Amodiozko gutunen lehiaketako irabazlea zarauztarra
Sari banaketa hilaren 14an egingo da, eta orduan, irabazleek euren lanak jende aurrean irakurri beharko dituzte. Baina ordura arte itxaron gura ez baduzue, hona hemen irabazlea.
Sari nagusia -450 euro, afari erromantiko bat eta hoteleko suitean zapatu gau bat pasatzeko aukera- Bertol Arrieta zarauztarrak irabazi du. Bigarrena -240 euro eta afari erromantikoa- Irati Hartsuaga 16 urteko tolosarrak eskuratu du.
Debagoienean hiru sari banatu dira, lehiaketaren lekua Bergaran izateagatik izan daiteke, edo idazle finak daudelako eskualde horretan... 3 sari geratu dira: Bergarako onena Roberto Izagirre, Debagoieneko onena Iraitz Agirre eta irakurle gazteen saria Maite Toledo.
Epaimahaiak aho batez aukeratu zuen irabazlea. Lan horren gainean, honakoa esan dute: Istorioak eraman egiten zaitu, irakurtzen segitzera bultzatzen zaitu, gauzak kontatzen dituelako. Bere freskotasun eta naturaltasunagatik aukeratu dugu. Umore puntua ere badu. Bestalde, idazleak bere euskalkian idatzi izanak sinesgarritasuna ematen diola kontakizunari ere azpimarratu dute. Alargundutako emakume nagusi batek bere senarra izandakoari idatzi dio gutuna zerura.
Epaimahaian izan dira Estitxu Fernandez (bertsolaria ETB-ko aurkezlea, Ainara Elizondo (iazko irabazlea), Arantxa Urretabizkaia (idazlea) eta Jose Mari Velez de Mendizabal (idazlea).
Balorazioa ere egin zuten epaimahaikoek
Hamar urte hauetan, 1.632 gutun jaso dira Amodiozko Gutunen Berrigara Lehiaketan; aurten, 107. Gutun horiek guztiak irakurri ondoren, aurtengo epaimahaiko lau kideek balorazio orokor bat ere egin dute. Denetarik zegoela azaldu dute, baina saritutako lanek eta finalistek benetan maila bikaina zutela ere esan dute. Asko landutako gutunak dira eta hiztegi aberatsa erabiltzen dute, gaineratu dute.
Gaiari dagokionez, bikote nerabeen arteko gutunak dira gehientsuenak, eta apenas irakur daitezke beste era bateko maitasuna adieraz dezaketenak, esan du epaimahaiak. Topikoetatik ihes egiten duten gutun gutxi zeudela azpimarratu dute. Horretan, parte hartzaileen batez besteko adinak zerikusia izan dezakeela esan dute: 20-25 urte.
gutuna itsatsita daukazu rtf formatuan.
Erantzunak kargatzen...