Teknologia albisteak
1

Liburuaren eguna, Greba eguna

Erabiltzailearen aurpegia
Nafarroako Bibliotekariak - Joana Albret zerrendatik aukeratua
2002-04-12 : 12:04

Nafarroako bibliotekariok urte luzez aritu izan gara Liburuaren eguna ospatzen. Honetarako ezin konta ahala ekitaldi sustatu ditugu: liburuak kalera atera ditugu, denden erakuslehioetan paratu, erakusketak prestatu, errezitaldiak, ipuin-kontaketak, hitzaldiak eta abar antolatu… Aurten, aldiz, apirilaren 23an ez ospatzea egitea erabaki dugu, eta honetaz gain, egun horretan liburutegiak ixteko asmoa dugu.

Kontua ez da bat-batean motibazioa eta interesa galdu ditugula; ezta hurrik eman ere. Are gehiago, liburuekin, irakurtzearekin eta bibliotekekin dugun konpromisoa inoiz baino handiagoa da, eta horrexegatik konturatu gara sosik eza eta aurrekontu-eskasia ezin ditugula bete orain arte egina dugun moduan, hau da, boluntarismoaz eta irudimenaz soilik. Nafarroako liburutegi publikoak modernizatzeko, hori baino askoz ere gehiago behar dugu: ezinbestekoa da herri-administrazioaren sostengu irmoa; izan ere, biblioteken gaineko legea eta hau garatuko lukeen erregelamendua nahitaezkoa baita, aurrekontu-bulkada ere bai, eta zer esan bibliotekari-irudia duin bihurtu beharraz. Ziklo bat amaitu da. Kalitatezko zerbitzua ematearen alde egin duguna baino gehiago, ezin dugu egin laguntzarik gabe; beraz, guztiz ezinbestekoa da egoera aldatzeko benetan ahalmena dutenak lanean serio hastea.

Gauzak honela, guk ezin dugu Liburuaren eguna ospatzen segitu eta aldi berean ikusi nola dagoen Nafarroako liburutegi publikoen egoera, erabat geldituta. Hamarkada huts batean pasatu gara liburutegi-sare onesgarria izatetik, biblioteka-eskaintzarik anakronikoen duen erkidego autonomoa bilakatzera (bagara, adibidez, ikus-entzunezko baliabide gutxien eskaintzen ditugunak), prozesu desfasatuenekin (bagara ataza eta prozesu automatizatu gutxien ditugunak), jendaurreko ordutegi laburrenak ditugunak, biblioteka zentral zaharkituena dugunak. Premiazkoa dugu liburutegiak modernizatzeko bulkada, eta berandu baino lehen, azken aukera galdu nahi ez izatera. Hau dena egiten ez den bitartean guk ez dugu deus gutxi ospatzeko eta horrexegatik hain zuzen ere, erabaki dugu apirilaren 23a bezalako egun sinbolikoan greba egitea.

Gure partetik, heldu den urteko eta betiko, guk nahiko genuke izan negu partean lanean hasten diren lehenbizikoak, inoiz baino ozenago esateko Nazioarteko Liburuaren Eguna ate joka dugula. Gaurkoz, zoritxarrez, gauza bakar baten alde egiteko prest gaude:

GUZTIONDAKO KALITATEZKO LIBURUTEGI PUBLIKO BATEN ALDE

Zuengana jo dugu gure protestaren nondik norakoak jakinarazteko. Halaber, zuen laguntza eskatu nahi duzuegu sinaduraren bidez. Liburutegi publikoek bizi duten egoera kaskarra ez delako bibliotekarion kalterako soilik: liburutegi publikoak gure, gurea guztiona.

(Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren zerrendatik hartua)

Erantzunak

Jon Abril
2002-04-12 : 12:38

Lotsagarria eta tamalgarria Nafarroako agintarien papera liburutegien aitzinean. Inbertsiorik ez da egiten, herri ttikienek ez dute liburutegirik edukitzeko eskubiderik ere, 3.500 biztanleko herri batean (Beran kasu, Iruñeatik Iparraldera dauden herrietan biztanle gehien dituena) urteko inbertsioa ez da 800 eurora iristen, mobiliarioa ez da berritu azken 11 urteotan, barne egitura zaharkitua, informatizazioa urrun (orain hilabete batzuk paratu zen lehenbiziko ordenadorea erabiltzaileentzat, eta bertze bat liburuzainarentzat)...

Penagarria eta lotsagarria, guztiz. Euskararen dekreto berriak, gainera, liburuzain euskaldunak zigortu ditu, eta inoiz lekualdaketa bat eskatuko balute, soilik euskal eremuko liburutegietara lukete mugatua (dozena erdi bat eskas).



Enfin, ospatzeko baino kezkatzeko gehiago dago apirilaren 23an.

Erantzun

Sartu