Teknologia albisteak
1

eEuskadi.net, Euskadi Informazio Gizartean planaren ataria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2002-02-22 : 14:02

Ibarretxe lehendakariak asteazkenean aurkeztutako Euskadi Informazio Gizartean planak badauka jada webgunea. eEuskadi.net domeinuaren bidez desbideratzen zara gune berrira. Bertan jaso dezakezu Planaren testu osoa, atalez atal azaldua. Guk Planak euskarari buruz esaten dituen batzuk laburbildu ditugu.

eEuskadi.net sarrera orri soil bat besterik ez da. Zuzenean edukietara sartzeko, hobe duzu hemen klik egin:

Planaren ildo nagusietako bat Euskadi Sarean delakoa da. Hizkuntzarekin eta teknologiarekin zerikusia duten zenbait gauza jasotzen ditu Planak alor horretan.

Adibidez, euskarazko edukiak garapena ekimenean zera irakurtzen dugu:

Euskara eta teknologia berriak sustatzeko ekimenentzako laguntzen berariazko deialdia egingo da programaren baitan. Besteak beste, era honetako ekimenei emango zaie laguntza: euskarazko bilatzaileak, euskarazko atariak, euskarazko web orriak, gazteentzako egindako euskarazko edukiak, euskaraz egindako gai bakarreko atariak, eta abar.

Lehendik dauden elementuak katalogatzea zeharkakoa zaie kultura eta hizkuntza politika gaietako proiektu guztiei. Ikerketa, antolaketa eta datu bilketako lana da. Datu horiek katalogo berrigarriak argitaratzeko erabili ahal izango dira gerora.

Euskara geroz eta gehiago agertzen da interneten, bai eta PCetan erabiltzeko egindako produktuetan ere. Baina produktu horiek erabilgarriak izan daitezen ezinbestekoa da lehendik dauden ekimenak eta etorkizunean sortzen direnak ordenatu eta zabaltzea; hala nola, web guneak, aplikazioak, tresnak, erreferentzia obrak, e.a.

Bestalde, atarien garapenari dagokionez, haurrak internet erabiltzen hasten direnean euskara erabiltzeko aukera dutela ziurtatu behar da. Hori horrela izan dadin eta sarean dauden edukien sakabanaketari aurre egiteko, haur eta gazteentzat euskarazko atariak sortzea hartu da helburutzat.

Atari horietan, besteak beste, aplikazioak edota guztion intereseko atalak bilduko dira (haurrentzako interneteko eskuliburuak, haurrentzako entziklopediak, artikulu interesgarriak, e.a.), eta eguneratzen eta proiektu berriekin osatzen joango da.

Horren barruan proiektu batzuk ere aipatzen dituzte:

  • Interneten euskara sustatzearekin lotutako laguntzen berariazko deialdia
  • Gazteweb
  • Ekimenen antolaketa, balorazioa eta zabalkuntza
  • Euskararen agerpena interneten
  • Euskarazko eduki eta tresnen sustapena interneten
  • Txikiweb

Beste alor bat da Hizkuntza baliabideen garapena sarean:

Interneten kalitatezko hizkuntz baliabideak edukitzea eta etengabeko eguneratzea bermatzea. Azalpena Euskadiko hizkuntz baliabideen eguneratzea interneten abian jartzea eta sistematizatzea da programa honen xedea. Baliabide horien artean ditugu Euskalterm terminologi bankua eta Hizkuntza Politikarako Sailordetzaren web gunea.

Euskalterm eguneratzeak honako prozesuok barne hartzen ditu: datuak eguneratzea, datu berriak gehitzea, erabiltzen ez diren datuak edo okerrak direnak kentzea, fitxak hierarkikoki sailkatzea, irakurtzeko zailak diren fitxak transkribatzea, hutsuneak dituzten atalak osatzea, erabiltzaileek egindako kontsultetan oinarritutako ikerketa puntualak egitea, eta neologia eta terminologia zaintzea.

Hizkuntza Politikarako Sailordetzaren web-ari dagokionez, berriz, kontsultatzeko material berriak gehitzeko asmoa dago; hala nola, euskara-frantsesa/frantsesa-euskara hiztegia eta interes handiko beste hainbat erreferentzia obra (entziklopediak, e.a.). Horrez gainera, tresnak etengabe eguneratuko dira.

Beste alor bat da, azkenik, euskarari aplikatutako ahots, itzulpen eta trestu tratamenduaren teknologiei dagokiena. Horren barruan sartzen dira:

Ahots, itzulpen et testu tratamenduaren teknologiarik modernoenak erabiliko dira euskararen erabileran eta sustapenean. Esate baterako: ahots sintesia, itzulpen automatikoa, ahots interfazeak, e.a.

Proiektuak

  • Web interfazeen itzulpen automatikoa egiteko aplikazioa
  • Informazioaren eta Komunikazioen Teknologietan euskara sustatzeko laguntzak
  • Ahots bidezko posta elektronikoa
  • Ahots sintesiaren euskarazko aplikazioen garapena
  • Ahots teknologien egiaztapen esperientziak

Erantzunak

Luistxo
2002-02-24 : 10:57

Gune horrek zerrendatzen dituen tresnen artean, bilatzaileak daude, baina ez ditu euskara hutsezko bi bilatzaileak aipatzen, Jalgi eta Aurki


Beste atal bat liburutegia da, Informatikaren inguruko liburuen zerrendarik osatuena omen, baina gaztelaniazko izenburuko zortzi txosten besterik ez daude han, erdiak Asociación de Usuarios de Internet espainolaren artxiboetakoak.


Euskarazko edukiak sustatzen?


Erantzun

Sartu