Eraikuntza baten balioa ez da erratzen bakarrik Korintoko kapitelen presentzian. Katedralak, elizak eta udaletxeak moduko eraikuntzak babesten eta zaharberritzen dirua eta lana ematera ohituta gaude, baina fabrika zaharrak mespreziatzen ditugu.
Arrasaten, adibidez, Zerrajerako eraikuntza nagusia bota nahi da.
Azkenengo Plan Orokorrean ordenamenduz kanpo (offside, futboleko lexikoa erabiliz) gelditu ei da eta Udalak bota egin gura du bere lekuan, toki honetan eraikitzen ari den urbanizazio berriaren barruan, lorategi edo gune berde bat jartzeko. Zerrajera osoaren azalera, Arrasateko erdialdean, 80.000 m2 koa zen eta, dagoeneko, ia dena botata dago.
1906.ean eraikitako fabrikaren eraikin nagusiak, bere erloju ia ofizialarekin, mondragoetarrontzako balio handia dauka. Arkiteknikoki monotonoa, arrazionalista eta oso grisa izanda ere (gure izakeraren islada, nonbait), inork ezin dio estiloa eta pertsonalitatea ukatu.
Arrasateko Udalaren asmoa eraikina botatzea da (urbanisten konsigna hori omen da, dena bota, lurra berdindu eta berriro eraiki) eta beste leku batean Industria Museoa kokatzea. Ez dakit egunen batean Museoa egingo den (10 urte daramatzate proeiktu honekin bueltaka); baina, errealitate birtualak (Museoa) sortu baino lehenago, ez luke lehentasuna izan beharko gauza errealak (Historiaren aztarnak) mantentzea?
Daramagun martxan, laister supermerkatuak, auzo erresidentzialak plaza aseptikoen inguruan eta frankiziazko pub irlandarrak baino ez dugu ikusiko gure herri eta hirietan.
Baina itxaropen izpi bat gelditzen zaigu!Debagoieneko Kapirixo Elkarteak, Ondare Industrialeko Euskal Elkarteak eta hainbat hiritarrek kanpaña jarri dute abian, Zerrajerako eraikin nagusia salbatzeko. Hala bedi.
Eibarren ere Alfaren eraikin nagusia botatzeko dira. Baina ez diote halako propagandarik egin, gehiegi interesatzen ez delako, noski.
Horren ordez demaseko merkatal gunea eta 300.000 Euroko etxeak ikusiko ditugu seguruenez.
Lehendik gelditzen dira Eibarren gure iraganaren testigantza gutxi, eta horrelakoekin geroz eta gutxiago.