Sustatu logoa Teknologia albisteak

Nafarroako Bertso Liga abian

Nafarroako Bertso Ligak Nafarroako bertsolaritza suspertu asmoz, bere ibilbideari ekin dio. Urtero txapelketa antolatzeak bertsolariengan -eta gazteenengan bereziki- duen nekea kontuan harturik, afalondoko saioak, giro intimoagoan, eta presio gutiagorekin antolatzeko bidea proposatu zen. Bide berari ekin zioten Ipar Euskal Herrian ere.

Larunbatean hasi zen, bi saio aldi berean egin zirela. Tuteran bata, Atallo-Arriben bertzea. Tuterakoa bikain joan zen. Aurten Nafarroa Oineza bertan eginen dute, eta ekitaldi horien aurkezpenerako bertso afaria antolatu zen. Gutitan dute hain giro erdalduneko hirian euskara hutsezko ekitaldi batetaz gozatzeko parada, eta zinez eskertu zuten bertako euskaldunek. Giro aparta, kantua joan eta kantua etorri, goizeko ordu ttikietan utzi genituen, bi orduko bidea baikenuen oraindik, Nafarroako errepideetan barrena. Euren besta noiz bukatu zen ez dakigu, baina handik mugitzeko asmo guti zuten.

Tuterako saioan Bittor Elizagoien izan zen lehena, Xabier Legarreta, Joseba Beltza eta Mikel Altzuarten aitzinetik. Atallo-Arriben, aldiz, Iñigo Olaetxea gailendu zitzaien Aritz Saragueta, Pello Goikoetxea eta Xabier Terrerosi.

Denetara 20 bertsolarik eman dute izena Nafarroan, eta bakoitzak 3 saiotan kantatuko du, Nafarroa osoan zehar. Bertzeak bertze, Bera, Lesaka, Garralda, Ituren, Aniz, Zugarramurdi, Ihabar, Lakuntza, Lizaso edo Zizur bezalako herrietara iritsiko da.

Finala apirilaren 14an

Hamabortz saioetatik hamaika puntuazio onenak lortzen dituztenak sailkatu dira Nafarroako Txapelketarako, eta hauei Ipar Euskal Herriko Ligako bertze 7 lagun erantsiko zaizkie. Sara, Burlata eta Bidarrain finalerdi bana jokatu ostean, Donezteben jokatuko da euskara hutsez Nafarroan egiten den ekitaldirik jendetsuenetako bat, Nafarroako Bertso Txapelketaren Finala. Apirilaren 14ean izanen da hori. Bitartean, han-hemen ibiliko gara kantua eta elea banatzen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu