Euskal deskonektatuak
Iritziak jaso nahi ditut hona dakarkizuedan testuaren gainean. Deustuko Prest! euskarazko aldizkaritik atera dut, iritzi artikuluen ataletik, bertako kolaboratzaile batek egina. Bertan, nire ustez, biltzen diren topiko eta ideien asoziazio maltzurrek pisu gehiegi dute oraindik euskal gizartean, euskaldunon artean are gehiago agian. Zer ote gara sagardotegia eta sarea maite ditugunok? Edo globalizazioaren aurka Internet eta ordenagailuak erabiltzen dituztenak? Inaki A. Auzmendi honek egin duen sailkapen manikeoan akats genetikoak izango gara agian?
Deskonekta zaitez
Hau bizimodu petrala! Hauxe zen garai bateko aldizkeri baten leloa. Bai horixe, petrala gero gure bizimodua! Zoritxarreko globalizazio hori daukagu gaurko petralkeriaren sorburu. Den-dena zuritzen dute batzuek, aitzakia modura, globalizazio zer horren izenean. Begira baino ez dago gure ingurura. Gizabanako ilegogordunak kale nagusitik eurek bakarrik berbetan beso biak ezker-eskuin keinuka eta imintzioka, itxura baten paparrean gordetako mikrofono bidez atzean lau metrora doan beste ilegogordun batekin burtsako momentuko gorabeherak berbabide dutela. Gero eguerdia helduta otordu lasterreko zer batera joan, lurra ikusi ez duen aberekia kartoi gainean jan, eta ohiko bizpahiru dei zaratatsu jasota eskuak imintzioka ozenki berba egin ondoren visaz ordaindu eta hara! badoa arrapaladan ohiko bilera inportante batera. Hortxe berriro kaletik, mutu oraingoan, arinean eta aztoratuta, eskuko bigarren atzamarra, lodiaren ondokoa bera, guztiz urduri, gora eta beherako mugimendu arin-arinean, saguari xaxaka hasteko irrikan... interneteko dosiaren eske. Eta bitartean pentsalari batzuek bulego dotorean burua gori-gori eginda, bor-bor, zelan egin euskaldunok globalizazioaren trena galdu ez dezagun: Tele Taloa ote? Morokil Hut akaso? Ziztu biziko trena? Eta bitartean ere euskal abeltzainak ezin beren herrian beren esnea saldu batzuek milaka kilometrotatik dakartena, laster kable bidez ekarriko, askoz ere merkeagoa delako. Merkatu librea?, hobe gatibua! Eskerrak hemengo batek eman berri digula irtenbidea: Konekta zaitez! Bai zera, gauzak horrela, deskonekta zaitez! da bide zuzena, zuzena eta arteza: kalidadezkoa jan, gertuan ekoiztua, neurriko abiaduran ibili eta denbora gehiago eman albokoari berbetan paparreko kableari baino. Eta bestea hor konpon!
Inaki A. Auzmendi Deustuko "Prest" aldizkaritik hartua
Erantzunak kargatzen...