Sustatu logoa Teknologia albisteak

Erredakzio bateratutik erredakzio birtualera

Joxe Aranzabal - HUHEZI
2001-12-19 01:12

1999an Asian krisi ekonomikoa gogortu zenean, Utusan komunikazio taldeak bi aukera zituen kostoak jaisteko: langileak kaleratzea edo lan sistema aldatzea. Bigarrena aukeratu zuen: langile bat bera ere bota barik, sistema berri bat sortu zuen, Virtual Newsroom System (VNR), erredakzioak desagertarazi eta kazetariak koordinatzeko.

The Cole Papers berripaperak argitaratu duenez, Utusan taldeak 592.000 euro (98 milioi pezeta) aurreratu ditu lehen urtean sistema berri honekin. Lehen 400 kazetarik egiten zuten lan erredakzioetan; orain, 50ek baino ez. Erredakzio birtuala sortu duenetik, enpresak itxi egin ditu erredakzio asko eta kazetari gehienek Internet bidez egiten dute lan, etxetik edo edozein tokitatik.

VNR bidez, kazetariek jasotzen dituzte eguneko gaiak, agenda, mezularitza zerbitzu bat, posta elektronikoa eta beste hainbat funtzio, karguaren arabera. Eta artxiboan sar daitezke eta baliabide gune batean. Beraien arduradunekin hitz egiteko telefonoa edo berriketa zerbitzua erabiltzen dute eta edozein lekutatik bidaltzen dute informazioa, ordenagailu eramangarriari esker. Koordinatzaileak informazioa galbahetik pasatu eta gero, gertu dagoenean, inprimatzera bidaltzen du.

VNR sistema Utusan taldeko teknikariek sortu dute, Linux sistema baten gainean. Oracle-ren datu base bat erabiltzen du, Perl hizkuntzan idatzita dago eta XML baliatzen du. 2003rako erabat osatuta izango da plataforma. “Aldaketa teknologikoek bestelako aldaketa asko ekarri dituzte” esan du Tan Sri Kamarul Ariffin-ek, “lan egiteko moduan, dedikazioan, erredaktoreei eman beharreko enkarguetan eta lan etorrian”.

Goiena ere, bide horretan

Goiena Komunikazio Zerbitzuak aldaketa handiak egin ditu bere barnean, antolatzeko ahalik eta ondoen eta modu bateratuan kudeatzen dituen hedabide guztietako baliabideak. Code & Syntax enpresarekin elkarlanean, sakondu egingo du bide horretan. Eibarko enpresak hainbat soluzio eratuko dizkio helburu hori lortzeko.

Biei hala biei, zorionik beroenak gaur Interneten inauguratu duten zerbitzu berriarengatik. Aupa Sustatu!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu