Teknologia albisteak
1

Software librearen euskal mintegi animatua

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2001-11-25 : 07:11

Bilkura interesgarria Software Librearen Euskal Mintegiarena, larunbatean Eibarko UEUko egoitzan. Ekimen berriak badabiltzala jakin genuen. LinuxBaita Bizkaia aldetik, EuskalGNU taldea lanean tinko ari dela, edo Mandrake 8.1 Linux distribuzioa euskaraz lokalizatuko delako albistea, edo tabernetan musika jendeak jartzeko jukebox makina bat sortu duela Linuxekin euskal enpresa batek.

Eibarren 60 lagun elkartu ziren, eta ez ziren gehiago izan gela bete zelako, eta epea amaitu baino lehenago kupoa beteta zegoelako eskariekin. Horietarik erdiak baino gehiago bazkari batera geratu ziren, non, besteak beste, EuskalGNU-koek Debian-eko zazpi distribuzio zozketatu zituzten.

Bilkuratik nik gogoan atera nituen batzuk.

  • Instituzioen aldetik estrategia falta omen dagoela, eta ez dela inor bost minutu pentsatzen jarri ea software librearekin dirurik aurreratu daitekeenik, euskararen teknifikaziorik lagundu dakiokeen, edo beste ezer. Ordezkari instituzional bat bera ere ez omen zegoen mintegian. Alemanian eta beste herrialde batzuetan bestelako jarrerak omen daude.
  • Nonbaiten egin beharko balitz ahalegin instituzional bat, irakaskuntza alorrean izan beharko zela.
  • Software librea erakunde eta toki askotan sartzeko zailtasunak baldin badaude, ez dela traba politikoak dagoelako, baizik eta zerbitzu teknikoek erabakitzen dutelako eroso bizi direla daukatenarekin, eta zertarako beste saltsa batzuk.
  • Ea non dabiltzan edo gabiltzan software libreko jendea ez dugula antolatzen zerbitzu profesionalik enpresentzat mantenimiendua egiteko eta instalazioak jartzeko... Digital Jukebox-ekoek erantzuten zuten eurak behintzat horretan ari direla.
  • Deskoordinatuta gaudela soft librearen aldeko euskaldunok... EuskalGNU-koek posta-zerrenda multzo bat sortuko dute, nolanahi ere, eta egingo diren foroen artean apuntatutako guztientzat izango da horietako bat. Gainerakoan, zerrendokin, LinuxBaita-rekin, Sustatu honekin berarekin, edo beste batzuek iragarri zuten Indymedia euskaldunarekin, ez dugu bada azkenean koordinatzeko aukera gehiegi izango? Azkenean, badirudi gutariko mordo bat Barrapunto espainola irakurriz enteratzen eta komunikatzen dela...
  • Polemikatxoak (jator eta haserretu barik izan ziren, e?): Elhuyarrek Mandrake euskaratzeko erabili duen metodologiak (Linux-eko lokalizazio azpiegitura "itzulpen profesionalerako" egokiena ez delakoan), edo erabaki terminologikoen zabalkundearekin egin dezakeenak, ba, horixe, eztabaidarako aukera ematen dutela...

Erantzunak

Eneko Lacunza
2001-11-26 : 02:01

> * Ea non dabiltzan edo gabiltzan software libreko jendea ez dugula antolatzen zerbitzu profesionalik enpresentzat mantenimiendua egiteko eta instalazioak jartzeko... Digital Jukebox-ekoek erantzuten zuten eurak behintzat horretan ari direla.


Linux eta software librearen inguruan konsultoria-lanak eskeintzen dituen enpresa ez da Digital Jukebox, baizik eta Matrix Consultoría Informática.

Erantzun

Sartu