21 hizkuntzek Interneten dituzten hizkuntza baliabideen katalogoa. Bestea, Monica Ward irlandar ingeniari informatikoak aurkeztu zuena: hizkuntza ikasteko oinarrizko metodoak sortzeko web aplikazioa, XMLn egina, eta berak El Salvadorreko nawat izeneko hizkuntzan aplikatua duena. Bereziki bigarren proiektu hori, bere apalean, adibide argigarria da, nire ustez, teknologia berriak hizkuntza komunitate txikien mesedetan nola erabil daitezkeen.

Azkenik, atentzio apur bat jarri beharko da Unescok datorren urterako munduko gobernuei teknologia berrien eta hizkuntzen inguruan egin nahi dien proposamenaren gainean. Unescoko Victor Montviloff-ek proposamen horren zirriborroaren berri eman zuen biltzarrean.

Erantzunak

Kristina Martin
2002-04-23 : 18:46

Kaixo, Gotzon. Kristina Martin naiz, GARA egunkariko Gizarte saileko erredaktorea. Zure kronika irakurri dut, eta gaia interesgarria iruditu zait. Gustatuko litzaidake horretaz zabalago berba egitea, ez dakit nor izan daitekeen horretarako pertsona egokia, baina eskertuko nizuke erantzungo balidazu, erreportaitxo bat merezi duela uste dut-eta. Eskerrik asko.

Gotzon Egia
2002-04-23 : 20:35

Beharbada, elkarrizketa modu pribatuan segi genezake, baina zuen egunkarian nahi baduzue argitaratu nire kronikatxoa, aurrera, ez dauakt arazorik. Hala ere, nahiago nuke zurekin zuzenean aztertu zer den argitaratu nahi duzuena.



Bestalde, «teknologia berriak eta euskara» baldin bada gaia, nik baino gehiago dakien eta hobeki esango duen jendea Sustatu.com-en, hemen bertan daukazu.

Erantzun

Sartu