Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskararen lehentasuna, hedabideak

Mikel Irizar
2002-02-15 15:02

Alarmismorik gabe baina gordin luzatu nien nire kezka Gernikan bildutakoei. Kezka hori ondoko puntutan oinarritzen da:

  1. Informazio Gizartean edukiak urrea dira. Alferrik dira sareak eta zerbitzuak ez bada hartzailearen arreta lortuko duen edukirik. Eta hurbileko informazioa kilate askoko urrea da. Euskarazko toki hedabideak nagusi dira hurbileko informazioan, garaile izaten jakin zutelako, baina irabazitakoa galtzeko zorian daude.
  2. Hizkuntzaren ikuspegitik, Informazio Gizartea aukera paregabea da euskarari bultzada handia emateko. Aldiz, orain galtzen dena luzerako galduko da. Euskararen bilakaera kuantitatiboa urte askoko lana da, baina hurrengo urteetako giltza hedabideetan dago. Euskararen lehentasuna da hedabide modernoak sortzea, elkarrekin lotuak eta herritarren hurbilekoak.
  3. Hedabide handiak hurbileko esparruan sartzen ari dira. Prisak eta Correok telebistaz hartu dituzte EAEko hiriburuak, Deia herrialdetu egin da, Diario Vascok eskualdekako erredakzio-enpresak sortu ditu, Egunkariak Bizkaia gehigarria eta Tolosaldeko Egunero abiatu ditu, Garak herrietako orri gehiago du...
  4. Euskarazko toki hedabideak (ETH) ez dira asko mugitu. Debagoienean egin da eskualdeko hedabideak bateratzeko esperientzia, eta emaitza ona izan da. Tolosaldean Egunkaria eta Galtzaundi elkarrekin aritu dira, baina zalantzak ditut lankidetza eredu izan ote daitekeen.
  5. ETHek estrategia bateratua behar dute aurrera egiteko. Lehenik, orain artekoa indartu behar dute elkar hartuz, eskualdeka, Goienaren bidetik. Bigarren, euskal gizarteak behar duen eta inork egin ez duen hedabideen plan estrategikoa abiatu behar dute, eta hedabide nazionalekin adostu. Azkenik, erakundeekin lankidetza finkatu beharrean daude, epe luzeko proiektu baten inguruan.
  6. ETHen lehen loraldian autoedizioa izan zen bezala, oraingoan internet izan daiteke garapenerako tresna. Hurbileko urrea di-da sarean jartzen duena izango da hurbilean errege, eta munduan nor. Sareko orainkaria, testuz, soinuz eta irudiz ondo ornitua, hori litzateke etorkizunerako giltza.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu