Sustatu logoa Teknologia albisteak

100. zenbakia atera eta agur?

Hainbat ospakizun egin dituzte martxoaren hasieran (kontzertua, erakusketa...) eta zumaiarren ahotan izan da aldizkaria. Lan-taldeko kideek zenbaki "borobil" hori aprobetxatu nahi izan dute geldialdi bat egin eta herriari hausnarketa bat proposatzeko. Zer aterako den? Herritarrek esango dute.

Hitzaurreak honela zioen:

Ehungarren zenbakia atera eta agur?

Harrigarria, ezta? Baina hala da: agur. Baleikeren jaiotzan genituen helburuei begiratuta, gehienak bete ditugulakoan gaude: aldizkaria ireki bat sortzea, herriari hitza ematea, euskara zabaltzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura sortzea zumaiarron artean. Horiek guztiak bete ditugu, eta baita gehiago ere. Horregatik, agur esateko garaian ez da hain gogorra egiten.

Badira, ordea, bete ez ditugun bi helburu, eta horiek ere bazuten bere garrantzia:

  • Herriaren inplikazioa. Ez dugu inoiz lortu aldizkarian herriko jendeak guk nahi adina parte hartzea: antolakuntza mailan, iritzi-emate mailan, zabalkundean...
  • Sendotasuna. Ez bakarrik denboran iraungo duen aldizkari bat izatea, baizik eta iraute horretan sendotasun bat izango duena. Horretarako, garbi dago talde baten babesa jaso behar duela. Hasieran, Gazte Batzordea bezalako taldea zuen atzean, eta orain lagun koadrila bat besterik ez gara. Horrelako proiektu bat arrakastatsua izan dadin, uneoro babestuko duen kultur talde baten beharra dago beti, eta guk ez dugu hori lortu.

Dena den, badugu oraindik bi helburu horiek betetzeko asmoa. Ez Baleike bezala, baina bai agian bestelako formula baten bidez. Zortzi urteko historia da gurea, eta urte horietan jasotako esperientzia, informazioa, eta orokorrean aldizkari bat egiteko jakintza hori guztia alferrik galtzea bekatu larria iruditzen zaigu.

Honakoa da, beraz, proposatzen dizuegun asmo berria: Baleike argitaratzeari utzi, baina komunikabide berri bat kaleratzeko asmoarekin.

Komunikabide horren nondik norakoak (izena, formatua, estiloa, edukiak...) ez dakigu zeintzuk izango diren, ez baititugu guk erabakiko. Horretarako, herriaren inplikazioa eskatzen dugu, hau da, horrelako proiektu baten beharra ikusten duten pertsona, talde, alderdi orok parte hartuko duen proiektu bat. Guztion artean eztabaidatu eta erabakiko dugu nolako komunikabidea behar dugun, baina ez hori bakarrik: lehen esan bezala, komunikabide batek badu babestuko duen kultur talde baten beharra, eta hori ere sortu beharra dago. Proiektua, beraz, guztion artean biak sortzea litzateke. Guk urte hauetan jasotako esperientzia eskainiko diogu sorrerako talde horri, komunikabidea eta kultur elkartea sortzeko behar diren pauso guztietan lagunduz eta bultzatuz, baina ondoren jaioko den ekimen berrian ez dugu parte hartzeko asmorik, beharrezkoa ikusten dugulako jende berria izatea, ideia berriekin, honen guztiaren ardura hartuko duena.

Esan bezala, bi helburu horiek utzi ditugu bete gabe, baina oraindik ere guztion artean beteko ditugula uste dugu. Mila esker urte hauetan guztietan emandako laguntza eta babesarengatik. Ederra izan da benetan guztion artean lortu duguna, eta are ederragoa izango da lortuko duguna.

Baleike

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu