Interneten erabilera euskara elkarte batean
Jardunaldietarako Interneten orritxo bat jarri nuen, nire azalpenak ideia nagusien inguruan biltzeko, eta batez ere adibideak ikusteko. Adibide horien artean, Sustatu webguneaz eta Uztarria.com herri-atariaz mintzatu nintzen batik bat.
Jardunaldiei buruzko informazio gehiago hemen: Deialdia, programa eta bertan trataturikoaren laburpena.
Internet eta teknologia berriak herri-erakundeentzako baliabide gisa
Interneten lehen funtzioa erakunde batean barrura begirakoa da. Internet erabili behar du erakundeak, bere ohiko helburu eta funtzionamendurako.
Erakundeko langile eta partaideek, egunean zehar pantaila aurrean egiten badute lanaren parte bat bederen, behar dute Internet eta e-posta pantaila horretan.
Hori edukita, beste azpiegiturarik gabe, Interneti lehen etekina ateratzen has daiteke erakundea, eta etekin horren funtsa informazio jarioa handitzea eta hobetezean datza.
Lehen urratsa: Internet informazio lortzeko erabili
Informazio jarioa antolatzen jakin behar da: bilatu eta informatu
- Bilatzaileak
- Posta-zerrendak eta boletinak, e-postaren erabilera zentzuzkoa.
- Albiste iturriak
- Gure esparruko beste erakundeen (konpetentziaren) Interneteko baliabideak ezagutu, segitu eta erabili.
Goiko baliabide hauek erabiltzen ikasi behar dute erakundeko partaideek.
Inbertsio errazena eta merkeena eta etekinaren aldetik errentagarriena horixe da. Ezarri tarifa laua bulegorako (lerro bakarreko tarifarekin ordenadore mordoxka bat elikatu daiteke) jarri Internetera lotuta pantaila guztiak, eta jarri jendea Internet erabiltzen (trebatu jendea goiko diziplina horietan).
Hori egoki egiten duen erakunde bat, webgunerik ez badu ere, superdiseinuzko webgunea daukan erakundea baino askoz aurreratuago dago Interneten, eta Interneti benetako etekina ateratzen dio.
Bigarren urratsa: Internet barne-komunikaziorako
Lehen urratserako prestatu badugu gure erakundea eta gure partaideak, hortik aurrera joan gaitezke.
Azpiegituran saltorik eman gabe, barne-komunikazioa antolatzeko erraminta handi bat badugu dagoeneko esku artean gure pantailak Internetera konektatuta badaude: e-posta.
- posta-zerrendak, eta e-postaren erabilera zentzuzkoa funtsezkoa dira.
Erakunde batek behar du bere barne-zerrenda multzoa. Bat langileena, beste bat zuzendaritzakoa, beste bat bazkideena, egitasmo garrantzitsu bakoitzeko bana... bakoitzean beharrezkoak diren pertsonak sartuta. Egitasmoen zerrendetan, kasu, normala izan daiteke elkarlanean gure erakundearekin ari diren beste erakunde batzuetako pertsonak ere izatea.
E-postari benetako etekina ateratzen trebatzea da horretarako giltza. Eta zerrenda baten garrantziaz jabetzea.
Hirugarren urratsa: aplikazio aurreratuak
Goragoko bi urrats horietarako kontuan izan ez dela behar aplikazio aurreraturik. Behar dugu gure pantailak Internetera lotu, eta horretantxe trebatzea.
Hortik aurrera joan behar badugu, ordea, aplikazio aurreratuak beharko ditugu. Eta, nere ustez, 2. urratsetik 3. urratsera ez dago tarteko espazio baliagarririk.
Ez dago aukerarik webgune sinple bat egiteko. Hori alferlana da. Ez du baliorik erakundearentzat, ez barrura begira, ez kanpora begira eskain dezakeen irudian. Gaur lagun diseinatzaile batek webgune bat egitea eta urte eta erdi kieto sarean edukitzeak ez du ezertarako balio.
Horretan hasi baino lehen, pentsatu behar dugu hemengo lehen eta bigarren urratsetan zehazten ditudan kontuetan ahalegindu behar dugula. Eta hortik harantzago joan nahi badugu, kanpoaldean irudia, komunikazio eraginkorra eta [zergatik ez?] salmentak sortzeko, orduan aplikazio aurreratuak behar ditugu.
Kanpora begirako Interneten erabilpen horren funtzioak honakoak izan daitezke:
- Atari korporatiboa izatea.
- Gizartearekin harremana (enpresa baten kasuan esango genuke bezeroarekin harremana).
Azpiegitura bertsuekin barrura begirako aplikazioak ere egin daitezke, posta-zerrenda soilekin akaso ez direnak betetzen. Esate baterako:
- Intranet edo barne-atari korporatiboa (erakunde handi samarrean, edo espazioan aldendutako bulegoz osatutakoetan, eta herri erakundeen artean badaude halakoak)
- Barne dokumentu/datubase/informazio konpartituak.
Aplikazio konplexuak, erabilera erraza ahalbidetzeko
Hirugarren urratsa deitzen dudan multzo honetako aplikazioetarako teknologia eta aholkularitza serioa behar da. Azkar esanda, web aplikazioen zerbitzarietan oinarritutako teknologia behar da: datubaseekin harremanetan eduki dinamikoak sortzeko gai den azpiegitura bat.
Horrek oso izen itsusia du, eta egia da kontu konplexua dela. Baina horrek ez du esan nahi herri erakunde batentzat halako konplexutasun gaindiezineko arazo bat izan behar denik. Alderantziz, aplikazio aurreratu baten kudeaketak gauzak erraztu egin behar ditu erabiltzailearentzat, eta kasu honetan bi erabiltzaile mota izango genituzke: erakundea bera eta bere partaide/langileak, eta webgunea bisita dezaketen herritarrak (gizartea bera, bezeroak).
Webgune aurreratu batekin, kudeaketa ere dinamikoa egin daiteke, eta horixe da koxka. Edukia kudeatzeaz arduratu behar da erakunde jakin bat bere aplikazioan, ez diseinu grafikoaz edo programazio informatikoaz. Eta eduki kudeaketa hori ahalik eta modu zuzenean egin behar du. Adibideek erakutsiko digute hau.
Hain zuzen ere, aplikazio aurreratu bat edukita esku artean soilik lor daiteke erabilera erraz bat. Lagun batek diseinatu digun marrazki bizidunezko eskulanezko webgunearekin ezin dugu horrelakorik egin.
Noski, era honetako aplikazio batek kostoak ditu, eta ondo neurtu behar dira kostoak eta etekinak. Ez badira etekinak (irudian, komunikazioaren edo funtzionamenduaren hobekuntzan, salmentetan, sinergien aprobetxamenduan, nahi den kontuan) gastuak kubritzeko neurrira iristen, ez sartu korapilo hauetan! Lehen eta bigarren urratserako definitu ditugun ahaleginekin gauza asko erdiets daitezke aplikazio aurreratuetan sartu barik.
Era berean, zentzuz aztertu behar da erakunde bakoitzak behar duen aplikazio mota. Herri aldizkari batek, aldizkaria online jartzeko azpieguta antolatu behar du? Ala, behin Internetera salto eginda, kanal berrian informazio modu berriak garatzea interesatzen zaio? Aldizkarigintzatik irrati produkziora salto egin duten herri-erakundeek ez dute, inolaz ere, paperezkoaren irakurketa egiten irratitik. Horrek ez luke zentzurik. Eta Interneten, ordea, bai? Gauza hauek pentsatu behar dira. Logikaren eta etekinen ikuspegitik, eta serio.
Erantzunak kargatzen...