Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euroa erabiltzen ikasi ez eta pezeta ezin erabili

editorea - sustatu
2002-02-28 12:02

Bi monarkia, bi errepublika garai, bi diktadura, gerra zibila... denetik pasatu du pezetak, eta inork estimu handirik izan gabe galduko da. Orain beste 300 milioi europarrekin batera Euroak hartuko du lekua. Europar Batasuneko 12 herrialdek galduko dute urte askoan erabilitako moneta eroarekin jarduteko.

Eta zer egingo dute balioa galduko duten moneta guztiekin? Ba pezetak garagardo barriletarako, 10, 50 eta 200ekoak errefrigerazio hodietarako, 25, 100 eta 500ekoak barkuen helizeetarako. Pezetak duen aleazioagatik ezin da euroak egiteko erabili, beraz, txatarra bihurtu eta erabilpen industriala emango diote. Inork gutxik dakien leku batean egingo da prozesu hau. Segurtasun neurri handiez babestuta egongo da txatarra. Nork esango luke balioa galdu duela?

Euskaldunok deklinatzen ere ikasi beharko dugu euroa. Eztabaidarik egon da sustatun deklinatze eraren gainean, Mitxel Kaltzakorta, Luistxo Fernandez... izan dira eztabaidan, baina Euskaltzaindiak eman du horren gaineko iritzirik. Gramatika batzordearen iritziz, eroa horrela deklinatzen dela esan du Euskaltzaindiako Joxe Ramon Zubimendik:

  1. Izenaren laguntza duenean, gure ustez, "-tan" bukaera dutenak erabiliko genituzke galderak egiteko; alegia, "zenbat eurotan erosi duzu?". Nolanahi ere, "euroetan" aukera txartzat eman gabe.
  2. Erantzuna ematerakoan ere, "100 eurotan" eta "50 zentimotan" erabiliko genuke, hemen ere beste aukera ukatu gabe, bietariko adibideak aurki daitezke eta.

Miel Loinaz Uzeikoak horrela deklinatuko luke:

Eurotan ordaindu, frankotan ordaindu, pezetatan ordaindu 5 duroan erosi, 5 euroan saldu, hogei duroan saldu Eta -ko atzizkiarekin ez dago zalantzarik: 10 euroko billetea.

Uzeiko Jabier Agirrek "duro" hitzarekin parekatzeko gomendioa egin du:

  • gozokia 10 eurotan dago salgai (garesti samar, ezta?)
  • zenbat eurotan salduko duzu?

Baina aldi berean 300 euroko jertsea (ez eurotako)

Beste herrialdeetan ere arazo antzerakoak izango dituzte edo berriz ere Euskal Herrikook gara arraroak?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu