Teknologia albisteak
1

Euskaldun bat Arafaten ondoan

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin - Izaro
2002-04-04 : 01:04

Paul Nicholson, kanpo harremanetarako arduraduna EHNE sindikatuan, Yaser Arafaten egoitzan dago, munduko beste berrogei sindikalistarekin batera, lider palestinarrari babesa ematen. Martxoaren 27an Via Campesina taldeko 70 ordezkari Israelera joan ziren, Lurraren Eguna ospatzera eta hango auzia bertatik bertara ikustera. Haietarik berrogeik Arafaten ondoan geratzea erabaki zuten, tartean Paul Nicholson.

Paul Nicholsonek lau egun daramatza Arafaten ondoan eta Israelgo armadak setiaturik. Diario Vasco egunkariak elkarrizketa bat argitaratu du sindikalista euskaldunarekin. Hona hemen zenbait pasarte:

— Zenbat jende dago zurekin hor babestuta?

— Berrogei lagunek osatzen dugu geure ordezkaritza, denak herrialde desberdinetakoak eta prest hemen segitzeko, amaiera arte. Kontuan izan koartel hau Arafaten gizonez beteta dagoela. Ez dakit zer esango duen Mendebaldeko prentsak, baina guk kalkulatzen dugu 400 bat lagun izango direla hemen.

— Izan duzu Arafatekin hitz egiteko aukerarik?

— Bai, birritan. Gainera, orain ordu gutxi hitz egin dut berarekin azkenengoz.

— Nola dago moralez?

— Oso ondo. Bizi-bizi dago, bere begiek sekulako diztira dute eta itzelezko zalutasuna du pentsatzeko orduan. Sasoiko ikusten dut eta ez du egoeraren kontrolik galtzen. Konpromiso bat du bere buruarekin eta bere herriarekin. Herri palestinarraren itxaropena bihurtu da.

— Nola ikusten duzu israeldarren jarrera?

— Sharonen armadak dena suntsitu du gure inguruan: eraikinak, azpiegiturak… botikarik gabe utzi dute inguru hau. Gaur alboko ospital batean sartu dira, dena harrapakatu eta bota egin dute. Denborak aurrera joan ahala, gero eta larriagoa da janari falta. Orain ez daukagu ez ogirik ez eta urik ere. Ez dugu argindarrik eta kandelez baliatzen gara. Orain gutxi esan digute Nazioarteko Gurutze Gorriak ura eta gazta apur bat ekarriko digula. Ikusiko dugu, zain gaude.

— Nola dago Yaser Arafaten koartela?

— Eraikin bat da, bi adar dituena. Batean gu gaude, nazioarteko berrogei ekintzaileok, eta bestean Arafat eta bere gizonak. Kanpotik oso hondatuta dago, israeldarrek bonbardatu dute-eta, baina barruan sendo ikusten da.

— Uste duzu aterako zaituztetela hortik?

— Ez dugu uste. Hala ere, edozer gerta daiteke, gerra egoeran bizi gara-eta. Hemendik 40 metrora israeldarren tankeak ditugu, geuri apuntatzen. Helikopteroak ere etengabe ari dira gure gainean eta tiro hotsak entzuten dira. Hau gerra da.

— Izan duzu hiltzeko bildurrik?

— Orain arte behintzat, ez. Esan nahiko nuke gero eta eragin handiagoa duela nazioartearen presioak Israel irten dadin lurralde okupatuetatik. Uste dugu nazioartearen presioak bakarrik amai dezakeela egoera hau.

EHNE sindikatuak, berriz, dei bat egin die gobernuei zerbait egin dezaten Israelek libre utz ditzan Arafat eta nazioarteko sindikalistak. Maite Aristegi EHNEko idazkari nagusiak esan du Nicholson eta bere lagunak egiten ari direla lan bat gobernuei zegokiena egitea.

Erantzunak

Peru
2002-04-04 : 13:01

Israel eta Palestina gerran daude, aldarrikatu gabeko gerran. Nondik begiratzen den, ordea, gauzak modu batean edo bestean ikusten dira. Europan gero eta jende gehiago agertzen da palestinarren alde eta hazi egin dira juduen kontrako kritikak. Estatu Batuetan, aldiz, gauzak beste modu batean ikusten omen dira.


CBS telebista kateak kaleratu duen inkesta batek dio amerikar gehienak Israelen alde agertzen direla eta begi onez ikusten dutela hango armadak Arafat setiatu izana. Gehienak, gainera, bat datoz Bush lehendakariak arazo honetan hartu duen jarrerarekin.


Galdeketaren emaitzak


  • Noren alde jotzen duzu gehiago? Israelen alde %52; Palestinarren alde %10; Inoren alde %15.

  • Justifikaturik daude Israelen armadaren ekintzak? Bai %65; Ez %23.

  • Israelen erantzunak eraso terrorista gehiago eragin litzake? Seguru asko bai %63; Gutxiago %3; Eraginik ez %26.

  • Estatu Batuek badute erantzukizunik auzi honetan? Bai %44; Ez %46.

  • Estatu Batuek soldaduak bidali beharko lituzkete Ekialde Hurbilera? Bai %49; Ez %43.

  • Nolako jarrera hartu beharko lukete AEBek Israelekin? Publikoan babestu %37; Publikoan kritikatu %10; Ezer esan ez %36.

  • Nolako jarrera hartu beharko lukete AEBek Arafatekin? Publikoan babestu %8; Publikoan kritikatu %32; Ezer esan ez %40.

  • Onartzen duzu Bushen jarrera Ekialde Hurbilean? Bai %59; Ez %23. Iritzirik ez %18.

  • Zer deritzozu Sharoni? Ondo %18; Gaizki %16; Iritzirik ez %65.

  • Zer deritzozu Arafati? Ondo %2; Gaizki %53; Iritzirik ez %43.

Erantzun

Sartu