Maixa Lizeaga Urnietako alkateak eta Juan Luis San Migel udal bereko zinegotziak, biak EAJko kideak, dimisioa aurkeztu zuten ostiralean egin zen osoko bilkuran. El País egunkariak aipatzen du 2000ko maiatza ezkero Urnietako Udalak salgai jarri zituela Urnietatelen dituen akzioen %70, baina hainbat gorabehera tarteko, salmenta inoiz ez dela burutu. Oposizioak dio irregulartasunak izan direla udal operadorearen gestioan.
Urnietatel hizpide izan da leku askotan, 1998an sortu zenetik telekomunikazioko operadore moduan. Baita hemen ere. Izan ere, eredu izan da beste udal askorentzat.
Urnietatel 1998an aurkeztu zuen Jose Inazio Lizeaga orduko alkate eta Maixaren anaiak. Helburua zuen herritarrei telefono eta Internet zerbitzuak eskaintzea oso-oso merke. Atzean Urnieta Eraiki elkarte publikoa omen zegoen, udalaren diruarekin. El Paísek adierazi duenez, Urnietatelek Donostialdera zabaltzeko asmoa zuen. Hala ere, hasierako inbertsio handiak eta geroztik galdu duen diruak eraman zuten Urnietako Udala konpainia esku pribatuetan jarri nahi izatera. Baina gauzak ez dira joan nahi bezala:
> * Porrot egin du Urnietako esperimentuak?
>
> * Ala Urnietakoa eskualderako *teleco* bat bihurtzeko saioak?
>
Nire ustez pribatizazio saiakera hori izan da huts egin duena. Zergaitik saldu? Zergaitik horrenbesteko milioiekin amets egin? Zertarako?
Pelotazoaren garaiak zorionez joan ziren.... Urnieta eredu izan da, informazioaren gizartea, informazioaren bitartez gizarteratzen... baina nonbait tronpatu egin dire gerora. Mozkorraldi bat izan dutela dirudi.... eta dimisioari usai txarra dario!
Pribatizazio prozesuetan beti edo gehienetan herriak galtzen du, eta esku ilunek parte hartzen dute, herriari berari bizkarra emanez.
Zer gertatuko da orain?
Hemen niri sortzen zaidan zalantza nagusia zera da:
Urnieta barruan herritarrek daukaten zerbitzuak, behintzat, inbidia ematen segitzen du. Huts egin duenak, zerbitzu hori eskaintzeko ahalegina barik, inguruko herrietara zabaltzeko operazio enpresariala bada, atera ditzakegun ondorioak oso desberdinak dira.
Bide batez, atzoko El Paisen informazio gehiago zetorren.