Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskara elkarteen I. jardunaldiak kudeaketaz: biharamona

Iban - sustatu
2002-01-22 14:01

Euskara Elkarteen kudeaketaren gaineko jardunaldiak izan ziren aurreko asteburuan. Hauexek esandako batzuk:

Juan Mari Otaegi Euskadiko Kutxako lehendakaria: batetik, esan zuen printzipioak eta baloreak formalki azaldu behar direla, hori egingo nuke zuen kasuan. Prozesuak izango duen indar integratzailea positiboa izango da; Bestetik, kontu izan, koordinazioa, partaidetza eta elkartasunak ez dute zerikusirik berdintasuna eta fusioarekin.

Ekonomia aplikatuan doktorea den Jose Mari Zendoiak ere milaka datu eman zituen bere tesitik aterata. Datu zurrunbilo horretan, esaterako: euskararen sektore ekonomikoak 80.000 milioi pta. erabiltzen dituela edo irakaskuntzan erabiltzen den dirutza eta besteren bat gehituta euskararen inguruko ekimenek urtean sortutako aberastasuna 150.000 milioi pta.-koa dela esan zuen. 20.000 lagunek egiten dutela lan euskalgintzan eta irakaskuntza euskaldunean ere jakin izan genuen.

Elena Lakak Eskematiko aurkeztu zuen, baina jakingarria berea, elkarte bat sortzeko behar diren urratsez. Egia esan, elkarteak sortutako jendea zegoen Gernikan, baina galdera batzuk egon ziren. Erregistroan nola eman izena eta zein izen esaterako, edo zer egin elkarteak BEZ ordaintzetik libratu daitezen.

Ttipi-ttapako Jon Abrilek egindako ekarpenen artean kultura ikusteko modu bi: kontsumorako ekitaldiek osatua, batetik; bestetik, kultura partehartzailea. Euskara elkarteek kultura elkarte ere badirela nabarmendu zuen.

Elgoibarko Abel Irizar euskara teknikariak hitzarmenak egiteak duen garrantzia nabarmendu zuen. Gurean bai ekimena aurkeztu zuen eta kirol alorrean hutsunean aipatu bazituen ere sei urteko esperientziak emandako alde positiboa nabarmendu zuen. Aurrerapauso handienak jarduera publikoetan, idatzizko erabileran, irudi linguistikoan eta euskara erabiltzeko irizpideetan.

Goienako sortzaile eta Enpresa zientzietan lizentziatua den Mikel Irizarrek Goiena komunikazio zerbitzuak sortzean egin zena oinarri hartuta jardun zuen. Bere ustez, euskara elkarteen onerako eta euskara beraren onerako ezinbestekotzat jo zuen hedabideak estrategikotzat hartzea eta topagunearen gidaritzaz norbait buru-belarri hedabideen etorkizunaz hausnartzen hastea. Horren haritik Tolosaldeko Egunero-ren kasua aipatu zuen.

Luistxo Fernandezek agerian utzi zuen ez dagoela bizkarra ematerik teknologia berriei. Komunikazio tresna egokia dela erakutsi zuen: lehenik, informazioa lortzeko tresnatzat aurkeztu zuen interneta, eta gero, barne komunikaziorako baliagarritzat moduan. Web orrialdeen nolakotasunaz ere jardun zuen eta erakunde batean internetak ekarri ditzakeen hobekuntzez ere bai.

Maixux Rekaldek Elkarriren esperientzia izan zuen hizpide, eta interneta eta teknologia berriak Elkarriren bake konferentzian nola erabili diren azaldu zituen, datu asko eman ez bazituen ere.

Aditu asko zeuden hitzaldiak ematen, eta entzule, zerbait ikastera, ehun pertsona inguru. Zer ikasi genuen? Ba esaterako hedabideak direla gaur eguneko plan estrategikoan pisu handiena izan behar dutenak, eta ez da gutxiagorako, Tolasako “Egunero” izan zen aipatua eta galderen tartean inork ez zuen ezer gaineratu. Dena den, bazkariko gai nagusia izan zen, dudarik gabe. Gauzak nola egin behar ez diren komentatzen zen bazkarian ere. Ikasi genuen zertan hobetu dezakegun euskara elkarteen finantzaketa moduan, izan ere horretan Berbaro elkartekoak jantzita daude. Ikusi genuen zer ez den egin behar web orrialde batean edo bestela esanda, nola merketu horrelako jardunaldiak…

Haurren taldeak ere izan ziren hizpide, bazkide kanpainak, euskara elkarteek kultura elkarte izan behar duten, nola eskatu dirulaguntzak… Gai asko, seguruenik larregi. Larregi diot, gai ezberdin asko ukitu zirelako eta dena jaso guran denetik zertxobait baino ez zela jaso uste dudalako.

Agian, jardunaldi espezifikoagoak egin beharko dira. Kudeaketa zen gaia, baina zabala da oso. Bat kultura jarduerez, besteak gazteez, haurrez, hedabideez, errota musikalaz…

Topaguneak hauek denak utzi ditu liburu batean bilduta, baina hitzaldi emaileek lagatzen badigute emango ditugu batzuk sustatun ere. Gai hauek guztiak (Egunero, elkarteen autofinantzaketa… idatziko dira sustatun, egileek egindako txostenetatik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu