Kursaal aretoa bete-bete eginda zegoela aurkeztu dute Josu Jon Imazek eta Juan Jose Ibarretxek Euskadi Informazio Gizartean. Entzuleen artean telekomunikazio arloan ezaguna den jende asko. 560 milioi euroko inbertsioa eskatzen duen egitasmoaren ildo nagusiak azaldu zituen Lehendakariak.
Jende uholdea zegoen gaur eguerdian Kursaal-aren kubo txikian. Badago jakin-mina EAE-k gai honen inguruan hartu beharreko norabidea ezagutzeko. 300 lagun inguru batu dira
Iraultza teknologikoaren atarian gaudela esan du Juan Jose Ibarretxek, aldaketa izugarriak ekarriko dituela eta hori erronka izango dela Euskal Herriarentzat. 2000Hiru ekimena izan da euskal gizarteak egoera berrira egokitzeko izan duen erreakzioen eragilea, bai hezkuntza alorrean, bai enpresetan, bai administrazioan bai eta etxeetan ere. Programa horren emaitzak jakinekoak dira, esaterako, 1999. Urtean Euskadiko etxeetatik biztanleen %6 konekta zitezkeen Internetera, eta 2001 urtean, berriz, %25 dira. Kataluniarrekin batera, Estatuko erkidegoen buruan gaude, beraz.
Hiru euskarritan egingo da eraldaketa:
Helburu moduan, epe luzera, Europar Batasuneko herrialde garatuenekin batera (Suedia, Finlandia eta Danimarka) egotea jarri du Ibarretxek.
Lehendakariak kultura digitalean sartzeko gonbita egin die herritarrei, bizi kalitatea hobetzeko, harremanak aberasteko eta aisialdiko aukerak areagotzeko.
Horrenbeste aldiz erabiltzen dugun informazioaren gizartea kontzeptua horrelaxe definitu zuen Ibarretxek: Informazioaren Teknologien eta Komunikazioen garapenaren ondorioz gertatzen ari diren eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikoak biltzen dituen prozesua, baita teknologia horiek erabiltzeak informazioa lortu, bildu, prozesatu eta partekatzeko eskaintzen duen ahalmen mugagabea ere.
Helburu estrategikoa ere markatu du lehendakariak: Euskal gizartea aro digital berrira egokitzea, kultura aldaketa sustatuz eta teknologia berriak pertsona guztien zerbitzura jarriz, bizitza kalitatea hobetu, oreka sozial handiagoa ezarri eta gure ekonomian aberastasuna sortzeko. Helburu horien artean, Etxean ordenagailu pertsonala duten familiak %21,5 igotzea izango da, hau da, %65 izatera pasatzea. Internet erabilera ere egungo %29,2tik %65era pasatzea edo merkataritza elektronikoan jarduten dutenak %16,9tik %35era pasatzea.
Jarduera ildo batzuk ere markatu dituzte Jaurlaritzatik. Erabiltzaileei dagokionez honako jarduera esparruak hartzen dira aintzat:
Eduki eta zerbitzuei dagokionez:
Honetarako Azpiegitura berriak bultzatuko dira (EUSKONIX, lurreko telebista digitalaren ezerpena, banda zabaleko azpiegiturak herrialde osora hedatzeko plana, 12bask, multimedia korridorea...), teknologia modernoenak erabili eta administrazio publikoa denez honen atzetik dagoena Arautu ere egingo da esparru hau, erabiltzailearen eskubideak babesteko.
Zifra gehiago:
Internet erabilpen maila hezkuntzan: Unibertsitatean, lehen hezkuntzako edukiak interneten jartzen zein Bigarren Hezkuntzan, %5etik 40ra pasatzea.
Ekipamendu mailan, interneta banda zabaleko konexioa duten lehen hezkuntzako ikastetxeak %14,5 izatetik %100 izatera. Berdin bigarren hezkuntzako zein LHko ikastetxeekin. Kontuan izan, Konekta zaitez programarekin 20 ikasleko ordenagailu bat izatetik 12 ikasleko bat izatera pasatu dela. Hori da gaurko egoera, baina hobetu gura da.
Posta elektronikoa erabiltzen dutenak %49 izatetik %60 izatera.
Sekulako oihartzuna izan du ebentoak. Nor ez zegoen han?!
Korbatadunak batez ere (tartean neu), baina korbata bakoak ere bai, Sustatun idatzi ohi duen jendea ere bai, hala-nola Iban editorea, Josu Waliño Elhuyarkoa, Amatiño (korbata barik bai, pajaritarekin)... Ez dute Sustatun idazten baina korbata bakoen artean Aitor Lopez de Aberasturi Kaixokoa, Zuzen de la Cueva EuskalGNU-koa edo Javier Etxebeste Yahoo Españako zuzendaria ere ikusi ditut.
Aurkezpenerako sekulako diaporama animatua erabili dute. Batek esan dit Silicon Graphics makina bat hamar prozesadorerekin zebilela han martxan. Ez da txantxetakoa halako trasto batek balio duena.
Eta, enfin, pintxoak oso onak.