Teknologia albisteak
2

Debagoienean sekulako aldaketa dakarren proiektua: e-debagoiena

Erabiltzailearen aurpegia
Iban - sustatu
2002-01-10 : 18:01

e-debagoiena kontuan hartzeko izena izango da. Informazio Gizartean lehenbailehen sar dadin telekomunikazio azpiegiturak ezarriko dira Debagoienean. Aplikazio telematikoak garatuko dira, besteak beste: osasunean, administrazioak, irakaskuntzan, informazioan...

Esperientzia pilotua izango da, Euskal Herrira zabaldu daiteke ondoren.

Elkarlanean: Eusko Jarulariza, MCC, Mondragon Unibertsitatea, Euskaltel, Goiena Komunikazio Zerbituak, Debagoieneko mankomunitatea eta Debagoieneko udal guztiak.

Bihar prentsak jasoko badu ere hemen duzu prentsa oharra .

e-debagoiena PROIEKTUAREN prentsa oharra

e-debagoiena PROIEKTUAREN prentsa oharra

2001eko abenduaren 13an, Arrasateko Udaletxean bildu ziren MONDRAGON UNIBERTSITATEA, MONDRAGON CORPORACION COOPERATIVA, GOIENA Komunikazio Zerbitzuak, Debagoieneko MANKOMUNITATEA, ARRASATEKO UDALA, EUSKALTEL, eta EUSKO JAURLARITZAKO Industria, Merkataritza eta Turismo Saila.

Bileran e-debagoiena proiektuaren oinarrizko dokumentua onartu zen (Debagoiena Informazioaren Gizarterantz), aurtengo uztailean lantzen hasi zena. Lanaren aldi hau, hitzarmen batekin amaituko da. Hitzarmena alde guztiek sinatuko dute 2002ko otsailaren erdialdean, jendaurreko ekitaldi batean. Bien bitartean, bilerako partaideek erabaki zuten orain prentsa ohar hau ateratzea eta dokumentazioa eta egin beharreko balorazioak aurkezpen ekitaldi horretan egitea.

e-debagoiena egitasmoak helburua du globala den prozesua esparru lokalean txertatzea, hain zuzen ere Debagoienera egokitzea Informazio eta Komunikazioen Teknologietan oinarritutako antolakuntza soziala. Egitasmo honekin ekimenak bateratu nahi dira, gizarte berriaren etorrera azkartu eta errealitate zehatzera egokitu, aldaketaren kalteak murrizteko eta onurak areagotzeko. Debagoieneko herritarrak etorkizunean bizilagun kohesionatu eta aktiboak izatea lortu nahi da, ongi konektatuak beren kale, auzo eta hiri globalarekin, munduarekin.

Helburua

e-debagoiena proiektuaren helburuak hirutan labur daitezke:

1- Esperientzia pilotu bat garatuko da Euskal Herriko bailara batean, jabetu ahal izateko Informazio Gizartearen garapenak zein neurritan eragingo duen gaur egungo bizimoduan eta harremanetan. Esperientzia hau erreferentzia gisa erabiliko da Informazio Gizartea integratzeko gaur egungo Euskal Herrian.

2- Telekomunikazioetako azpiegiturak bultzatzea Debagoieneko herri guztietan Informazio Gizartea eskurago egon dadin.

3- Aplikazio zehatzen bitartez erakustea agente ekonomiko eta sozialei, Debagoieneko eta Euskal Herriko herritarrei, Informazio Gizarteak zer aukera eskaintzen dituen. Honekin nabarmendu nahi dira egoera berriak ekarriko dituen onurak, eta ingurune berria eta lehengoa batzeak izango dituen alde onak.

Zenbait gai zehatz

e-debagoiena egitasmoak aurreikusten du 2002ko udaberrian hasiko dela ezartzen Debagoienean banda zabaleko komunikazio-azpiegitura. Eta bi urteko epean zenbait aplikazio berritzaile garatuko da, enpresa, hezkuntza, osasun, administrazio eta hiritarrentzako zerbitzuetan.

Proiektuaren bultzatzaileek zabalik dute atea eremu, zerbitzu eta partaide berriak sar daitezen. Hasierako taldea osagarritasun irizpideetan oinarrituta zehaztu da eta eraginkortasun arrazoiengatik abiatu da horrela.

Halaber, erabaki da proiektuko zerbitzuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzea, Debagoieneko errealitate soziolinguistikoari eta sarearen joerei erantzunez.

Debagoiena, 2002eko urtarrila.

Erantzunak

Luistxo
2002-01-15 : 12:48

Goienako Mikel Irizar mintzo da gai honi buruz Diario Vascon.


heiditapedro@hotmail.com
2002-03-25 : 23:16

Euskaltelekok alproja utsek dituk

Erantzun

Sartu