Lehengo asteazkenean, otsailaren 27an, Zumaian martxan den “Euskara, bestela ez gara” zikloaren baitan Jone Miren Hernandez izan zen hizlari “Arnas-uneak; gazteak eta euskararen momentua” hitzaldiarekin. Izenburuari berari heldu zion lehenengotik Jonek, arnasgune kontzeptua hain modan dagoen honetan, berak arnas-uneak defendatzen ditu, espazioarekin baino denborarekin lotuta. Beraz, hasiera-hasieratik beste ikuspegi bat eskaini zuen Jonek, antropologiatik gertuago dagoena soziolinguistikatik baino. Aste honetan, berriz, Andoni Egañaren hitzaldiaren txanda izango da.
Bideogilea: Baleike.
Izenburuari berari heldu zion lehenengotik Jonek, arnasgune kontzeptua hain modan dagoen honetan, berak arnas-uneak defendatzen ditu, espazioarekin baino denborarekin lotuta. Beraz, hasiera-hasieratik beste ikuspegi bat eskaini zuen Jonek, antropologiatik gertuago dagoena soziolinguistikatik baino.
Gazteek eskolan euskara ikasten dute, baina gero zergatik ez dute erabiltzen? Hori da gaur egun nonahi dabilen galdera. Duela 30 urte kezka ezagutzarena zen, baina hori eskolarekin gainditu da neurri batean, eta orain erabilerak kezkatzen gaitu. Jone Mirenek beste hausnarketa bat egiten du, ordea: Galdera hori egokia da? Ondo formulatuta dago? Ala helduok geure ikuspegitik egiten dugun galdera da? Beharbada galderak beste bat izan behar luke; nork, norekin, noiz, zertarako, zergatik erabiltzen dute gazteek euskara?
Gazteen ezagutza, erabilera eta motibazioa aztertzeko hainbat ikerketa egin izan dira baina guztiak ere helduen ikuspegitik egin dira eta gazteek oso paper pasiboak izan dituzte ikerketatan; galderei erantzutea besterik ez baitute egin (inkesten bidez, foroetan…). Emaitzetatik ondorioztatzen da gazteek ondo ikasia dutela zer erantzun behar duten; euskara maitatu behar da, gure hizkuntza da…. transmititu zaiena azken batean. Baina, Jone Mirenek zalantza egiten du, daukagun informazioa guztiz aberatsa da? Ala hutsuneak ditu? Izan ere, apenas inork hartu duen astirik gazteei dedikatzeko, beraiekin lasaiago egoteko, hitz egiteko eta ikerketak beste era batera egiteko; hortik arnas-uneen kontua.
Gazteak eta emakumeak periferian daude
Halako batean, paralelismo bitxi bat egin zuen. Eta esan zuen gaur egun gazteei buruz esaten diren gauza asko eta asko emakume euskaldunei buruz esaten zirela XX. mendearen hasieran.
Garai hartan, Lizardik esaten zuen euskararen arazoen errudunak eliza eta emakumeak zirela. Eliza, hezkuntza bere esku zegoelako eta gazteleraz eskaintzen zuelako, eta emakumeak, berriz, ez zutelako euskaraz egiten. Emakumeak, garai hartan, Europatik zetozen modak berenganatzen ari ziren; makillajea, orrazkerak… eta modak gazteleraz hitz egitea agintzen zuen. Emakumeak bizitza publikora gerturatzen hasi ziren garaia ere izan zen, politikan sartu ziren, mitinak ematen zituzten. Beraz, garai hartan “emakume traidore” mezua zabaldu zen hein batean gizartean, gaur egun gazteei leporatzen zaien bezala, euskaraz ez egitea leporatzen zitzaielako.
Zertan egiten dute bat, beraz, emakumeek eta gazteek? Bada Jone Mirenen ustez bi talde horiek periferian daude. Ez dute gizartean prestigiorik, eta beraz, beren burua prestigiatuta sentitzeko prestigiozko hizkuntza erabiltzen dute, gaztelera. Gizonek aldiz, ez dute prestigio bila ibili beharrik berez daukatelako. Beraz, prestigioaren aldetik, nolako hizkuntza eskaintzen diegu gazteei? Zer paper du euskarak gazteen munduan, helduen munduan…?
Eskola ez da nahikoa izan euskararen normalizazioa lortzeko
14-15 urteko gazteekin generoaren ikuspuntutik egiten diren ikerketek erakusten dute ez dela berdintasunik lortu. Ikerketa horietan azaltzen da, gazteek futbolean eta kirolean ikusten dituztela gizonezkoak, eta emakumeak, berriz, hitz egiten eta txutxu-mutxuetan. Ez zaigu gustatzen hori entzutea, baina telebistari erreparatzea baino ez dago, gure gizartea ere horrelaxe irudikatu litekeela ikusteko. Zerk agintzen du telebistan? Futbolak eta txutxu-mutxuen programek. Azken batean gazteak gizarte globalaren isla garbia dira.
Beraz, beste paralelismo bat eginez, Jone Mirenek ateratzen duen ondorioa da, eskola mistoa ez dela nahikoa izan gizartean berdintasuna lortzeko, eta, era berean, euskarazko eskola ere ez dela nahikoa izan euskara normaltasunez erabiltzeko. Hala ere, balantze positiboa egiten du, eskolak lan handia egin duela uste du. Bere esanetan, eskolagatik izan ez balitz gaur egun ez ginateke puntu honetan egongo.
Denak berdindu nahian dibertsitatea areagotu du eskolak bere ustez, denak euskaldundu nahian, abaniko zabal-zabala ireki du; oso-oso euskalduna denarengandik hasi eta ia euskaraz ez dakienean amaitzeraino, denacontinuum bat da eta hor barruan mota askotako jendea dago. Gaur egun beraz, aniztasun izugarri horri erreparatu beharra dago, oso gizarte konplexuan bizi gara, eta arazoei eman beharreko irtenbideak ere konplexuak izango dira.
1993an, 13-14 urteko gazteen %36k beti edo gehienetan euskaraz hitz egiten zuten gelan ikaskideekin; 2012an aldiz, Arrue proiektuan jasotako datuen arabera, %28k. Beraz, hor jaitsiera izugarria gertatu da. Baina non daude horren arrazoiak/aldagaiak? Eta batez ere, nola banatzen dira jaitsiera horren ardurak? Ardura guztia gazteena da? Jone Mirenek ez du horrela uste.
Erronka aniztasunarekin bizitzen eta hori kudeatzen ikastea
Beraz, gaur egun 13-14 urteko gazteen erabilera oso baxua da, baina horrek ez du zertan baliagarri izan etorkizuna irudikatzeko. Oraindik oso gazteak dira eta bizitzan aldaketa asko jasango dituzte, seguru samar ikusten da mugikortasuna ezaugarri nagusi izango dutela eta aldaketa handiak izango dituztela. Aldaketak ordea, beti ez dute zertan izan hizkuntza gutxituaren kaltetan, gerta liteke eremu erdalduneko gazte bat, unibertsitatera leku euskaldunago batera joatea eta hor identitate berria sortzea, euskaraz biziko dena. Gasteizko edo Iruñeko ikasle batzuei Donostiara unibertsitatera etorritakoan gertatzen zaien bezala.
Hitzaldiaren amaierara aldera aipatu zuen asko aldatu den eta aldatzen ari den gizarte konplexu batean gaudela, baina oraindik orain paradigma zaharrekin funtzionatzen jarraitzen dugula. Paradigma zaharkitu horren arabera euskara ikasten duen guztia euskaldun bihurtzen da eta identitate euskalduna hartzen du, eta gaur egun hori ez da horrela. Urteetan hizkuntzan jarri dugu arreta eta ez hiztunengan, horrela ariketa sinplifikatu egin dugu. Milaka gazte euskaldundu ditu eskolak baina bakoitzak bere modua dauka euskaldun sentitzeko eta praktikatzeko.
Beraz, erronka hauxe da; nola erakutsi gure gazteei dibertsitatean sozializatzen? Nola erakutsi dibertsitate hori kudeatzen, horrekin bizitzen eta are, nola egon harro horrekin?
Aste honetan, Andoni Egaña
Asteazkenean, martxoaren 6an, Andoni Egaña etorriko da, “Euskara, bestela ez gara” zikloaren baitan 3. hitzaldia ematera: “Zer egin dugu ondo? Zer gaizki?” izenburuko hitzaldia eskainiko du, Alondegian, 19:00etan hasita.
Egañak, euskararen egoeraren diagnostikoa egingo du. Euskal Herrian eta inguru hurbilean, ongi al goaz? Oker? Erdipurdi? Xahutu dugun indarra egoki xahutu al dugu? Zein izan dira indarguneak eta ahuleziak? Ondo identifikatuta al daude? Horiek hartu beharko dira kontuan etorkizunerako urratsak egiteko.
Andoni Egaña (Zarautz, 1961) Euskal filologian lizentziaduna, bertsolaria (4 aldiz txapelduna), idazlea, pentsalaria, ikerlaria. Euskararen egoerari buruzko hainbat hausnarketa egin izan ditu eta Berriako kolaboratzaile da.
Erantzun
Sartu