Milio pezeta pila ederra Madrili
2002-01-30 18:01
Kontzertu eta Komenio Ekonomikoek, Estatu espainolarekiko dependentzia ekonomikoa agerian uzten dute. Jatorria, inposizio baten ondorioa dira. Karlistadak galdu ondoren, Foruak kendu eta gero soberania fiskala ere galdu egiten dugu. Eta harrezkero Kontzertu eta Komenio Ekonomikoa Estatu espainoleko egitura fiskalaren menpe daude. Espainiar Ley General Tributaria delakoaren agindupean. Bestalde, Franco hil ondoren Kontzertua eta Komenioa Espainiar Konstituzioaren legediaren azpian jartzen dira.
Gainera, historian zehar, eguneroko praktikan, lau foru administrazioak Estatuko arauak berridaztera dedikatu dira. Eta Estatuko arautegitik zertxobait aldendu direnean berehala etorri dira inguruko autonomiak, Estatua edo Europear Batasuna errekurtsoa sartzera, azken hilabete hauetan berriz ere gertatu den bezala. Dena dela, Kontzertuak eta Komenioak daukaten ahalmen txikia ere PNV eta UPN-k erabili dute neurri atzerakoiak garatzeko kapitalen eta enpresen mesedetan.
Aurrera begira, Kontzertuaren kasuan, gauzak oraindik gehiago okertzen dira. Joan den urtean Gasteizko Administrazioak eta Foru Diputazioek berriz ere, sumisoki Estatuarekin batera Batzorde misto bat eratzea onartu zuten. Hau da, edozein arau fiskal berria aurrera eramateko Estatuaren oniritzia jaso beharko du.
Hau gutxi bazen, gure kalkuluen arabera urtero Hego Euskal Herritik 500.000 milioi pezeta baino gehiago joaten zaizkigu Espainia aldera. Hein haundi batean gure herriaren kontra erabiltzen dituen eskumenak ordaintzeko. Besteak beste, armada, errege-etxea eta polizia.
Ba al dakizu kopuru hauetatik Debagoieneko eskualdeko herriei zenbat tokatzen zaien ordaintzea?. Gezurra badirudi ere, 12.411.007.122 pezeta. Eta horietatik, Debagoieneko herrietatik, datorren urterako 84.889.285 pezeta joango dira Erret Etxerako eta Organo Konstituzionaletarako, 271.294.701 pezeta nazioarteko politikarako, 1483.834.986 pezeta Barne Ministeriorako eta 2046.451.105 pezeta Defentsa Ministeriorako.
Datu hauek mahai gainean jarri ondoren, non dago PNV-EA-IU-k eta UPN-k demagogikoki hainbeste aldarrikatzen duten Kontzertua eta Komenio Ekonomikoen autogobernuaren birtualitatea?. Serioak izan gaitezen, Euskal Herriko menpekotasunaren eta partizioaren adierazle argiak besterik ez dira.
Gainera, PNV Estatuarekin burutzen ari den Kontzertuaren negoziazioa iruzur berri bat da Euskal Herriarentzat. Makilajerako aldaketa txiki batzuk gora behera, gaur egungo menpekotasun politiko eta ekonomikoan mugitzen ari da. Ez hori bakarrik, sumisio egoera hau denboran mugagabea bihurtu nahi du.
Horregaitik, euskal gizarteak eta Debagoieneko eskualdeko herriek jakin behar dute Kontzertua eta Komenioa Euskal Herriko menpekotasunaren eta partizioaren adierazle argiak besterik ez direla.
Horregaitik, ez da momentua zenbait zerga biltzeko eta beste batzuetan aldaketa txiki batzuk proposatzeko. Garaia da Kontzertua eta Komenioa gaindituz subiranotasun fiskalaren aldeko bidea egiten hasteko. Euskal Herri osorako. Kontuan eduki behar dugu ere Lapurdi, Zuberoak eta Behe Nafarroak ez duela inolako ahamen fiskalik. Behar dugun erritmoa markatuz eta estrategia amankomun baten inguruan indarrak bilduz. Guk, gainera, zerga sistema aurrerakoia eta berbanatzailea antolatzeko lan eta borrokatuko dugu.
Debagoieneko Batasuna
Erantzunak kargatzen...