Salaketa ezaguna da Euskal Herriko enpresek gerretan eta errepresio ekintzetan erabiltzen diren armak eta materiala esportatzen dituztela atzerrira, askotan gatazka latza bizi duten herrialdeetara ere bai. Baina ez dira armak bakarrik esportatu. Dokumentu bitxi bat berreskuratu dugu ahaztutako kajoi batetik: Burkak josten Eibarko josteko makinekin... Klikatu eta ikusi.
Eibarko Udalak bildu duen Castrillo Ortuoste argazki fondoko ale bat da behean klikatuz ikus dezakezuena. Alfa etxearen material promozionala ere badago milaka irudiz osatutako fondo horretan, nola saltzen ziren josteko makinak mundu osoan... Emakume mexikar batzuk Alfa makinekin, Holandako neskatxa bat txapel folkloriko eta guzti, eta irudiko horiek.
Castrillo Ortuoste fondoa digitalizatzen ari da Eibarko Udaleko Egoibarra batzordea. Aurten erakusketa bat antolatu eta liburu bat argitaratzekotan dira. Webgune batean ere agertuko dira argazki horietatik batzuk.
Anekdotaz aparte, egia da armen esportazioarena gai serioa dela. Espainiako Amnesty International-en txosten honetan esaten denez, Espainiako milaka milioiko arma esportazioen erdiak Euskal Herrian du jatorria. Beste prentsa ohar honetan, berriz, torturarako erabil daitekeen materiala ekoiztea (eta, besteak beste, Ruanda, Israel, Arabiar Emirreri Batuetan, Jugoslavian saltzea) leporatzen zaio Eibarko enpresa bati.
Amnesty International-en web orrian sartu naiz eta nazka sentitu dut albiste hau irakurtzean: Eibarko Larrañaga y Elorza enpresak torturarako erabiltzen diren eta Nazio Batuen Erakundeak espreski debekatuta dauzkan materialak esportatzen ditu hortik zehar. Noiz arte?