Zinemaldiaren erdia baino gehixeago pasatu da; goiztxo da balorazioetarako, baina sail ofizialean bataz besteko maila eskastxo doala esateko moduan gaude, ikusitakoak ikusita. Atzo eta gaur ikusitakoen artean, film apal aipagarri eta kaxkar ahanzgarrien artean, bat nabarmentzen da, kalitatez eta indarrez: Ben Wheatley zuzendari britainiarraren "High Rise".
J.G. Ballard idazle ospetsuaren eleberri baten moldaketa omen da "High Rise", baina nobela ezagutu gabe ezin ezer esan iturri literario horren on-gaitzaz. Bai, ordea, filma indartsua dela bisualki, eta baita planteatzen dituen gaiei dagokienez ere, ikuspuntua tarteka manikeoa gertatzen den arren.
Laing doktorea etxe-orratz moderno batera joan da bizitzera; aurrerapen, erosotasun eta zerbitzu guztiak dituzte bertan, eta estatus seinale bat da bertan bizitzea; ez denentzat berdina, ordea, zenbat eta solairua garaiago, orduan eta gizarte-mailan gorago. Laing goi-goikoekin eta beheraxeagokoekin egongo da harremanetan, trepa sozialaren eta lekuko objektiboaren lana betez, aldi berean. Laster, arazoak sortzen dira, behealdean batez ere: argindarrik ez, janari-hornidurekin ere gorabeherak; protestak hasten dira, eta zailtasunak goraka doaz, bai geografikoki bai intentsitatez.
Sistema kapitalistaren alegoria esplizitua da (Royal du abizena atikoan bizi den etxearen arkitektoak; Wilder beheko bizilagunetan basatienak), eta klase-borrokaren irakurketa mekaniko samarra gerta liteke; alabaina, hondamendiaren crescendo-a indartsua da guztiz, haluzinazio eta zoramenezko zurrunbilo batean bageunde bezala; Kubrick anfetekin aipatu du Bereziartuak sarean; beste erreferentzia batzuk ere etorri zaizkigu gogora: American Psycho, Scorsese biolentoena... Txikikeria minimal gehiegi ikusi ondoren, ongi etorri gehiegikeria bisual hau!
Erantzun
Sartu