Zinemaldi batean ikus ditzakezu pelikula ederrak, kitzikagarriak, sujerikorrak, inspiratzaileak, bikainak, zoragarriak; eta baita ere aspergarri, motel, arraro, ulerkaitz, jasanezin eta amorragarriak. Kategoria horietan guztietan sartzeko moduko filmak ikusi ditugu Donostian, eta onartzen dugu. Apustu antzeko bat da; baldintza nagusia da hautatzaileek zinema desberdin, original, ausarta ekarri behar dutela, bere etikan edo estetikan arriskuak hartzen dituena, bere berritasun formalekin ikuslea txunditzeko edo proposamen tematikoarekin pentsarazteko. Egin behar ez dena da "Freeheld" bezalako zerbait programatu.
Idazle batek behin lan bat egin, lagun bati pasa, eta haren iritziaren zain geratu omen zen. Hurrena harekin topo egin eta, lagunaren aurpegi okerra ikustean, beldurrez galdetu omen zion: "Hain txarra al da?". "Txarra baino okerrago! Erdi-ona da!". Bueno, ba "Freeheld" ez da iristen "erdi-ona" izatera ere: besterik gabe, inongo ekarpenik eta ezusterik gabeko ikus-entzunezko produktu bat da, teknikoki txukuna baina artistikoki deus balio ez duena.
Argumentua, hitz gutxitan: Laurel (Julianne Moore) polizia bat da, armairutik atera gabeko lesbiana; Stacie (Ellen Page) ezagutu eta bikote egingo dira; gero Laurelek minbizia duela jakin, eta alargun-pentsioa Stacierentzat izatea nahi du, baina konderriko agintariek ezetz diote, bikote homosexuala delako. Hor hasiko da borroka bikoitza, minbiziaren kontra batetik eta diskriminazioaren kontra bestetik, bata bezala bestea hunkigarri eta negar eragile.
Zer besterik? Telebistan arratsaldea betetzeko botatzen dituzten telefilm horien tankera duela. Baten batek esan lezake joera sexual guztientzako eskubide-berdintasuna oraindik irabazi beharreko borroka dela. Ados, zortea izan dezala eta bide horretan lagundu dezala; baina bere buruarentzako errespetua eta prestigioa nahi dituen zinemaldi batean ez luke lekurik izan behar.
Erantzun
Sartu