Sustatu logoa Teknologia albisteak

Fagorren gazteleraz

Arrasate Presseko irakurle batek gomendatuta, Fagorreko bezeroaren harreta telefonora deitu dut eta nire harridurarako gazteleraz erantzun didate (irakurleak esandako moduan). Gauza bera gertatzen da Fagorren web orrietan apurtxo bat sakonduz gero.

Gure irakurleak Telefónicara eta Fagorrera deitu behar izan zuen egun berean. Eta, Telefónican (Estatuko enpresa) euskaraz jarduteko aukera eman zioten berehala. Berriz, Fagorrera (Euskal Herriko, Arrasateko enpresa) deitu zuenean, hango harreta telefonora (902105010), erantzungailuan gaztelerazko mezua bakarrik entzun zuen. Are gehiago, hori salatzeko bezeroaren harreta telefonora jo zuen gure irakurleak, eta bere harridura eta amorrurako, hango telefonistak bakarrik gazteleraz erantzun zion. Gainera, gertatutakoa kontatu zionean, telefonistaren erantzuna izan ei zen “Fagor enpresa nazionala dela eta horregatik dagoela guztia gazteleraz”.

Irakurleak ez zekien zer egin hori salatzeko eta gugana jo zuen. Hortaz, nik neuk deitu dut Fagorren telefonora eta ikusi dut egia dela irakurleak esandakoa: gaztelera hutsa darabiltela, alegia. Are gehiago, gai horretan gehiago sakondu asmotan, Fagorren eta, oro har, MCCren web orrietara jo dut. Eta hasierako orria euskaraz badago ere, apurtxo bat sakonduz gero, beste guztia gazteleraz dago. Fagor Ederlanen, adibidez edo Fagor Elektragailuetan adibidez. Esaterako, bigarren web orri horretan, gazteleraz, alemanieraz, frantsesez, txekieraz eta errusieraz irakurtzeko aukera ematen dizu. Eta non geratzen da euskara? Harreta telefonoan ere gazteleraz bakarrik erantzuten badute, eta kontuan hartuta hara deitu behar dela etxetresnaren batekin arazoren bat izanez gero, edo edozer gauza galdetu guraz gero, esan genezake kanpora begira, Fagorrek dituen harreman guztiak edo gehienak gazteleraz direla.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu