Geacron munduan izan diren gertakari historikoen mapa geopolitikoa da. Webgunean bertan azaltzen dutenez, mapa honen helburua mundu osoko gertakariak batera ikusteko aukera eskaintzea da, atlas interaktibo baten bidez. Egileen hitzetan, orain gutxi arte oso zaila zen lurralde jakin bateko gertaerak munduko beste eremu batean izandakoekin batera testuinguratzea. Horretarako sortu dute Geacron, mapamundi geopolitiko kronologikoa.
Mapa honek geure historiaren azkeneko 5.000 urteetan mundua nola aldatzen joan den ikustea ahalbidetzen du, bertan bizi izan diren tribu, kultura, komunitate, inperio eta estatuen bilakaera bistaratzeko aukera eskainiz.
Kristo aurreko 3.000. urtean hasi eta gaur arte. Aldaketa geopolitikoak ez ezik, bestelako gertakari nabarmenak ere ageri dira, hala nola gudak edo itsasoko nabigazioaren mugarriak.
Atlas honek ez dio ekarpen berririk egiten euskaldunon historiari eta historiaurreari buruz dakigunari, munduko beste herrialdeetako historiarekiko testuinguratzeaz gain. Baina gezi bati eraginez azken 5.000 urteotan eman diren adaketak mapa baten gainean modu kronologikoan ikusi ahal izateak badu nolabaiteko gaitasun hipnotikoa.
Ni euskaldunon lur eremuan fijatu naiz bereziki, Euskal Herrian, gutxi gora behera
Neolito-Kalkolito amaieran eta
Brontze Aro hasieran abiatuta. Egun Euskal Herria bezala ezagutzen dugun eremuan, baita Europako Hego Mendebaldean ere, "kanpai formako ontziaren kultura" ageri da Brontze Aroko lehen bi milurtekoetan (gutxi gora behera ari naiz). Brontze aro amaieran iberiarrak ageri dira eta zeltiarrak burdin aro hasieran, erromatarren inperioak agerraldia egiten duen arte.
Mapa honetan
baskoiak ez dira agertzen Kristo ondorengo 460. urtera arte. Kantabriarrekin batera irudikatu dituzte mapa honetan hasieran, bisigodoek inguratuta. 620. urtean desagertzen dira gure arbasotzat dauzkagun baskoiak, eta
Akitaniako Dukerria 629. urtean agertzen da, beti ere mapa honen arabera. Hego Euskal Herria bisigodoen menpe ageri da orduan eta Kordobako Emirerria nahiz Asturiasko Erreinua agertzen dira ondoren, hainbat urtetan Euskal Herria hiru eremutan zatituz. Halako batean, 842. urte aldera, bikingoak ageri dira itsasotik, bereziki Asturias alderantz, baina
jakina da geure kostaldean ere izan zirela.
906. urtean dago kokatua
Iruñeko Erresumaren jaiotza mapa honetan, eta biziki zabalduko da hurrengo urteotan. Gaztela eta Aragoiren menpe geratuko da hainbat aldiz XII. mende aldera
Nafarroako Erreinua sortzen den arte. Ordutik zatikatua agertuko da behin eta berriz Euskal Herria, ipar-mendebaledea Gaztelaren eskutan, ipar-ekialdea Akitainaren baitan, eta Nafarroako Erreinua zutik, 1512. urte aldera gaztelak inbadituta oso murriztua geratu eta XVI. mende amaieran frantziak bereganatzen duen arte.
Hortik aurrera
Karlistaldiak, Frantziako
Konbentzio Gerraren ondorioz izandako bataila eta setioak,
36ko Gerratea nahiz Gernikako bonbardaketa eta
Baionako Gudua bezalako gertakariak dira, besteak beste, euskaldunon izaera propioaren bereizgarri bakar (eta tristeak). Gutxi gehiagogatik bereizten da Euskal Herria Espainia eta Frantziako mugen baitan.
Mapa 2014. urtean eguneratu dute eta bertan azken urteotan independentzia eskuratu duten zenbait lurralde ageri dira dagoeneko, hala nola,
Hego Sudan. Ukrainako gertakariak, antza, mapa eguneratu ostean eman bide ziren,
Krimea oraindik Ukrainako mugen barruan ageri baita eta ez Errusiako errepublika gisa.
Estatuen baitako muga administratiboak ez dia ageri Geacron delako mapa interaktibo honetan. Akaso horregatik, deigarria egin zait nola euskaldunon izaera geopolitiko edo sozialak presentzia nabarmenagoa duen Kristo ondorengo V. mendean gaur egun baino, eta nola apenas duen presentziarik 1512an Nafarroako Erresuma Andorraren tamainako eremu batera mugatua geratu zenetik...
Oharra: Euskadi Irratiko amarauna saioan izan genuen hizpide gai hau, joan den igandeko blogarien tartean.
Erantzun
Sartu