Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ikuiluetaraino heldu behar da Internet

Agirreurretak hitz lauz azaldu zuen e-debagoienak izan behar duena. Egoki eta zuzen. Hitz ponpoxoak alde batera utzita. Sustatun ateratzea egoki dela pentsatu dugu, hitzaldien laburpen ederra da-eta. Ongi etorriarekin hasi zen herri txikiko alkate handia.

Ongi etorria

Lehendabizikoz, ohiturak agintzen duen bezala ongi etorria eman nahi dizuet e-debagoienaren aurkezpenera etorri zareten guztioi. Ongi etorria beroena eman nahi dizuet beraz, bailarako alkateei, zinegotziei, unibertsitateko agintariei, Euskalteleko ordezkariei, komunikabideei, jaurlaritzakoei zein hainbat erakundeetatik etorri zareten guztioi.

e-debagoiena proiektuaren mamizko gaietan ez naiz sartuko zeren eta gai honi buruz ni baino adituagoak eta arituagoak direnak geroago berba egingo baitute.

Gatzagan izatearen arrazoia

Dena dela, niri tokatzen zait azpimarratzea aurkezpena hemen egin izanaren arrazoia. Mankomunitateko udalek Leintz-Gatzagan bereziki egin nahi izan zuten aurkezpen eta hitzarmen sinatze hau, adierazi guran bezala, datorkigun informazioaren iraultza erabat zabaldu behar zela Debagoien osora. Alegia, informazioa eta jakintzen zabalkunde honetan, horretaz baliatzeko eskubide berberak izan behar zituztela hiritarrak, zein menditarrak, langileak zein baserritarrak.

Asmo hori egi bihurtzeko bildu gara hemen egitasmo honen bultzatzaileok. Beraz, e-debagoiena proiektua Deba errekaren gorenera etorri da, aditzera emateko, herri moduan txikia izateak ez duela izan nahi axolagabe, ezjakin, edo arlote. Txikia izateak, kasu honetan, esan nahi du, herri jantzia, berritzailea, jakin-minez betea partehartzailea eta elkartasunez betea. Eskerrik beroenak, beraz, eman nahi dizkiet Debagoieneko udal handienei txikienarekiko erakutsi duten sentsibilitateagatik. Guretzat ekitaldi honen ardura izatea ohore handia da.

Herri txikiak ere sarean

Aipatu nahi nuke baita ere, herri txikiok aurrerapen hauen garrantziaz jabetzen garela herri handien bezainbestean. Batzuek diote Euskal herria Euskal hiria bihurtu beharko genukeela. Diskutitzeko modukoa bada ere, hauxe esan nahiko nizueke, hirietan eta herrietan bizi garenok guztiok garela garaikideak, neurri berean gaude arduratuta datorkigunaz. Hankak gaur Gatzagan ditut baina teknologia berriei esker, asmoak eta gogoak urrutiko herrietan izan nitzake. Ondorioz, inportanteena ez da bizi zaren lekuaren kokapena, mundiarekiko eta aldakuntzetarako erakusten duzun jarrera baizik.

Aurrerapenekiko kezka, bestalde, lehenago ere erabat zabalduta zegoen. Gatzagarrok, adibidez, teknologien aurrerakuntzen bilakaera honetan gurpil batekin hasi ginen, ur gazia putzu sakonetik ateratzeko aurrerapen tekniko hori beharrezkoa baitzen. Hemendik hurbil, baino gorago dagoen Errotazar baserrian, beste gurpil bat jarri genuen dantzan. Oraingo honetan alea xehatzeko, alea irin bihurtzeko. Beste gurpil bat ere bazen burdina kolpatzeko erabiltzen zena, baina hau ez dakigu non zegoen. Baina jakin badakigu, El Escoriala egiteko Españia aldean dagoen jauregi horren iltzeteria osoa Gatzako errementariei enkargatu zietela, hau da “untza danak” gure herrixen esaten den moduen mailu horrek kolpatutako ziren nonbait. Horixe izan zen gure hastapenetan teknologia berriei egokitzeko Gatzagako herriak egin zuen lehengo ahalegina. Baina hori ere ez zen nahikoa izan eta Gatz fabrikak beste zerbait ere behar zuela eta Gatza ekoizteko sistema berriak ekarri behar izan ziren eta hala egin genuen. Horretarako argi indarra behar genuenez, ur saltoak eraiki genituen, ura maldetan behera abiada gogorrean jarri genuen, gatz fabrikan eta herrian ere argi-indarra zabal zedin. Argi indar horrek kableatua eskatzen zuen eta “Txomin Alanbrero” izeneko gizona etorri zitzaigun Aratxabaletatik alanbre sarea jartzera. Gatzagan lehenengo kableatua jarri genuen etxeetaraino. Baina etxeetara ezezik, ikuiluetaraino ere eraman genuen haria, hari elektrikoa; izan ere, ikuiluko lanak egiteko horrela behar zelako. Beraz, herriak aurrerapenak behar zituen neurrian, hala moldatzen zen herritarren ahalegina aurrerakuntzak eskuratzen. Moldatzea eta egokitzea beti izan dugu lege gaur egunera arte.

Enpresa berriak ere etorri zaizkigu: Jakion kontserba enpresa, Ihardun multimedia, eta diseinu industrialean berezituko den beste bat ere. Horiek guztiak eta gure herritarrak, horixe eskatzen digute moldatzea eta egokitzea hain zuzen ere. Beraz, e-debagoiena etxeko atarietan daukagu jarri beharra gure herritarrek erabil dezaten.

Bukatzeko, hiru gauza eskatzen dizkiot e-goiena proiektuari:

  • bat: Gatzaga hari elektrikoarekin lehengoz kableatu genuenean, kableari simaur usaina zerion. Oraingo kableatu honi ere horixe eskatzen diot simaur usaina izan dezala, hau da, gure ikuiluetaraino sar dadila, geure premietara egokitu dadila, eta gure beharretatik hurbil egon dadila.
  • Bi: euskaraz hitz egin dezala, beste hizkuntzetan ere lan egin dezala jakina, baina, ziurta dakigula euskaldunoi liburuetan agertzeko oso berandu arte eduki ez genuen eskubidea.
  • Hiru: irekia izan dadila, hau da, agenteak, egileak, proposatzaileak eta berri emaileak ez daitezela beti udalak, unibertsitateak edota instituzioak izan; herritar orok izan dezala jakintzaren euskarri horretara jotzeko eskubidea .

Urteek esango digute, gaur gaurkoz, asmo hutsa dena hezurmamitzeko zein neurritaraino gauza izan garen eta garai berrietara teknologia berriekin egokitzeko zenbateko trebezia erakutsi dugun. Besterik gabe, eskerrik beroenak etorri zareten guztioi.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu