Interneten espiatzen zaituzte?
Ardurarik gabe interneten dabilen erabiltzailea bere arrastoa uzten ari da ehundaka webgunetan, bera konturatu gabe. Modu desberdinak daude horretarako, baina bi nagusi:
- Cookien bidez : webgune gehienek erabiltzen dituzte cookiak. Cookiak gure nabigatzaileak gordetzen dituen klabetxoak dira, webgune batetan sartzean gordetakoak. Adibidez, Sustatun behin artikulu bat idazten baduzu, hurrengoan artikulua idaztean, zure izena eta helbidea automatikoki azalduko zaizkizu. Hori cookiei esker egiten da. Hori ez da txarra. Okerragoa da webgune desberdinetan cookie berdina mantentzea. Azkenean, cookie hori kontrolatzen duenak zuk bisitatzen dituzun webgune guztien zerrenda on bat izango du...
- Troianoen bidez : Trojan edo troianoa deitzen zaio zure ordenagailuan zu konturatu gabe sartu eta martxan jartzen den programari, antzinako Troiako zaldiko hura bezala. Birus gehienak dira mota horretakoak. Zu konturatu gabe programatxo bat daukazu zure ordenagailuan martxan, auskalo zer egiten. Gure kasuan, kontakatillu lanak egiten ari da, zuk bisitatzen dituzun webguneen zerrenda bidaltzen bere jabeari. Horrelako programak sarritan gauza txistosoak dakarzten programetan sartzen dituzte. Bestetan, MP3ak deskargatzeko programekin lotzen dituzte (kontuz AudioGalaxyrekin )... Denetik.
Honen aurka zer egin?
Badaude horrelakoen garbiketa egiten duten sistemak. Atzo deskargatu eta jarri nuen martxan programa bat: Ad aware 5 izenekoa. Printzipioz emaitza ikaragarriak izan ditu nire kasuan. 3 urtetan zehar Spyware bezala katalogatuta dauden 105 elementu pilatu ditut. Gehienak cookieak, baina baita zenbait troiatar ere...
Gauza azkarra da, programa deskargatu, instalazioa egin eta martxan jarri. Berak aurkitzen ditu zure ordenagailuko tranpak, baita garbitu ere.
Niri duda bat gelditu zait, eta hori ez dit inork kenduko: ez galdetu zein interes duten tipo hauek garbiketa software hau erregalatzen. ...eta sistema hau beraien troiano propioa sartzeko erabiliko balute? Konpetentziarekin akabatzeko sistema ona... :-)
Badago beste soluzio bat: Kasurik ez egin guzti honi eta segi lasai nabigatzen. Zer ezkutatu ez badaukazu, agian berdin zaizu jendea zure kulero barruan begira ibiltzea...
Hori bai, cookien kontua sistema guztietan sartzen da (Windows, Linux, Mac zein Unix) baina troianoak normalean Windows sistemetan bakarrik, eta Ad aware programa hori ere, Windowserako bakarrik daukazue.
Erantzunak kargatzen...