Sustatu logoa Teknologia albisteak

Elkarri prest dago PPren eta PSEren zerrendetan joateko

Joxe Aranzabal
2002-02-24 20:02

Jonan Fernandezen hitzek hautsak harrotu dituzte hedabideetan. Izan ere, “El Correo”n igandean agertu eta gero, han eta hemen errepikatu dira, hedabide guztietan. Funtsean esan du Jonan Fernandezek Elkarriko kideak prest daudela PPren eta PSEren zerrendetan joateko, baldin eta bi alderdi horietako hautetsiek segitzen badute mehatxuak jasotzen.

“Ikaragarria da zer gertatzen ari den PPren eta PSEren hautetsiekin eta horrek oinarri demokratikoei eragiten die”, esan du Elkarriko koordinatzaileak. Argitu du eurena ez litzatekeela izango babes alderdikoia, elektorala edo politikoa, “baizik eta elkartasunak eragindako jarrera bat; ez ginateke jarriko, gainera, aukeratuak irteteko moduan, baizik eta atzeko tokietan”. Fernandezek argi utzi nahi du herri honetan denek dutela lekua, “abertzaleek, abertzale erradikalagoek, zentristek, sozialistek, kontserbadoreek…”.

Esker ona

Rodolfo Ares PSE-EEko eledunak eskerrak eman dizkio Elkarriri eskaintza horrengatik El País egunkarian, baina aldi berean adierazi du sozialistak saiatuko direla zerrendak osatzen beren afiliatu eta jarraitzaileekin.

Leopoldo Barreda PPko bozeramaileak, berriz, uste du “itxurakeria hutsa” dela Elkarrik egindako eskaintza. Izan ere, “ETA suntsitzea nahi ez dutenen artean baitago Elkarri aurrean”, Barredaren iritziz.

Ez jarri legez kanpo Batasuna

Eskaintzarekin batera, Jonan Fernandezek eskari bat egin die popularrei eta sozialistei: “bazter dezatela Batasuna legez kanpo uzteko asmoa, zoritxar eta hanka sartze handia izango litzateke eta”. Legez kanpo utziko balute, ostera, Elkarrik zerbait egingo luke ezker abertzaleak aukera izan dezan udal hauteskundeetan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu