Bisbalek, Chenoak ala Manuk, nork irabaziko du Eurovisionerako txartela?
2002-02-11 12:02
Espainiako sei udal eta sei diputazio buru eta bihotz sartu dira lehian euren herrikideek irabaz dezaten Operación Triunfo. Batzuek telefonoak jartzen ari dira, jendeak doan eman dezan botoa; besteek, ordea, kartelak atera eta telebista ikusteko lekuak prestatu dituzte. El País egunkariak eman du horren berri.
- David Bisbal. Almeriako Udalak lau telefono jarri ditu, herritarrek David kuttunaren alde eman dezaten botoa. Astelehenean, gainera, 20x20 m.ko pantaila erraldoi bat jarriko dute herriko plazan, azken jaialdia jarraitzeko. Diputazioak ere bi telefono jarri ditu, jendeak doan dei egin dezan. David Bisbalen familia, bestalde, hiria goitik behera ari da orrazten furgoneta batekin, megafonia bidez gogorarazten herritarrei deitzeko.
- Chenoa. Palmako alkatea babesle bila ari da doaneko 20 telefono jartzeko Chenoari laguntze aldera. Mallorkako Consell delakoak ere 10.217 euro (1,7 milioi pta) gastatuko ditu komunikabideetan uhartetarrak animatzeko Chenoa laguntzera. Prest dago, gainera, deiak ordaintzeko. Mallorkaren ahotsa Eurovisionen esaten diote Chenoa txikiari.
- David Bustamante. San Vicente de la Barqueran gehiago nahi dute. Joan den astelehenean sekulako festa antolatu zuten beren herrikidea sailkatu baitzen finalerako. Orain beste kanpaina bati ekin diote elastikoak saltzen, kartelak ipintzen eta jendea animatzen deitzera. Udala pentsatzen ari da kiroldegia egokitzea asteleheneko gala jarraitzeko.
- Manu Tenorio. Sevillako autobusek kartelak daramatzate herriko semearen aurpegiarekin: Sevilla Manu Tenoriorekin, diote. Udalak ez, baina Partidu Andalucistak telefonoa utzi die, doan, deitu nahi dutenei Triana auzoan, Manu hangoa da eta. Honen amak ez du esan nahi izan semea Betisen ala Sevillaren jarraitzailea den, osterantzean herritarren erdiak aurrera egiten lagunduko ez dioten beldur baita.
- Rosa. Granadako Armilla herrian 25.000 afixa jarri dira Rosaren argazkiarekin. Udala sekulako festa antolatzen ari da Rosa akademiatik itzultzen denerako. Telefono enpresa batek mahai bat jarri du herritarrek Rosaren alde dei egin dezaten, musutruk. Udal irratiko langileek ere esaten dute telefonoak kolapsaturik dauzkatela, hainbeste dei jasotzen dituzte eta.
- Veronica. Salbuespen bat behar-eta, kontua da Elche inguruan ez diotela kasu handirik egin beren herrikideari. Beldur omen dira ez dela sailkatuko lehen hiruren artean eta horrek hotz eta motz utzi du bat baino gehiago. Hala ere, orain bi astebete hango diskoteka batek lau telefono jarri zituen Veronicaren alde. Orain udalak ere beste horrenbeste egingo du. Nahi duten herritarrek Gran Teatren ikusiko dute asteleheneko saioa, hiriko antzokirik handienean.
Erantzunak kargatzen...