Alexandriako Liburutegi berria Liburuaren Egunean irekiko da
Antzinateko Alexandrian Euklidesek geometria garatu zuen eta Arkimedesek ur bonba asmatu; Aristarko astronomoak kalkulatu zuen zer distantzia zegoen Lurretik Ilargira eta, bide batez, erabat aldatu zuen ikuspegia unibertsoa nola sortu zen; eta Eratostenes liburuzain nagusiak kalkulatu zuen Lurraren diametroa Koperniko baino 15 mende lehenago. Alexandriako Liburutegi zaharra Antzinateko kulturaren sorleku eta pausaleku izan omen zen. Baina halako batean desagertu egin zen, sute batek kiskalita.
Datorren asteartean, Liburuaren Egunean, berriro irekiko ditu ateak, baina oraingo honetan liburutegi erabat berria izango da, Alexandriako badiaren ekialdean. Benetan ikusgarria izango da Alexandriako Liburutegi hau, eta ikusi nahi baduzue, bi aukera dituzue: Unesco erakundearen webgunean edo El País egunkariak prestatutako infografiko bikain honetan.
Alexandriako Liburutegiak 40.000 metro koadro izango ditu, 13 solairu, 3.500 aulki, 4 bat milioi liburu, 50.000 mapa, 100.000 eskuizkribu, 10.000 inkunable, 200.000 disko eta kasete, 50.000 bideko disko eta 100 CD-ROM. Horrekin batera, baina, hitzaldi areto handi bat izango du (3.200 aulki), zientziaren museo bat, planetario bat, eta kaligrafiaren institutu eta museoa.
Ismail Sarageldin zuzendariak proiektu bat abiatu du, inkunableak eta eskuizkribuak digitalizateko. Gainera, hainbat hitzarmen egin ditu zenbait argitaletxerekin, bilduma gehienak ere formato digitalera bihurtzeko. Liburutegiaren sistema informatikoa 30 datu baseren inguruan eratu da, arabieraz, ingelesez eta frantsesez. Latina ere ezagutuko du.
Orain badugu arrazoi bat gehiago bisitatzeko Egipto eta, bereziki, Alexandria. Cairotik ordu pare batera dago, trenez, oso bidaia atseginean.
Erantzunak kargatzen...