Teknologia albisteak
2

EuskaraZ zerrendaren jarraipena

Erabiltzailearen aurpegia
UEUren Zerrenda Zerbitzua - UEU
2002-02-05 : 12:02

Azkenean, zenbait gorabeheraren ondoren, euskara hutsezko lehen posta-zerrendak, EuskaraZ-ek, jarraipena izango du. Istorio luzea izan da. Baina, azkenean (orain bai), kudeatzaile berri bat izango du zerrendak.

UEUk kudeatzen EuskaraZ zerrenda, baina kudeaketari lotutako zenbait arazoren ondoren, erabaki zuen haren ardurarekin gehiago ez jarraitzea. Hori erabaki zenean, bi konpromisu hartu ziren harpidedunekin.

  1. Moderatua izango den zerrenda bat eratu eta horren kargu UEU egitea.
  2. EuskaraZ zerrenda norbaiten kargu uztea.

Lehen konpromisua bete zen, eta Uztargi zerrenda martxan dago jada. Bigarrena betetzea zailagoa izan da.

  • Euskalgintzako erakunderik ez da zerrendaz kargu egin nahi izan.
  • Zenbait eskaintza izan ziren, baina eskaintza horiek ez zuten bermatzen, gure ustez, betebeharreko minimoak. Eskaintza bat bazegoela eta ontzat eman genuela ere iragarri genuen (Sustatun bertan ere bai), baina azkenean, tamalez, eskaintza horrek berme nahikorik ez zuela ikusi genuen (neurri batean, Sustatun bertan azaldutako beste albiste bategatik ).

Hori ikusirik, UEUk EuskaraZ bertan behera uztea erabaki zuen, baina azken unean, beste eskaintza bat jaso eta haren bidez irtenbidea aurkitu zaio zerrendari.

Hain zuzen ere, mezu bat jaso genuen, zerrendaren kargu hartu nahi zuen pertsona batena. Beste eskaintza batzuk bezala, arretaz neurtu du UEUk eskaintza, eta pertsona horrekin harremanetan jarri ondoren, eta detaileak adostu ondoren, zerrendaren kudeaketa bere eskuetara pasatzea onartu dugu.

Asier Garaialde da pertsona hori, EuskaraZ-eko aspaldiko harpideduna.

UEUk prozedura hau pentsatu du:

  1. EuskaraZ zerrendako harpidedunen helbideak ez zaizkio zuzen-zuzenean pasatuko Asierri.
  2. Harpidedunek baiezkoa eman beharko diote "aldaketari", eta era honetan gertatuko da hori:
  • EUSKARAZ-EN JARRAITZEKO: EuskaraZ-eko partaide guztiek gonbidapena jasoko dute, zerrendara BERRIZ harpidetzeko. Gonbidapen hori Yahoo Groups zerbitzuaren bidez jasoko dute, erdarazko instrukzioak ekarruko dituen mezu batean. Berriz harpidetzeko egin beharko dena oso erraza izango da: mezuari erantzun automatikoa egin, eta kitto. Reply, Responder, edo Erantzun aukera baliatu zuen e-posta programan, eta zuzenean hori bidali, beste ezer idatzi gabe.
  • EUSKARAZ-EN EZ JARRAITZEKO: EuskaraZ zerrendan jarraitu nahi ez bazenu; zeure helbidea kudeatzaile berriaren esku ikusterik ez baduzu nahi, erraza duzu: berriz harpidetzeko gonbidapena jasotzen duzunean, kasurik ez egin, eta kitto.

Oraingoz, beraz, Yahoo Groups-en segituko du oinarrituta EuskaraZ berrituak, baina Asier Garaialdek plataformaz aldatzeko gogoa adierazi du. Hori aurrerago berak antolatu beharko du.

UEUren aldetik, hartutako konpromisuak betetzeko aukera ikusten dugu eta horrek lasaitzen gaitu.

Azken-azkenean, eta denbora tarte luzeegia tarteko izan dela, hau halaxe izango dela ikusten dugu. Eskerrik asko Asier Garaialderi, bereziki, eta EuskaraZ-en harpidedun guztioi. Hor jarraian daukazue, kudeatzaile berriaren azalpena ere.

Kudeatzaile berriaren azalpena

Kaixo, Asier Garaialde naiz, Hondarribikoa.

EKBk zerrenda sortu zuen lehen egunetik nago bertara harpidetuta eta oso hurbiletik jarraitu ditut zerrendaren arazo eta gora beherak. Azken aldian, euskara eta euskal kulturari buruz hitz egiteko zerrenda izan beharrean, euskaraz edozein gairi buruz hitz egiteko zerrenda bihurtu zen. Honek, nere uste apalean zerrenda indartu eta bizitu egin zuen, interneten euskaldunok euskaraz aritzeko geneukan gunerik garrantzitsuenetakoa bihurtzeraino.

Zerrendan sortu zen azken arazoaren ondorioz zerrendaren kudeatzaileek, beste inor agertu ezean, berau bertan behera uzteko mezuak asko nahigabetu ninduen, euskaldunok interneten daukagun presentzia indartu eta areagotu egin behar dugulako eta inoiz ez murriztu.

Honela, nere burua aurkeztea pentsatu nuen zerrendaren kudeatzaile bezala, bainan egun batetan arrazoi batengatik eta urrengoan bestearengatik, kudeatzaileei bidali beharreko mezua atzeratzen joan zitzaidan, kudeatzaileek zerrendaren kudeatzaile berria Kaixo guneko Aitor Lopez de Aberasturi izango zela adierazi zuten arte.

Albiste honekin lasai geratu nintzen zerrendaren jarraipena bermaturik zegoelako, baina eguna aurrera joan ahala zerrendak abian jarri gabe jarraitzen zuen.

Honenbestez, zerrendaren kudeatzaileek aukeratutako pertsona honek zerrendaren funtzionamendua bermatzen ez zuela eta epe labur batetan norbait agertu ezean zerrenda definitiboki bertan behera geratuko zela adierazi zutenean, ziztu bizian aurkeztu nien neure burua zerrendak jarraipena eduki zezan.

Aurkezpen honetan zera adierazi nuen, nik zerrendaren kudeaketa nere gain hartuko nuen eta beraren jarraipena bermatuko nuen bainan 2 kondizio nagusi bete behar ziren:

  • Zerrenda MODERATU GABEA izango zen.
  • Zerrendaren gaia aldatu egingo zen eta euskarari buruz soilik aritu beharrean, zerrenda edozein gairi buruz euskaraz aritzeko gunea bilakatuko zen (azken aldian zebilen bezala, bainan ofizialki onartuta).

Nik, lehen aipatutako funtzionamenduaz gain, ondorengoa bermatzen nien:

Zerrendako partaideen e-posta helbideak inori ez zitzaizkien erakutsiko eta zerrendaren bitartez, propaganda mezuen zabalpena ahalik eta gehien ekiditen ahaleginduko nintzen.

Honen inguruan, momentuz arazo bat dago. Euskaraz zerrenda sustengatzen duen yahoogroups dohako zerbitzuak, zerrendakideon e-posta helbideak eskura dituela eta propagandaren bidalketarako erabili ditzakeela. Horregatik, eta lehen esan bezala guzti hori sahiesteko, zerrendak berriz indarra hartzen zuenean beste zerbitzari batetara aldatuko nuela adierazi nien. Horrela, zerrendaren kontrol teknikoa zuzenean gure esku geratuko zelarik.

Beste alde batetik, e-posta zerrenden funtzionamendu teknikoaz ere esperientzia baneukala adierazi nien, beste hainbat zerrenden kudeapenez arduratzen bait naiz (bai yahoogroups zerbitzarian eta baita beste hainbat zerbitzaritan ere), eta beraz zerrendaren funtzionamendu teknikoarekin ere arazorik ez nuela izango adierazi nien.

Honenbestez, eta zerrendaren aurrerako funtzionamendua adostu ondoren, Euskaraz zerrendaren kudeatzaile berria bezala neu izendatzea erabaki da, nere aurkezpen hau zerrendakide guztiei zabalduz.

Bestalde, Euskaraz zerrenda, uztargi zerrendarekin konpetentzian ez dela arituko adierazi nahi dut, interneten euskaldunok daukagun presentzia areagotu eta indartu egin behar delako eta horretan uztargi zerrenda ere parte aktibo bilakatu behar delako, zerrenda bakoitzak bere leku eta berezitasunak izango dituelarik.

Beraz eta bukatzeko, zera adierazi nahi dut, Euskaraz Zerrenda, BESTE ZERRENDAKIDEEKIKO ERRESPETUZ, EDOZEIN GAIRI BURUZ EUSKARAZ ARITZEKO ZERRENDA MODERATU GABEA izango dela.

Besterik gabe, eta guztion artean Euskaraz Zerrenda berriz euskaldunon arteko komunikazio tresna baliagarri eta garrantzitsu bat bihurtuko dugulakoan, agur bero bat.

Asier Garaialde

Erantzunak

Felix
2002-02-05 : 23:07

Eskaintza guztiak ez ditu berdin tratatu UEUk. EuskaraZ foroko bi partaide aktiboen eskaintzak atzera bota dituzte. Luisma Etxeberriak salatu du hori berak sortu duen Eskuaraz foroan. Josu Lavinek ere bai Euskara Batua foroan.



http://groups.yahoo.com/group/eskuaraz

http://groups.yahoo.com/group/euskarabatua/message/149

UEUren Zerrenda Zerbitzua
2002-02-06 : 18:19

Honenbestez, burutua da kudeatzaile aldaketa. Asier Garaialde da dagoeneko zerrendako kudeatzaile berria. UEUk ez du jada ardurarik zerrendaren gainean.


Euskaraz moderatu gabeko zerrenda irekia da berriz ere, eta mezuak bidal ditzakete harpidedunek. Artxiboa hemen dago: http://groups.yahoo.com/group/euskaraz/messages


Eskerrik asko esan behar diegu EuskaraZko harpidedunei, batez ere beren pazientziagatik, eta zorte on EuskaraZ zerrendari bere ibilbide berrian.


UEUren Zerrenda Zerbitzua


Erantzun

Sartu