Teknologia albisteak
1

Inozente potente, txakurrak buztana tente!

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo - Eibar.org
2001-12-29 : 10:12

Aurki-ren kontrako hacker erasoarena Inozente eguneko ziria zen, jakina! Baina lagun dexentek amua irentsi! Horrez gain, beste inozentada batzuk ere izan ziren atzo Interneteko euskal esparruan.

Aurkikoa zela eta, neuk, elkartasuneko telefono deiren bat ere jaso dut... Eta mezuak bat baino gehiago, txantxa harrapatu ez zuen jendearena. Adibidez, euskal erakunde ofizial batetik: Tratuz ezagutzen ez bazaitut ere, zure Elkarteak eta zuk zeuk egiten duzuen lana ezaguturik, nire elkartasuna adierazi nahi dizuet jaso duzuen/dugun erasoaren aurrean. Goian bego intolerantzia! Goian bego fanatismoa! Egunen batean, hori esan ahalko dela sinetsi nahirik agurtzen zaitut.

Segituan harrapatu zutenak gehiago izan ziren, noski. Eta bereziki, umorez hariari tiraka segitu zutenak ere aipatzekoak dira, batez ere ItzuL zerrendako itzultzaileak, zeinak protesta-manifestazio bat eta kanta bat ere argitaratu zuten (eta Jose Maria Aznar beraren mezu bat ere bai tartean!)... Irakurri ItzuL zerrendako mezu sorta.

Aurki-ko truko txiki bat besterik ez zen izan. Bilaketen eta atalen emaitza-orrietan programa txiki batek berbak ordezkatzen zituen: Euskadi-ren ordez, Oklahoma, Eusko-ren ordez, Oklahomako, eta ondoren Eusk guztia Erd bihurtu. Sustatu-ren azpiegiturako adreilu mota berberarekin egina dago Aurki, Zope softwarearekin eta Python lengoaiarekin, eta erraz egin daiteke halako trastada bat holakoak erabiliz.

Ez da Interneteko inozentada bakarra izan. Laster estreinatuko den webgune batean, Dantzan.com-en eta harekin lotutako posta-zerrendan Euskal Folklore Balet Nazionala sortuko zelako albistea zabaldu zen, lanpostu deialdi eta guzti. Batzuek ziria irentsi ere egin omen zuten. Informatikari euskaldunen IXA taldearen webgunean, berriz, IXA barik, Patrulla X ageri zen orriaren jabetzat.

Beste alde batetik, @Euskadi boletineko Jose Antonio del Moral-ek txantxa edo esperimento baten berri eman zuen atzo. Eskolaume baten etxetikjardungo balu bezala, e-posta ofiziala duten Eusko Legebiltzarreko parlamentarioei gutuna idatzi zien e-postaz eskolan Internet jartzeko eskatuz. Lehenbizi euskaraz, eta erantzunik ez. Gero erderaz, eta ezta ere. Eusko Legebiltzarkideek e-posta eta espreski opari jaso duten ordenadore pertsonal garestiak alferrik dauz katela ondorioztatu du Del Moralek.

Prentsa idatziko zirietako batzuek ere izan zuten eraginik eta komentariorik Interneten. Adibidez, Gara-k argitaratuak, Nafarroan gaztelerazko izenekin inskribatutako jaioberriei 500 euroko subentzioa emango zietela...

Adi baina, Jose Luis Perales Donostiara datorrela egia biribila da.

Erantzunak

markos zapiain
2001-12-29 : 20:20

Ba niri ez zitzaidan ezta bururatu ere iñuxentekeriaren bat izan zitekeenik, eguna oso-osorik igaro zitzaigun etxean iñuxenteena zela

ohartzeke, xoriño tentel bat bezalaxe jausi nintzen Luistxoren atzaparretan. Hainbat imailkidek jaso zuen nire mezua: espainolak zein okaztagarriak diren beste froga bat, Luistxok bere bakardadean ordu pilo bat emanda ondutako bilatzailea zaurituta, elkartasuna da aurreneko betebehar morala... Hartzaileen aurrean ere neu barregarri...



Zorionak beraz, baina erne mendekuarekin, kabroi ez bestea.





Erantzun

Sartu