Sustatu logoa Teknologia albisteak

Interneteko lehen mezu euskaldun historikoaren bila

Luistxo - CS
2001-12-18 20:12

Euskarazko lehen mezua Interneten? Zaila da hori zehaztea. Usenet-eko lehen euskal berbak topatu daitezke. Bilaketa aurreratuaren interfazea erabiliz zuek ere egin dezakezue saiakera. Horra adibide batzuk:

*  Eskerrik asko  formularen lehen agerpena, 1989ko abenduko ingelesezko eztabaida zeharo tekniko batean (Z80 ordenadoreen ingurukoa) agertzen den esaldi enigmatiko batekin...

Baina lehen komunikazio euskalduna (euskaraz egina) Interneten? Hori aurkitzeko alferrekoa zaigu Google-ren zerbitzu berria. Seguruenik, euskarazko lehen mezuak ez ziren Usenet-ekoa bezalako foro publiko batera botatako perlak izango, bi internauta euskaldunen komunikazio pribatua baizik... eta noiz izango ote zen hori? Horretarako, behintzat, pistatxo bat Googletik bertatik: irakurri mezu hau. Ameriketako Cornell unibertsitateko irakasle batek berarekin Unibertsitatean dagoen euskaldun baten berri ematen digu, eta pertsona hori e-posta daukan beste euskaldun baten bila zebilen. 1985eko martxoan izan zen.

Duela ia 17 urte. Sustrai Colina oraindik seaskan zegoenean... Lortuko ote zuen euskaraz Internet bidez komunikatzea euskaldun horrek? Oraindik ez dakigu. Akaso egunen batean jakingo dugu.

Bitartean, Sustrai Colinak, Bertsolari Txapelketako azken agurreko bertsoan, "emailez animoak" eman izan dizkioten lagunei ere eskaintza egin zien... Bagoaz aurrera.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu