Sustatu logoa Teknologia albisteak

Helduen Euskalduntzearen I. Mintegia, presentziala eta online

UEUko Glotodidaktika Sailak eta HABEk 1998ko martxoan antolatu zituzten lehen aldiz Helduen Euskalduntzean erreferentzia-gune bihurtu diren jardunaldiak. Dagoeneko lau edizio antolatu ditugula, urterik urte baiezta daiteke parte hartzaileen kopurua handituz joan dela. Horrek erakusten du helduen euskalduntzean ari direnen interes eta gogoa. Era berean, baiezta dezakegu jardunaldi hauek ahalbidetzen duten elkarren arteko komunikazio-foroa dela alderdi preziatuena.

Jardunaldien gainean egindako balorazioetan (antolatzaileena beraiena nahiz parte hartzaileena) oinarrituta, beste era bateko foroa sortzeko une egokian gaudela ikusi dugu, tamaina txikiagokoa eta bestelako lan-prozedurak abian jartzea ahalbidetuko duena. Izan ere, jardunaldietan izaniko parte hartzea urria izan da oso; badirudi norabide bakarreko komunikazio-moldea mesedetu dugula: hizlariak azalpena egin eta gainontzekoek entzun.

Hori horrela, UEUko Glotodidaktika Sailak Helduen Euskalduntzearen I. Mintegia antolatzea erabaki du, honako helburu hauek dituela:

  • Helduen euskalduntzean ari diren profesionalei eztabaida-foro berri bat eskaintzea
  • Gure alorrean garrantzitsutzat jotzen diren gaiak jorratzea
  • Eztabaida eta iritzi-trukearen bitartez Euskalduntze-erakundeetarako ondorio eta proposamenak formulatzea

Esan bezala, Mintegian lortutako ondorio eta proposamen horiek helduen euskalduntzean ari direnei luzatuko zaizkie, eztabaida eta hausnarketaren ondorengoak izanik interesgarriak ez ezik probetxugarriak ere izango direlakoan.

Mintegi hau bi alditan garatuko da. Lehena presentziala izango da 2002ko martxoaren 1ean UEUko egoitza akademikoan (Eibar), eta bigarrena, behin saio presentziala izandakoan, on-line gauzatuko da, HABEren plataforma telematikoaren bitartez.

Hemendik animatu nahi zaituztegu parte hartzera. Saio presentzialean matrikulatzeko plaza mugatuak baldin badira ere, mintegiaren aldi birtualean ez dugu arazo hori izango.

Euskararen mailaketa-sistema

Lehen mintegi honen gaia hori izango da: Euskararen mailaketa-sistema

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2000ko urtarrilaren 24ko aginduaren bitartez, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK) onartu zuen, obligaziozkoa izan dezaten HABE Erakunde Publikoak diruz lagundutako euskaltegiek.

HEOK-ek euskara irakatsi eta ikasteko prozesuak interpretatzeko marko berri bat ekarri du, euskaltegiotan ari garenontzat inoizko berrikuntza-prozesua martxan jarriz. Asko dira, beraz, prozesu horretan jorratu eta aztertu beharreko arloak.

Bazterrak harrotu dituen arloetako bat, ezbairik gabe, euskalduntzearen mailaketa izan da. HEOK-en aurreko programek euskalduntzea 12 urratsetan banatu zuten, bakoitzak 100-125 ikastordu bat edo hartzen zituela. Euskalduntzearen azken muga EGA izango litzateke (12. urratsa gainditutakoan).

HEOK-ek lau mailatan banatu du prozesu hori: lehenengoa 600 bat ikastordukoa, eta gainontzekoak 300 bat ordukoak. Lehen EGAtik gorakorik ez bazen ere, orain Laugarren mailak beteko luke hutsune hori.

UEUko Glotodidaktika Sailak, mailaketa berriak ekarri dituen arazoez eta zalantzez jabetuta, era presentzialean nahiz birtualean antolatu duen Helduen Euskalduntzearen I. Mintegian gai hori jorratzea erabaki du.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu