Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ibarretxe eta poetak (Miguel Hernandez eta Gabriel Aresti)

Erdaraz entzun nuen aurrena, irratiz, autoan nindoala. Eta zati batean halaxe esan zuen: "Vascos de piedra blindada, que dijo el poeta". (Poeta hori Miguel Hernandez zen). Nire artean "Harrizko herri hau" etorri zitzaidan gogora, ez itzulpen modura, baizik erreferentzia horren kideko euskalduna bururatu zitzaidalako. Eta jakin-mina sortu zitzaidan aldi berean, euskarazko bertsioan zer esango ote zuten. Tamalez, eta pentsa zitekeen legez, hala esan zuen: "Olerkariak, harrizko euskaldunak ginela esan zuen".

Bistan da, lehendakariaren diskurtsoak gaztelaniaz pentsatuak eta idatziak dira, gero euskal bertsioa ere prestatzen duten arren, itzulpen txukun batekin. Testuak gainbegiratzen dizkiotenak (eta barka diezadatela haietakoren batek hau irakurtzen badu) trebeak izango dira hizkuntzaren arauetan, bai, baina motel samar ibili ziren erreflexuz, ez baitut pentsatu nahi Arestiren titulu hori inoiz entzungo ez zutenik.

Noizbait egingo al dugu alderantzizko bidaia? Hots, esango al du lehendakariak edo beste edozein agintarik, erdaraz ari dela ere, "Este pueblo de piedra, que dijo nuestro poeta Gabriel Aresti"?

Xabier Mendiguren Elizegi

PD. Erreferentzia batzuk:

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu