Teknologia albisteak
1

Sustaturen aurkezpen publikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Goiena eta Code & Syntax
2001-12-16 : 21:12

Sustatu datorren asteazkenean aurkeztuko da ofizialki komunikabideen aurrean. Zeuok irakurleok ezaguzen duzue dagoeneko medio berri hau, baina halako agerpen publikorik gabe zabaldu dugu honen berri orain arte. Aurkezpena Koldo Mitxelena Kulturunean izango da, abenduaren 19an, goizeko 11etan. Donostian bazabiltzate denborarekin, zatozte, gonbidatuta zaudete.

Zer kontatuko dugu prentsaurrek horretan? Gutxi gora-behera...

Sustatu Goiena Komunikazio Zerbitzuek eta Code & Syntax-ek egindako albistegia da. Profesional euskaldunarentzako albistegi bat da Sustatu. Ekonomiaren alor desberdinetan (irakaskuntza, informatika, industria, zerbitzuak...) lanean diharduten eta prestatzen ari direndako zerbitzu bat. Web eta e-posta bidez informazioa banatzen duen gune bat da Sustatu, eta irakurleen partehartzea posible egitea da bere azpiegituraren bertute nagusia. Horrez gain, agenda edo hitzorduen egutegi moldagarri bat ere badauka.

Egia esanda, ez dugu beste munduko ezer asmatu Sustatu-rako. Ingelesez dauden Kuro5hin (egun hauetan konponketa lanetan ari dira) edo Slashdot edo gaztelaniazko Barrapunto albistegiak izan dira gure erreferentzia. Eta horien parean, euskararen neurrirako produktu duin bat sortzen saiatu gara.

Albistegi eredu honek badu izen bat Interneten: weblog-a (euskaratzerik izango ote dugu?). Zein dira weblog baten ezaugarriak?

  1. Albisteen antolaketa finkoa. Berriena goian agertzen da, eta besteak eskalan bat behera desplazatzen ditu orrian.
  2. Sailkako antolaketa. Sail bat albiste bakoitzari jartzen zaio marka bat da. Sail bat aukeratzean, azken batean, marka hori duten albisteen azpimultzoa lortzen duzu.
  3. Moderazio, erantzun eta kontrolerako aukera anitz. Mezuak kargatzeko, ez da teknikarik edo diseinurik jakin behar. Weblog batek berdin balio dezake pertsona bakar baten "egutegi maitea" antolatzeko, edo albistegi serio eta profesionala egiteko. Azpiegitura berberaren gainean eraiki daitezke.
  4. Doako software librearekin egiten dira (aukera tekniko dexente daude, gainera). Sustatu, zehazki, Python programazio lengoaiarekin , Zope web aplikazioen zerbitzariarekin eta Squishdot produktuarekin egina dago. Produktu horiek guztiak doan Internetetik lortzeko modukoak.
  5. Kazetaritza molde berri bat ere badakarte weblogek. Iritzia eta propaganda ere nahasten dira, albiste informatibo tipikoarekin, baina azken batean, batak bestearekin nahaspilan, eta bereziki, egon daitezkeen erantzunekin osatzen da informazioa. Hau da, albistea ez da artikulu soila, baizik eta artikulua+erantzunak+linkak... Eztabaida foro baten antza izan dezakeen arren, weblog-aren kakoa informatzeko duen baliagarritasuna da.

Hortaz, weblog bat Interneteko albistegi puru-purua da. Euskaraz badaude beste albistegi batzuk Interneten, hala nola paperezkoaren kopiak, edizio jarraituak (Sareko Argiarena edo EITB-rena kasu), edo, beste maila batean, Irratia.com-en esperientzia. Eredu tradizionalagoen Interneteko bertsioak dira horiek, eta beren tokia dute sarean, dudarik gabe. Baina Interneten, azken bi urteetan, eredu berriak ere ikusten dira, eta hauxe dela horietako bat uste dugu: webloga.

Weblog bat izateaz gain, boletin elektroniko bat ere bada Sustatu. E-postaz jaso dezakezu, dohainik, harpidetuz gero. Kasu horretan, harpidedunak ez ditu jasotzen artikulu osoak, baizik eta bakoitzaren sarrera, abisu soil bat gisa.

------

Goienaren urratsa

Alde teknikoa Code & Syntax-ek garatu duen bezala, Goiena Komunikazio Zerbitzuek du Sustaturen ardura editoriala.

Hau da Goienaren lehen urratsa Interneteko medioan. Etorriko dira beste batzuk. Agian baten batek espero zezakeen Goienkaria online izan zitekeela sarerako gure proiektu nagusia, baina uste dugu medio bakoitzak bere produktuak dituela. GoiTB ez da Goienkaria irudietan, eta alderantziz ere ez. Interneteko Goienaren produktuak ere ildo horretatik joango dira. Komunikazio proiektuen sinergiak aprobetxatuko dira, baina gauza berriak egiteko, ez kopia soilak.

Harrigarria iruditu dakioke norbaiti Debagoieneko eskualdetik kanporako bokazioa eta informazioa erakustea Goienak. Hala ere, ez dago kontraesanik. Goiena eskualde batean sustraitutako proiektua da baina komunikazio enpresa oso bat ere bada, eta beste esparru batzuetan ari da jada lanean zenbait bezerorekin.

Erantzunak

Luistxo
2001-12-17 : 11:58

>
> Egia esanda, ez dugu beste munduko ezer asmatu Sustatu-rako. Ingelesez dauden Kuro5hin (egun hauetan konponketa lanetan ari dira)


Ba gaur bueltatu da sarera! Klikatu, klikatu... editorialki hori da Sustatuk imitatu nahi lukeena...


Erantzun

Sartu