Teknologia albisteak
1

Euskal literatura beste hizkuntzetara itzultzeaz

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2001-11-26 : 12:11

Euskal literatura beste hizkuntzetara itzultzearen inguruan gogoeta egin du egileak: zein diren zailtasunak, zein bide har litekeen, zein izan daitekeen bidean gidari... Gara egunkariaren Mugalari kultur gehigarriak eskatu eta joan den larunbatean atera zen artikulua. Eztabaidarako material interesgarria izan daitekeelakoan, hor duzue.

Eman ta zabalduko al dugu?

Eman ta zabalduko al dugu?

Xabier Mendiguren Elizegi

Ana Karenina ez da errusiarren aberastasuna soilik; Gergor Samsa irakurle alemanek bakarrik irakurri balute denok ginateke pobreago. Horregatik diot —aldeak alde eta baieztapenari beroarena kenduta— Sarriren lagun izoztua edo Izagirreren Agirre zaharra literatura unibertsalaren ondare bihurtzen ez badira, kultura europar osoa ateratzen dela hor galtzaile.

Harrokeri usaina hartuko dio baten batek aurrekoari, ez naiz ukatzen hasiko, baina ez dut boutade moduan bota. Halakoetan maisuen aipuak lagungarriak izan ohi direnez gero, gogora ekarriko dut nola Koldo Mitxelenak halako zerbait esan ohi zuen, gutxi gorabehera: kultura egiazko bat, bere buruarentzat sortzen ari denean, mundu osoarentzat ari dela sortzen. Orain arte esan liteke idazle bakar baten obra oparitu diogula mundu zabalari, Atxagarena hain zuzen, eta munduratze horrek onura hirukoitza eman duela: lehenik eta behin egileari berari, bistan den bezala; ondotik Euskal Herri osoari, prestigioa, itzala, ezagunago eta maitatuago izatea ekarri dionez gero; eta azkenik dozenaka hizkuntzatan irakurri eta Obabako istorioekin hunkituko ziren guztiei, Belgradon, Tokion edo Toronton. Atxagaren aurretik ez da beste euskal idazlerik ibili bide horietan barrena, eta ikusteko dago ondotik beste inork lortuko ote duen ala gizona bere bakardadean geratuko ote den. Euskal literatura beste hizkuntzetara itzultzearen inguruan idazteko eskatu didate, eta, hari askotako mataza denez, gaia hiru ataletan sailkatuko dut: egitekoaren zailtasunak, hartu litezkeen bideak, eta promozioaren egile posibleak. Goazen banan-banan.

Lantegiaren zaila

Lehenik eta behin gogoan izan behar dugu munduan idazle asko dagoela, eta apur batzuek baizik ez dutela lortzen beren lanak itzuliak izatea. Obraren hartzaile naturala —eta gehienetan bakarra— norbere hizkuntzako irakurleak izaten dira. Horrez gain, itzulia izateko aukera ez da beti kalitate literarioari loturik joaten, gehienetan zerikusi gehiago dute bestelako faktoreek, eta horren erakusgarri da ingelesezko idazleak izatea gaur egun errazkien eta ugarien itzultzen direnak; oso onak batzuk eta erdipurdikoak beste hainbat, baina zinema, musika edo museoak esportatzen dituzten bezala, literatura esportatzeko gaitasun berezia du inperio amerikarrak.

Zaila da, beraz, merkatuaren inertziari kontra egitea, eta ez guretzat bakarrik. Mila milioi txinatar bada zerbait, eta hala ere ez dugu bertako idazlerik ezagutzen, Frantzian erbesteraturik bizi den azkenaurreko nobel sariduna kenduta. Hura urruti dagoela? Hartu Holanda, ia bertan duguna: nederlanderaz idazten duten bi idazle aipatzeko lanak izango genituzke. Herrialde txikiaren desabantaila areagotu egiten da administrazio indartsu baten babesa eduki ezean. Estatua ez da ezeren garantia, eta hura gabe ere egin liteke zer edo zer, baina estaturik gabeko hizkuntzek beti izango dute gaitzago.

Hemen, berriz, oztopo horiei guztiei beste bat erantsi behar zaie: gure zorioneko euskara, alegia. Alde batetik baino gehiagotatik da oztopo gainera: batetik, nola hemendik kanpo ia inork ez dakien eta beste inongo hizkuntzaren antzik ez duen, kanpoko argitaletxeek ezin dute euskarazko lan bat irakurri eta epaitu, interesatzen zaien edo ez jakiteko. Bestetik, tipologiaz, hiztegiz eta formaz hain hizkuntza diferentea izanda, ez da samurra euskaratik beste hizkuntzetara literatur testuak txukun antzean itzultzea.

Azken aitzakia horri kontra egitea badago, noski, esanez ingelesetik (edo frantsesetik edo alemanetik) euskarara bezainbesteko tartea eta zailtasuna egongo dela euskaratik hizkuntza horietara, eta handik honako bidaia etengabe eta aski aise egiten badugu zergatik ez hemendik harakoa? Ados. Hala ere, ezin gara geure buruekin gezurretan ibili: estilistika guztiz desberdina da euskaraz sortzen duguna eta inguruko hizkuntzetakoa, eta, beraz, euskaratik hitzez hitz eta modu automatiko samarrean itzuliz gero testu lehor, motz, gatzik gabeak sor litezke beste hizkuntza horietan, erakargarritasun gutxikoak. Hortaz, itzulpen lan hori zuzen eta artez egiten jakingo duten itzultzaileak prestatu beharra daukagu, ez baitira berez eta perretxikoak bezala sortuko. Kanpoko literatura geureganatzeko bidean lan polita egin zen 80ko hamarkadan, eta 90ekoan are salto handiagoa egin da testuen kopuru, kalitate eta malgutasunean, irakurleen aldetiko normaltasunean oraindik ere aurrerapausoak behar diren arren. Antzeko talde-lana beharko dugu euskaratik besteetara itzultzeko estilo bat finkatzeko: jarraitua, lagundua eta elkarren aberasgarria; hastapenetan gaude gaztelaniarekin, eta hasi ere ez gara egin bestelako hizkuntzekin. Bide luzea dugu aurretik, baina hori ezin da izan bertan goxo egiteko aitzakia, ezpada ja martxan jartzeko akuilua. Itzultzaile Elkarteak, Idazleenak, Editoreenak... denok daukagu hor galtza bete lan elkarrekin egiteko.

Zein bide hartu

Lantegi zabal horretan, bi norabide aipatu ohi dira, kontrajarriak ez badaude ere lehentasun edo estrategia diferenteak markatzen dituztenak: bata izango litzateke euskal literaturako lanak oraingoz espainolera itzuliz joatea, gero hortik bestelako hizkuntzetarako jauzia egiteko, ahal denean eta ahal bada; bestea, berriz, zuzenean ahalegintzea euskal liburuak Europako hizkuntza nagusietako batean ager daitezen. Ingelesa aipatu ohi dute batzuek, dudarik gabe hizkuntzarik inportanteena eta zabalduena, alemana beste batzuek, liburugintza sendoa izateaz gainera beste hizkuntzetako emaitzak bereganatzeko jarrera zabalagoa duten aldetik. Lehenengo aukera da orain arte erabili dena, begibistako arrazoi batengatik: bai kontaktu pertsonalak, bai itzultzaile prestatuak topatzeko erraztasun handiagoa. Bere alde makurrak ere baditu bide horrek: batetik, Espainiarekiko gatazka politikoa dela-eta, nolabaiteko galbahe ideologikoa ezartzen dute hango argitaletxeek deserosoak izan dakizkieekeen autore edo gaientzat; bestetik, arriskua dago gurea Espainiako literaturaren adar exotiko edo folkloriko gisa agertzeko. Hau dena onarturik ere, ezin ukatu bigarren aukerak zailtasun nabarmenak dituela, gaur-gaurkoz. Dena dela, esana dugu lehen ere bide biak ez daudela elkarren kontra jarriak; beraz, batean zein bestean saiatu beharko dugu aurrera egiten.

Nor jarri gurdiaren gidari

Talde-lana eskatzen duen eginkizuna dela esan dugu behin eta berriz. Hala ere, baten batek izan behar du bultzagile, nolabaiteko motorra. Nor? Idazlea beste inor baino interesatuago dago bere obra kanporatzeko, noski, baina gogoa eta denbora behar dira promozio-lanerako, eta denek ez dute balio harremanak landu, hara eta hona bidaiatu eta gisako zereginetarako. Kontu horiek agente baten eskuetan utzita dena konponduta dagoela uste izan du zenbaitek, baina lehendik bideratuta dagoen karrera literario batean hainbat jestio errazteko balio du agenteak, ez ordea berak karrera hori martxan jartzeko.

Euskal argitaletxeak ere ahulegiak dira egituraz, eta beraiek zuzenean jaso lezaketen irabazia txikiegia, beren denbora, jendea eta energia honetan inbertitzeko. Antzeko zerbait esan liteke itzultzaileez: beren zeregina itzultze-lana albait txukunen burutzea da, ez liburu edo egile batentzako merkatu bila ibiltzea. Hala ere, batzuek zein besteek gaur egiten duten baino gehixeago egin lezakete agian.

Gobernuari esan behar ote diogu eltzetik babak ateratzeko? Nire ustez, Euskal Komunitate Autonomoko gobernuari diruz laguntzeko eskatu behar genioke (gaur-gaurkoz jai daukagu Nafarroako, Espainiako zein Frantziako gobernuekin, agian bihar?); ez eskale moduan, baizik eta bere literatura esportatzea herri baten nortasuna kanpoan erakusteko modu eraginkorrenetakoa delako, munduko gobernu askok eta askok sistematikoki landu eta lagundu ohi dutena. Hala ere, administrazioaren funtzionamendua zurrunegia eta geldoegia da, ezinbestean, hemen aipatzen den bezalako lan dinamiko baterako. Esate baterako, itsusia litzateke guztien gobernuak idazle bat hautatzea promozionatzeko, besteak baztertuta (asepsia-arazo bera izan ohi du Idazle Elkarteak, edo Editoreenak).

Formula egokiagoa iruditzen zait, niri behintzat, Fundazio bat edo antzeko zerbait sortzea, diru-laguntza publikoz hornitua batik bat baina bestelako diru-hornitzeak ere bila ditzakeena; Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren antzera edo. Administrazioak kontrataziorako-eta berezkoak dituen muga esturik gabe jardun ahal izango luke, eta sorreratik bertatik politizaziotik kanpo utzi beharko litzateke, hauteskunde batetik besterako dantzatik libre aritu ahal izateko, epe ertain eta luzera begira.

Egin daiteke, egin behar da. Has gaitezen lanean.

Erantzunak

Amaia Gabantxo
2001-11-26 : 15:42

Egunon, Xabier,



Ze moduz? Inglaterratik idazten dizut, Norwich-eko University of East Anglia-tik. Gauza asko aipatzen dituzu zure entsaiuan, denak interesgarriak. Itzultzailea naiz, euskeratik ingelesera itzultzen dut. Doktorego bat ari naiz egiten unibertsitate honeko British Centre for Literary Translation-ean. Nire doktorego honen proiektua euskal literaturaren antologi bat prestatzea eta itzultzea da, horretan nabil. Behar bada ez zara nirekin adoz egongo, nire antologi honek gauza berri bat proposatzen du eta: euskal literatura euskeraz, zein gaztelaniaz, zein frantsezez gertatzen dela. Euskal Herria herri eli-hiruduna da, eta bere literatura hiru hizkuntzetan manifestatzen da, nire ustez. Hau alde batetik. Beste alde batetik, itzultzearen kontuan, batez ere euskeratik beste hizkuntzetara itzultzearen zailtasuna dela ta. Hor ez dago problemarik, errusiarratik edo japoniarratik edo frantsezetik beste hizkuntzetara itzultzean aurkitzen diren problema berak aurkitzen ditut nik: hau da, edozein itzultzile literarioak aurkitzen dituen problemak, estilozko problemak, edo problema lexikalak. In other words, edozein idazleek testu literario bat idazterakoan aurkitzen dituen problemak.



Nire ustez euskal iteratura ingelesera itzultzearen kontuan dagoen problemarik handiena zuk aipatu duzuna da, ez dagoela dirurik. Eusko Jaurlaritzaren kultur departamanduak ez du kanporantz begiratzen, diru asko dago 'literatura unibertsala' euskerara itzultzeko, baina inok ez du pentsatzen Euskal literatura beste hizkuntz batzuetara itzuli behar danik. Hiru bider ezkatu diet Euskal gobernukoei laguntza nire proiektua aurrera eramateko. Ez didate emon. Ingalaterrako fundazio pribatu judutar batek heman dit laguntza, Harold Hyam Wingate fundazioak.



Interes handiz hartu didate mundu anglofonoan nire itzulpenak. Anjel Lertxundiren 'Azkenaz Beste'n itzulpena The Jury's Commendation hartu zuen 2000 urtearen 'British Comparative Literature Association' ek urtero antolatzen duen 'Literary Translation Competition'ean. Atxagaren olerkiak argitaratu didate 'Modern Poetry in Translation' liburuan, Jose Luis Padron Plazaolarenak 'Pretext' errebista literarioan. Lan guzti hau ez didate ordaindu, nire kabuz ari naiz handik eta hemendik interesa sortzen. Eusko Jaurlaritzak ez dit laguntzarik ematen. Lotsagarria da. Europako beste herri geheienek laguntza piloak dauzkate euren literatura bultzatzeko (Catalonia adibidez). Gure kultura, gure hizkuntza eta literatura ez badugu Euskal Herritik kanpo bultzatzen, nork onartuko du gure tradizioaren balioa? Inok ez, geuk bakarrik. That's not good enough.



Adiorik ez,



Amaia



Erantzun

Sartu