Teknologia albisteak

Poeta bere labirintoan

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-17 : 08:46

Hasiera txukuna izan du 64. Zinemaldiak. "La fille de Brest" txukuna sail ofiziala hasteko, "Toni Erdam" harrigarria Perlak sailean, eta sekzio berean, gauez, "Neruda", luzexeago komentatuko duguna.

La fille de Brest

"Benetako gertaeretan oinarritua" irakurtzen duzunean, bazkalosteko telefilmak datozkizu gogora, eta egia da halakoen kutsua duela "La fille de Brest" Emmanuelle Berconek zuzendu duen filmak: Irène Franchon pneumologo bat da, Brest-eko ospitale batean ari dena (Bretainian). Bere gaixo batzuen arazoak ikusita, Mediator izeneko botika batek kalte egiten ote zien susmatu zuen. Gaia ikertu ahala, industria farmakologikoaren beso ahaltsuekin egingo du topo, eta hortik aurrera borroka latza etorriko da: mediku egoskor eta etsigaitza batetik, eta burokraziaren geldokeria eta lobbyen interes ilunak, bestetik. Estilo horretako pelikulen antzera, apur bat aurreikusgarria da nondik norakoa, eta alde horretatik luzetxo egiten da, baina Sidse Babett Knudsen aktore daniarraren lan indartsuak une oro pantailari adi egon gaitezen lortzen du, interesez eta jakin-minez. Aldeko beste puntu bat: paristarren jarrera harroputz eta gurasokeriazkoa bretoi "baserritarren" aurrean.

Toni Erdmann

Maren Ade alemanak zuzendu du "Toni Erdmann", eta kritikari europarrek ematen duten Fipresci sari prestigiotsua eraman du aurten. Komedia harrigarri eta ausarta da Aderena, aita-alaba harreman zail batean oinarritua. Ines Conradi goi mailako exekutibo gogor, langile, serioa da. Bere aita, berriz, pailazo ganorabako bat. Aita alabaren bizitzan sartuko da bat-batean, eta hortik aurrera… hobe ikustea. Ez du topikoekin zerikusirik. Ez du algara errazik bilatzen. Txorakeria eta absurdo pilatuen atzean, gizatasun sakona ezkutatzen du.

Neruda

Pablo Larrainek, "No" eta "El Club" azken film arrakastatsuen ondoren, "Neruda" dakarkigu orain (goiko irudian, fotograma bat), Chileko poeta gorenari buruzko filma: munduko poetarik ezagunena bere garaian, eta aldi berean munduko komunistarik ezagunena, Stalinen ondoren. XX. mendean hazi garen liburuzaleontzat mito bat izan da Pablo Neruda, eta Chilen askoz gehiago. Larrainek zer egingo zuen, jakin-min handia nuen nik behintzat. Ez du bio-pic bat egin, haren bizitzako une bateko pasartea kontatu baizik: 1948an, gerra hotzaren testuinguruan, Chilen komunisten kontrako ehiza hasten denean eta Neruda senatariak klandestinitatera igaro behar duenean.

Horrez gain, hagiografiatik ihesi, Nerudaren erretratu gaizto samar bat egin duela esan liteke: pertsonaia ponposo, nartzisista, bon vivant bat marraztuz, seguru asko erretratu erreala izango dena, baina bigarren mailan uzten dituena haren poesiaren handitasuna ("Puedo escribir los versos más tristes esta noche"ren errezitazio errepikakor eta barregarri samarrekin) eta jende xehearekiko konpromiso etengabea (Delia del Carril emaztearen erretratua askoz ere adeitsuagoa da, baita militatente komunista xeheena ere: Jara izenekoa adibidez, eta abizena ez da kasualitatea izango)

Filmak badu edertasun estetiko bat, tarteka barrokoa, surrealismo ukituren batekin, baina azkenerako luze jotzen du, eta Peluchonneau poliziarekiko joko metaliterarioa, niretzat behintzat, pedantea gertatzen da. Erdizka geratu da Larrain, bere talentu handia gorabehera.

Erantzun

Sartu