Teknologia albisteak

Paula Kasares: transmisioa vs sozializazioa

Erabiltzailearen aurpegia
2014-03-04 : 11:31
Hemen duzue aste honetan Paula Kasaresek Zumaiako 'Euskara bestela ez gara' hitzaldi zikloan emandako hitzaldiaren kronika. Hitzaldiaren bideoa osorik hemen (Irudiak Zumaiako Euskara Zerbitzuarenak, egilea Baleike). Martxoaren 5ean, 18:30etatik aurrera Xabier Azkue izango da hizlari, Alondegian.

Aurtengo zikloaren bigarren hitzaldia Paula Kasaresen eskutik iritsi zaigu "Familia euskarari iraunarazteko estrategietan" izeneko solasarekin. Bere ahots goxoaz hainbat proposamen berri egin zituen familia transmisioaren inguruan, denak ere interesgarriak entzutera bildu ginenontzat.

Gaia ikertzen hasi zenean paradoxa batekin egin zuen topo: aditu guztiek izugarrizko garrantzia aitortzen diotela familiari hizkuntza baten transmisioan baina, ez dela honen inguruko ikerketa lerro sistematikorik sortu, alegia. Euskal soziolinguistikak  ere oso gutxi aztertu du familiaren egiteko linguistikoa, eta egin duenean ikuspegi makro kuantitatibotik egin du. Ez da sekula sakondu benetan haurrak nola bihurtzen diren hiztun familian. Azken aldian, gehixeago ukitu da gaia hizkuntzaren erabileran emozioek duten garrantzia azaleratu delako, eta horri lotuta ikerketa batzuk egin izan direlako, gehienetan herri euskaldun, txiki eta nekazari girokoetan. Euskal Herrian gaur egun dauden beste errealitate batzuei erreparatu gabe.

Oro har gutxi landu den arloa izan arren, orain arte egin den guztia bildu eta sakon aztertu du Paulak. Egindako ikerketa lan mardulaz eta bere urtetako ibilbide profesionalak erakutsi dionaz baliaturik, ondorio batzuk atera eta  proposamen berriak egiten ditu.

Ondorio nagusia da transmisioaren kontzeptua ez dela egokia. Orain arteko lan guztiak transmisioaren kontzeptuan oinarritu dira eta kontzeptu horri hainbat gabezia ikusten dizkio Paulak. Alde batetik, transmisioa modu bertikalean ulertzen dela beti, goitik behera doana, eta horren ondorioz haurra agente pasibotzat jotzen da, hartzaile hutsa balitz bezala. Eta bestetik, nagusiki etxean gertatzen den fenomeno bezala ulertu izan delako, ama hizkuntzari erabat lotuta, eta, askotan, hizkuntzaz gaindi beste balio batzuei loturik ere ulertu izan dena.  

Beraz, Kasaresek kontzeptu hori albo batera utzi eta gairi beste era batera heltzeko proposamena egiten du, hiru mailatan egin ere; maila teorikoan, aplikatuan eta hedatzailean.

 

            MAILA TEORIKOAN:  

Kontzeptua: Paradigma berria proposatzen du, transmisioa kontzeptu bezala baztertu eta horren ordez sozializazioa erabiltzea. Sozializazioak gainditu egiten ditu transmisioak dituen mugak, ez da goitik behera bakarrik ulertzen, horizontalean gertatzen diren elkarrekintzak ere biltzen baititu. Hau da, adinkideekin izaten diren harremanak, Paula Kasaresek harreman eszentriko deitzen dituen horiek. Bestalde, bizitza osoko bizipena kontuan hartzen du, eta ez momentu batean hizkuntza baten jabe den batek hori beste bati ematen dion ala ez.

Eragin gunea: Sozializazioaren kontzeptuarekin eragiteko gunea ere zabaldu egiten da, familiatik gizartera pasatzen baita. Munduko hizkuntzen txostenak argi eta garbi esaten du etxean bakarrik hitz egiten den hizkuntza galbidean dela. Kontzeptu berri horrekin gizartea da eragin gunea, eta esparrua zabaldu egiten du ikuspegi holistikoa emanez.

Eragileak: Sozializazioaren kontzeptuarekin familiaren rola aldatzen da, ez da etxean bakarrik gertatzen den kontu bat, sozializazioa gizartean gertatzen da berdinen arteko harremanak, adinkideen artekoak, eszentrikoak, kontuan hartzen ditu. Oso frogatuta dago eta, horiek goitik beherakoak baino eragin handiagoa dutela hizkuntza ohituretan. Beraz, sozializazioari erreparatuta haurrak agente aktibo bihurtzen dira, D ereduan dabiltzan haurrak izaten dira askotan etxera euskara eramaten dutenak, bai eta zenbaitetan etxeko hizkuntza ohiturak aldatzen dituztenak ere. Beraz, garbi dago haurrak hartzaile huts baino askoz ere gehiago direla, eragile direla, alegia.


MAILA POLITIKOAN:

Maila politikoan ere aldaketak egin beharra ikusten du Paulak. Norabidea aldatu beharra, bere ustez, orain arte ama hizkuntzaren ideian jarri da fokua eta horrek ez garamatza inora, ama hizkuntzaren kontzeptuak ez digu ekarpenik egiten. Horren ordez, berdinen arteko harreman eszentriko horiek euskaraz izatea bilatu behar da, horrek izan behar du xedea.

Talde naturaletan lidergoa nola artikulatzen den ere aztertu beharrekoa dela uste du, eta euskararik ez dakiten gurasoak ere haurren euskarazko sozializazioan nola inplikatu litezkeen. Batez ere, inguru erdaldunetan gertatzen den atomizazioa gainditu beharra dago. Askotan eskola baita leku bakarra haurrak euskararekin harremana izateko eta leku isolatu bezala hartzen da, bere bizitzako beste esparruen artean uhartea bailitzan. Beraz, hizkuntza politikak atomizazio hori gainditzera jo beharko luke.

 

KOMUNIKAZIOAN:

Seme-alabak euskaldun hazteko bidean familiek har dezaketen Rola aztertu beharko da.  Familia askok ez dakite zein rol har dezaketen beraien umeak euskaldun bilakatzeko, are gehiago guraso horiek euskaratik urruti xamar baldin badaude. Ez dakite haurrek zein behar dituzten euskalduntzeko ez eta horretarako zein baliabide dauden ere. Paularen ustez, kasu horietan, berebiziko garrantzia du aisialdiak, bere ustez, euskalduntze prozesuan lehen mailako behar pedagogiko baten izaera eman behar litzaioke. Alor horretan dibulgazio lan handia dago egiteko.

 Bukatzeko, Paula Kasaresen ustez, transmisioak ez du zertan zentratu behar hizkuntza baten jabe izan eta hori besteri ematean. Nahiz eta hizkuntzaren jabe ez izan, maila batean edo bestean familia guztiek transmititu dezakete, hizkuntza ezagutuaraziz eta maitatuaraziz, egun batean haur horrek euskara bere egin dezan.

Erantzun

Sartu