Sustatu logoa Teknologia albisteak

Kafea, beltza nahiago

Joxe Aranzabal
2002-04-18 01:04

Orain bi urte Erkaitz Elkoroiribek erreportaje bat ikusi zuen Canal Plusen, Burkina Fasoko Itzuliaren gainean. Baqué Fundazioko kudeatzailea prendatuta geratu zen Hamado Pafadnam ikusi zuenean esaten bere bizitzako ametsa zela Europan korritzea. Orduantxe bertan erabaki zuen mutil mehar hura fitxatu behar zuela. Horrela kontatzen du El País egunkariak historia hau.

Jira eta buelta askoren ostean, txirrindulari beltza Durangora etorri da eta hasi da entrenatzen bere taldekideekin. Atzean utzi ditu emaztea eta umetxo bat, hiriburuko auzo batean. Baina Pafadnam lanpeturik dabil oso. Laino batean bizi da: tubabuz (horrela deitzen diote gizon zuriari) eta mendiz inguratuta. Izan ere, Burkina Fason ez bezala, Durangaldeko bideek gora eta behera egiten dute edonon. Hortxe ditu Urkiola, Elgeta eta Kanpazar, besteak beste, lehen, bigarren eta hirugarren mailako mendateak. Pafadnam ez dago ohituta horrelako aldapak igoten, eta ezta jaisten ere. Ordekan ona omen da eta esprint ona omen du. Hortik aurrera, baina, ikasi egin behar. Baina ikasteko gogorik ez zaio falta, antza.

Inoiz ez du irabazi Burkina Fasoko Itzulia. Eta hori omen du begi artean sartuta: bere sorterriko lasterketa handia irabaztea. Orain arte, kanpotarrek irabazi dute han: belgiarrek, frantsesek eta egiptziarrek; denak txirrindulari arituak. Orain, ordea, ikastea tokatzen zaio: nola igo eta zelan jaitsi, nola lan egin taldean eta zelan elikatu karreran. Etabar, etabar.

Datorren urrian Burkina Fasora itzuliko da, hango itzulia jokatzera eta, ahal badu, irabaztera. Bitartean, astia izango du ikasteko zer diren kafe toreroa, kafe alarguna eta kafe bustia. Zuk badakizu?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu